Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Atletismoko Errege eta Erreginaren kopa Donostiara itzuliko da lau urte geroago

Atletismoko Errege eta Erreginaren kopa Donostiara itzuliko da lau urte geroago

Lehen aldiz, Gipuzkoako hiru klubek parte hartuko dute

Belodromoko pista berriaren estreinaldia izango da.

Gipuzkoako Atletismo Federazioak antolatuta, eta Aldundiaren babesarekin, Errege kopa (LaLigaSports kopa) eta Erreginaren kopa (Iberdrola kopa) ospatuko dira larunbat honetan Anoetako Antonio Elorza belodromoan, eta egungo atleta nazional hoberenetako asko bilduko ditu.

Aurten, kopa honek beste pizgarri bat du Lurraldearentzat; izan ere, lehen aldiz, Gipuzkoako hiru talde arituko dira nor baino nor. Hauexek dira: Atlético San Sebastián, Bidasoa Atletiko Taldea eta Real Sociedad. Ohorezko mailako Gipuzkoako hiru taldeak bertan izatea sailkatu diren taldeen artean (8 emakumezko eta 8 gizonezko) historikoa da Gipuzkoako eta Euskal Herriko atletismoarentzat», azpimarratu dute Gipuzkoako atletismoaren eta kirolaren arduradunek.

Aurten beste berezitasun bat ere izango da. Izan ere, Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako inbertsioaren ondorioz, belodromoak material sintetiko berri bat du, urdina oraingoan, zeinaren gainetik oso azkar korrika egiteko modua izango baita. Pista berriaren estreinaldi ofiziala izango da.

«Gipuzkoako atletismoarentzat, harrotzeko modukoa da hain txapelketa garrantzitsua, bertan izango direlarik Espainiako emakumezko eta gizonezko zortzi talderik onenak, Donostiara etortzea. Aldundian, gure lankidetza eskaini dugu tartana berritzeko eta pista egokitzeko, beti gure atleten mesederako, hartara baldintza bikainenetan garatu daitezen. Orobat, albiste bikaina da belodromoak hain maila goreneko txapelketa bat hartzea. Gure atleta gazteek aukera izango dute atleta nazional onenen aurka etxean lehiatzeko, eta hori motibazio bat eta helburu bat da gazteenentzat», esan du Itxasok.

Txapelketa 16:00etan hasiko da. Lehenik, emakumeek parte hartuko dute Iberdrola kopan. Eta 18:30ean, gizonen txapelketa hasiko da, 21:00ak arte luzatuko dena. Guztira, txapelketa bakoitzean 13 proba puntuagarri daude, eta proba bakoitzean taldeek atleta bana aurkeztuko dute. Puntuak batzen dira (irabazleak zortzi, azkenak bat), eta sailkapena ezartzen da. Taldeak hauek izango dira:

Gizonak: FC Barcelona, Playas de Castellón, Fent Camí Mislata, Tenerife CajaCanarias, Alcampo Scorpio 71 de Zaragoza, Atletismo Numantino, AD Marathon de Madrid eta Real Sociedad.

Emakumeak: Valencia Esports, Playas de Castellón, FC Barcelona, AA Catalunya, Grupompleo Pamplona, AD Marathon, Super Amara BAT eta Atlético San Sebastián.

Errege kopa eta Erreginaren kopa 1982tik ospatzen da, eta Gipuzkoako hiriburuak 1985ean hartu zuen lehen aldiz. Guztira, gaur arte, Donostia hamabi aldiz izan da proba hauen egoitza, azkena 2015ean.

 

 

  

1579