Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Carlos Muguiro izango da Aldundiak sustatutako Zinema Eskolako zuzendaria

Carlos Muguiro izango da Aldundiak sustatutako Zinema Eskolako zuzendaria

Esperientzia azpimarragarria du zinemako programatzaile, sortzaile, irakasle eta ikertzaile modura

2017/04/26

Carlos Muguiro izango da Aldundiak sustatuta Tabakaleran sortuko den Zinema Eskolako zuzendaria. Horretarako deitua zen lehiaketan, epaimahaiak erabaki du “La hipótesis del cine” proiektua izendatzea irabazle, Muguiro kudeatzekoa den proiektua, hain zuzen. Aldundiak deitutako lehiaketan beste lau proposamen aurkeztu dira.

“Proiektuak zinemaren pedagogia zorrotza du abiapuntu, eta modu arrazoituan egokitzen da eskola kokatzen den ekosistema osatzen duten hiru erakundeen -Tabakalera, Euskadiko Filmategia eta Donostiako Zinemaldia- testuingurura eta lan esparruetara. Garapen bikaina du eta eskola eredu berritzaile eta berezia proposatzen du, proiektu honek planteatzen duen ideiarekin goitik behera bat datorrena. Muguirori dagokionez esan beharra dago esperientzia azpimarragarria duela zinemako programatzaile, sortzaile, irakasle eta ikertzaile modura”, esan du Denis Itxasok, Kultura Diputatuak.

Aldundiak zuzendari hautatu berriak aurkeztuko du datozen egunotan eta Eskolan garatuko den proiektuaren xehetasun eta ezaugarriak azalduko ditu. Oinarriek zioten moduan, proiektuak hiru ezagutza arlo hartuko ditu funtsean: zinema sorkuntza eta zuzendaritza; zinema ekitaldien kudeaketa eta plangintza; eta filmen artxiboa, katalogazioa eta zaharberritzea.

Carlos Muguiro 1966an Elizondo herrian jaioa da, eta gaur egun Zinema Dokumentalaren espezialitateko burua da Madrileko Erkidegoko Zinema Eskolan (ECAM), non curriculumaren disenatzaile izan baitzen, eta irakaslea Nafarroako Unibertsitateko Komunikazio Fakultatean.

Zinema sorkuntzaren arloan, Sergio Oksmanekin batera, Goodbye, America (2006), Notes on the Other (2008), A Story for the Modlins (2012), eta O Futebol (2015) filmen zuzendaria izan da.

Zinema programatzaile gisa, “Punto de Vista de Navarra” jaialdiaren sortzaile izan zen, baita jaialdiaren zuzendari artistiko ere 2009 arte. Komisario gisa, atzerabegirakoak eta programak zuzendu izan ditu Madrileko Reina Sofia Museo Nazional eta Arte Zentroan, baita Dokumenta Madrid eta Zinebi jaialdietan ere. Epaimahaikide izana da hainbat zinemalditan, besteak beste, FidMarseille (Frantzia), Visions du Réel (Nyon, Suitza), Festival dei Populi (Florentzia, Italia) eta DocLisboa (Portugal) jaialdietan.

Liburuak ere argitaratu ditu, besteak beste: Antología de jóvenes escritores cubanos post-sovieticos (2005-2010); El cine de los mil años. Historia y estética del cine documental japonés; Ver sin Vertov. Una introducción a cincuenta años de cine de no-ficción ruso y soviético (1954-2004); eta El hombre sin la cámara. El cine de Alan Berliner/ The Man Without the Movie Camera. The cinema of Alan Berliner

Zuzendaritzako Katedraren koordinatzailea izan da San Antonio de los Bañoseko Zinema eta Telebistako Nazioarteko Eskolan (Kuba), eta irakasle bisitaria Cambridgeko Unibertsitatean (Erresuma Batua). Ikerkuntzaldiak egin ditu Pariseko Cinémathéque Française-Musée du Cinema-n eta Habanako Cinemateca Cubana-n.

Muguiro Humanitate doktorea da  Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitatean (Doktoretzako Sari Berezia eskuratuta), Komunikazioko lizentziatua Nafarroako Unibertsitatean eta Zinema Zuzendaritzako diplomatua Madrileko Erkidegoko Zinema Eskolan (ECAM).

Zine-eskola

Abiarazi nahi den proiektu pedagogikoak oinarritzat du eraikinean dauden ikus-entzunezkoei loturiko hiru erakundeen lan esparruak integratzea; Euskal Filmotekarena, Donostiako Zinemaldiarena eta Tabakalera kultur proiektuarena, alegia.

Eskolak hiru arlo izango ditu:

  • Filmak artxibatzea, katalogatzea eta zaharberritzea. Filmotekaren esparruan. Zainketa, memoria eta historia barne hartuta.
  • Ekitaldi zinematografikoen kudeaketa eta planifikazioa: Zinemaldiaren arloko programazioa, festibalen antolaketa, kritika…
  • Zine sorkuntza eta zuzendaritza: Tabakalera kultur proiektuaren esparruan, ikus-entzunezko lengoaia, irudia, soinua, narrazioa…

Zentru honek ikus-entzunezkoen prestakuntza osagarria eta espezializatua eta sortzaileei zuzenduriko laguntza sustatu nahi du eta Gipuzkoan sektore hau sendotze bidean etorkizunerako oinarriak jarri nahi ditu.

Tabakalerak beheko solairuko 539 m2-ko espazioa utzi dio  Aldundiari datorren 25 urteetarako espazio horretan eskolaren proiektua gauzatu ahal izateko. Egokitzeko lanak hasiak dira dagoeneko eta abuztuan amaituko dira.

 

  

1286