Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Arteen eta Kulturaren Kontseiluak kultura mezenasgoaren foru arau berria aztertu du

Arteen eta Kulturaren Kontseiluak kultura mezenasgoaren foru arau berria aztertu du

Egun jendaurreko fasean dago aurreproiektua.

Gaur arratsaldean, Arteen eta Kulturaren Kontseilua bildu da, laster Gipuzkoako Aldundiak onartuko duen kultura mezenasgoaren foru arau berria aztertzeko. Bileran, Jabier Larrañaga Ogasuneko diputatua izan da. Berak eman dizkie kontseilukideei aurreproiektuaren xehetasunak. Foru arau berria Ogasuneko Departamentuak eta Kulturakoak egin dute elkarrekin.

Foru arau berriak pizgarriak ematen dizkio kultura mezenasgoari. Egun jendaurreko fasean, kultura finantzatzeko funtsei zerga tratamendu hobea ematen die.

Aurreproiektuak zerga pizgarri esanguratsuak aurreikusten ditu partikularrentzat PFEZren bidez, % 35 bitartekoak, eta enpresentzat Sozietateen gaineko Zergaren bidez, % 20 artekoa. Baina, gainera, artista eta sortzaileei egiten zaizkien donazioek ere  –ez soilik erakunde publiko eta fundazioei– pizgarriak izango dituzte, hartara sorkuntza artistikoa sustatzeko eta finantzatzeko beste modurik ez duten pertsonei finantzaketa bideak zabaltzeko.

Testuak abantaila horiek izango dituzten proiektu kulturalak mugatuko ditu, eta irizpide batzuk ezarriko dira horretarako: proiektuen eta ondare kultural material eta immaterialaren ikerketarako jardueren eragina; sorkuntza artistikoaren eragina; balioa, prestakuntza artistiko eta kulturalari dagokionez; balioa, herritarren partaidetzari dagokionez; interesa, Gipuzkoako balio artistiko eta kulturalak kanpoan sustatzeari dagokionez; interesa, ikerketa kulturalak egiteari eta jarrera ikertzaileari dagokionez. Eta kultura jardueren garrantzia eta eragin soziala.

Edonola ere, kultura jarduerak bost alor izango dira: zinema, bere adar guztietan; arte eszenikoak; arte plastikoak; alor editoriala; eta kultura ondarea.

Arteen Kontseiluaren zereginak zabaltzen dira

Arteen Kontseilua Kultura Departamentuaren ekimenez legealdi honetan sortu zen, eta Gipuzkoako gizartea sortzaile eta kultura eragileen bidez ordezkatzen duen organo bat da. Partaidetza eta topaketa gune bat da, baina, batez ere, Gipuzkoan burutzen diren edo burutu beharko liratekeen kultura politiken azterketa, hausnarketa eta eztabaida gune bat.

Arau berriarekin, Kontseilu honek zeregin gehiago izango ditu. Izan ere, Aldundiak duen asmoa da Kontseilu honek kultura proiektuen egokitasuna ebaluatzea, inoiz donazio bat jasotzen badute mezenasentzako zerga pizgarriak jasotzeko.

Plataforma honek kultura sorkuntzaren, hedapenaren eta kontsumoaren erronkak aztertzen ditu, eta Kultura Departamentuarekin lanean ari da, kultura Gipuzkoarako aberastasun, jarduera ekonomiko eta enplegu iturri gisa sustatuko duten politikak definitzeko.        

Kontseilua gizarteko hainbat arlo ordezkatzen dituzten ospe handiko profesionalez osatu dago. Arlo horiek dira, besteak beste, kultura, literatura eta pentsamendua, musika, ikus-entzunezkoen sektorea,  arte eszenikoak, arte garaikidea, kultura digitala eta ondarea. Kontseiluko kide dira Rocío Peña Azpilicueta, Cristina Beloqui, Helena Pimenta, Ainhoa Garmendia, Iñigo Argomaniz, Iñigo Alberdi, Jon Maya, Luisa Etxenike, Fernando Bernues, Juan Aizpitarte, Felipe Juaristi, Lorena Fernández, Miren Aperribay,  Andoni Egaña eta Borja Cobeaga.

 

  

1798