Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Bi artista marokoarrek gazteentzako tailerrak eskainiko dituzte Tabakaleran

Bi artista marokoarrek gazteentzako tailerrak eskainiko dituzte Tabakaleran

Honela amaiera emango zaio Alam-Al-Mithal nazioarteko lankidetza-proiektuari, Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatua Gipuzkoa Coopera programaren bidez.

Annssi Medhi eta Abid Ayoub artista, muralgile eta komiki-idazleek Donostian bizi diren gazteentzako tailerrak egingo dituzte, gaur eta bihar, espazio publikoa sortzen den moduei buruz hitz egiteko eta eztabaidatzeko.

Tailer horiekin emango zaio amaiera TabakalerarenAlam-Al-Mithal nazioarteko lankidetza-proiektuari, Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatua Gipuzkoa Coopera programaren bidez

Tabakalerak zenbait tailer antolatu ditu asteburu honetarako, Alam-Al-Mithal (Mundua iruditan) proiektuarekin jarraitzeko asmoz. Proiektu horren helburua da artista gipuzkoar eta marokoarren lan grafiko eta artistikoak bilduko dituen egunkari-mural bat egitea. Gainera, muralean lehen pertsonan idatzitako kontakizunak jasoko dira, bi testuinguruetako eragileekin gauzatutako prozesu kolektiboen bidez sortuak.

Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatzen du proiektu hau, Gipuzkoa Coopera programaren barruan. Orain dela ia hilabete jarri zen abian ofizialki; hain zuzen, Tabakalerako ordezkariak eta zenbait artista euskaldun Casablancan (Maroko) izan ziren proiektuari hasiera emateko.

Bisita horretan proiektuko lehen tailerrak egin ziren, komunitate marokoarreko hainbat kultur eragileren parte-hartzearekin. Nagusiki emakumeek eta gazteek parte hartu zuten. Tailerrak Les Étoiles de Sidi Moumen zentro kulturalean egin ziren, eta Isabel Herguera eta Olatz Otalora artistak aritu ziren horiek antolatzen, besteak beste.

TABAKALERAKO TAILERRAK

Artista euskaldunak tokiko komunitatearekin batera lan egiteko asmoz joan ziren Marokora; bada, aste honen hasieran Annssi Medhi eta Abid Ayoub artista, muralgile eta komiki-idazle marokoarrak etorri dira Donostiara, antzeko helburuarekin.

Astelehenetik, abenduaren 11tik, harremanetan egon dira Donostian bizi diren eta Tabakalerako Harrotu ileak! proiektuan parte hartu ohi duten zortzi gazterekin. Sortzaileek proposatutako zenbait dinamikaren bidez, espazio publikoa nola sortzen den aztertu dute, zein erabilera ematen diogun espazio horri, zein arauek osatzen duten eta duen izaera gatazkasua.

Gaur eta bihar, abenduaren 15ean eta 16an, jende gehiagok ere parte hartuko du tailerretan; izan ere, interesa duten beste gazte batzuei ere horretarako aukera emango zaie.

Elkartze honekin planteatutako erronka hau da: guztien artean komiki bat sortzea gazte hauetako batzuen bizipenetatik abiatuta. Horretarako, lehendabizi solasaldi-prozesu bat garatu dute, eta bertan garrantzi berezia izan du lehen pertsonako kontaketa egitea norberak.

EMAITZAREN ERAKUSKETA

Lankidetza-proiektu honi amaiera emateko, bi hirietan eginiko lanak ikusgai jarriko dira, egunkari-mural baten bidez, Casablancako leku publiko batean eta Donostiako beste batean, oraindik zehaztu gabe badaude ere.

ELKARRIZKETAK

Salah Malaouli kultur kudeatzaile eta traduktologoa elkarrizketatzeko aukera egongo da. Malaoulik Espainiako eta Marokoko hainbat jaialditan hartu du parte eta hainbat kultur proiektuen antolaketan lagundu du, besteak beste: Bcn Mp7 hip hop Casablanca; BAFF anime 2010; Festival Slam Klam; El Uno y el Múltiple, Pedro Solerrek komisariatutako egonaldi- eta erakusketa-proiektu bat; eta Summer of Labs, Nantes, Donostia, Bilbo, Vigo, Guimarach eta Casablancan antolatzen den proiektua. Opentaqafa plataformaren fundatzailea eta arduraduna izan da.

  

1316