Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gehiago gutxiago denean

Gehiago gutxiago denean

Joan den azaroaren 25eko Emakumeen aurkako Indarkeriaren Nazioarteko Egunaren harira, Gipuzkoako Foru Aldundiak garbitan ipini du 2018 urte honetako "argazki finkoa".

2018/12/03

Miren Elgarresta, Berdintasunareko Organoaren zuzendariaren iritzi artikulua.

Kontaketa egitea ez da erraza, eta ez bakarrik nabarmen zaila delako bizitzaren arlo guztietan emakumeoi eragiten diguten indarkeriazko egoera guzti-guztiak islatzea. Baita ere jakin badakigulako zifra bakoitzaren atzean bizitza bat dagoela. Eraso bat jaso duen emakumea, beldur den emakumea. Eta berdin-berdin, zenbaki horietako bakoitzaren atzean gizon bat dago, emakume bati eraso egin dion edo emakume bat ikaratu edo umiliarazi duen gizon bat. Ez, ez da erraza emakumeen aurkako indarkeriari zenbakiak jartzea: kasu gehiegi dira beti, eta min gehiegi da beti.

Amaitzera doan 2018 hau mugarria izan da, erantzun globala eman delako, inoiz ez bezalakoa, desberdintasunen aurrean; behintzat, agerikoenak diren horien aurrean, indarkeria fisikoak eta sexu indarkeriak esaterako.  Badira esaten dutenak aurtengoa emakumeen urtea izaten ari dela, mugimendu feministak hainbeste urtetan zehar aldarrikatu eta salatu dituenak, azkenean, gauzatzen ari direla, olatu partekatu batean. Baikortasun moderatu horretan egiatik asko dago, baina ezin gara hor geratu. Nahiago dugu pentsatu 2018. urteak itzulbiderik ez duen puntua markatu duela, azkenean, berandu baino lehen, berdintasuna bermatzeko gai izatera eraman behar gaituen aurrerapen historikoko prozesu batean.  Eta ez gara ari berdintasun formalaz, hitzezko berdintasunaz, benetako berdintasunaz baizik, ekintzetan ikusten denaz. Berdintasun transbertsala bilatzen dugu, eta baita errotikakoa ere: lehena, gure bizitzaren arlo guztietan behar dugulako berdintasuna, eta bigarrena, batzuk zein besteak desberdinak direla eta tratu desberdina merezi dutela sinetsita duen gizartearen erroetara jo behar dugulako. Oinarri horren gainean eraikitzen baitira desberdintasun estrukturalak, eta, horien artean, desberdintasun horien ondorio dramatikoena: emakumeen aurkako indarkeria.

Indarkeria ezin dugu bereizi indarkeria hori sortzen edo naturalizatzen duen testuingurutik. Horrela ulertu du Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta, horregatik, urte hauetan garatu ditugun lan ardatzek aldi berean egin diete aurre bai kausei, bai ondorioei ere. Emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko tresna nagusia Aurre! Plana da, eta plan horren azken emaitza da emakumeen aurkako indarkeriei erantzuteko protokoloa, zeinak koordinazio mekanismoak ezartzen baititu, Lurraldeko herri guztietatik era homogeneoan erantzuteko.

Abian jarri zenetik, protokoloa 27 unetan aktibatu da. Sexu erasoak izan dira gehien salatu direnak eta mekanismo hau gehienetan aktibatu dutenak, baina ez dugu geure burua engainatu behar: beti gogoan izan behar dugu indarkeriak adierazpide ugari dituela, eta oraindik urrun gaudela indarkeria guztiak salatzen direla pentsatzetik. Aurten, Gipuzkoan 2.304 biktimek eskatu diote polizia babesa Ertzaintzari, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren datuen arabera. Gainera, 8 emakumek eskolta iraunkorra dute beren erasotzaileengandik babesteko, eta une honetan 1.164 urruntze agindu daude indarrean. Gipuzkoan gertatzen ari da hori, gugandik gertuen dagoen ingurunean, gure kaleetan eta gure etxeetan. Pentsa dezagun zenbaki hotz horien atzean dauden errealitateetan.

Protokoloa uda sasoian aktibatu da gehien, jai giroarekin, herriko festekin eta, oro har, bizitza sozial handiagoarekin lotzen dugun garai horretan, batez ere jende gaztearentzat. Hain zuzen ere, gizartean oihartzun handia izateagatik, kezka sortu dute, noski, gizon gazteek emakume gazteen aurka egindako indarkeria kasuek.

Gazteek emakumeen aurkako indarkeriari dagokionez duten jarrerari buruz hainbat erakundek sistematikoki egiten dituzten azterketa guzti-guztiek erakusten dute kontzientziazio eta konpromiso maila gero eta handiagoa dela, eta zenbait kasutan gaitzespena ia erabatekoa dela. Baina, hala ere, jai giroan ematen den sexu indarkeriak iraun egiten du. Aurten ezagutu ditugun kasu guztiek lana indartzera deitu gaituzte, batez ere gazteekin, noski, baina baita gizartearekin oro har ere; izan ere, gizarteak tolerantzia, diskriminazio eta onespen mezuak igortzen jarraitzen du oraindik ere. Ezin dugu lasaikerian erori.

Datuek erakusten diguten egoera onartezina da, eta, hala ere, esan dezakegu «gehiago gutxiago dela», kontraesana dirudien arren. Ez da intuizio bat: konstatazio bat da.

Batetik, «salaketa gehiago» egoteak ez duelako esan nahi, ezinbestean, indarkeria gehiago dagoenik; aitzitik, esan nahi duena da indarkeriaren aurrean tolerantzia indibidual eta kolektibo txikiagoa dagoela. Gizarte berdinzaleenak dira indarkeriarenganako tolerantzia txikiena dutenak, indarkeria gutxien ulertzen dutenak.

Bestalde, gero eta emakume eta gizon gehiago atera kalera erasoak salatzera, orduan eta espazio gutxiago inpunitatearentzat. Kalera irten eta, amorruz eta inpotentziaz, erasoak salatzen ditugun bakoitzean, gogoan izan behar dugu geure aletxoa jartzen ari garela, indarkeriazko jarrerentzako espazioak murrizten laguntzen baitugu.  Gero eta arbuio gehiago, orduan eta matxismo gutxiago. Gero eta kontzientzia gehiago, orduan eta arnas gutxiago erasotzaileentzat eta eginaz edo egin ezaz erasoak onartzen dituztenentzat.

Horregatik, larritasuna larritasun, garbi dago zein den bidea: ikusaraztea, salatzea eta erantzun sozial eta instituzionala ematea. Bide horren amaieran dago geure buruari jarri diogun helburua: emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko Gipuzkoa, eta desberdintasun gutxien dituen Gipuzkoa.

Eta bide horretan ez dago lasterbiderik. Gizarte osoaren konpromisoarekin eta elkarlanarekin bakarrik lor daiteke. Erakundeok asko aurreratu dugu koordinazioari dagokionez, bai barne koordinazioari dagokionez, bai mugimendu sozial eta feministekiko koordinazioari dagokionez. Asko aurreratu dugu, bai, baina jarraitu egin behar dugu, irakaspenak ulertu behar ditugu, eta hobetu egin behar dugu. 

Aurrerapauso gehiago emateak bermatuko baitu desberdintasun gutxiago egotea.

 

 

  

1400