Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Datozen lau urteetan, Bidegik 32 milioi bideratuko ditu bere diru sarreretatik mugikortasun jasangarriko politiketan inbertsio berriak egitera

Datozen lau urteetan, Bidegik 32 milioi bideratuko ditu bere diru sarreretatik mugikortasun jasangarriko politiketan inbertsio berriak egitera

• Eider Mendoza diputatu nagusiak eta Jose Ignacio Asensio diputatu nagusiordeak azpimarratu dute neurriak herritarren "ongizatean" eta "garraiobideen jasangarritasunean" eragingo duela. • Dagoeneko abian dauden politika publikoei egindako ekarpen "gehigarri" horrekin, Aldundiak inbertsioa egingo du errepideko garraioaren emisioak murrizten, autobusen eta garraio sektorearen energia-eraginkortasuna hobetzen, eta bidegorrien sarea eta intermodalitatera bideratutako azpiegiturak garatzen.

Gipuzkoako Foru Aldundia

Datozen urteetan, Bidegi foru sozietateak bere diru sarreren partidatik 32 milioi euro bideratuko ditu datozen lau urteotan, lurraldean mugikortasun jasangarria indartzera bideratutako politika publikoetan inbertitzeko. Hala jakinarazi dute gaur goizean Gipuzkoako diputatu nagusi Eider Mendozak eta lehen diputatu nagusiorde Jose Ignacio Asensiok, foru gobernuan adostutako neurri horren berri emateko antolatu duten prentsaurrekoan. Bi foru ordezkariak bat etorri dira azpimarratzean ekimen horrek eragin egingo duela pertsonak eta salgaiak garraiatzeko moduak eta ohiturak "jasangarriagoak" izan daitezen, bai eta trafikoari lotutako emisioak murrizten ere, eta, beraz, "eragin positiboa" izango du gipuzkoarren ongizate integralean.

Gipuzkoako Batzar Nagusiek aurtengo otsailean aho batez egindako eskaerari erantzuten dion neurri "berritzaile" horrek irizpide hau ezartzen du: Bidegiren diru sarreretatik zati bat zeregin horretara bideratzea, politika berrietan inbertitzeko: errepideko garraioaren emisioak murrizteko, autobusen eta garraio sektorearen energia-efizientzia lortzeko, bidegorrien sarea garatzeko eta intermodalitatera bideratutako azpiegiturak sortzeko. Mendozak eta Asensiok defendatu dutenez, Gipuzkoan garraio publikoaren eta mugikortasun jasangarriaren alde dauden politika "aurreratuei" egindako ekarpen "gehigarri" bat da hau, eta, gainera, Bidegiren jarduera zabaltzen du, "erabiltzaileen ongizatea azpimarratuz", baita ingurumenean eragin txikiagoa izango duen mugikortasun bateranzko eraldaketa ere.

Eider Mendoza diputatu nagusiak adierazi duenez, neurri hori Gipuzkoako bide sareak "etapa berri" bati aurre egiten ari zaien unean iritsi da, "Gipuzkoako biribilgunea" deritzona burutu eta errepideen mantenua bermatzeko finantzaketa-esparrua finkatu ondoren. Bide azpiegiturak eguneratzean eta mugikortasun adimendun eta jasangarriko parametro berrietarantz aurrera egitean zentratzen da ahalegin hori, gaur egun. Adierazi duenez, partida berri horiei esker aktibatuko diren ekimenen bitartez, aurrera egingo da lurralde kohesioan, lurraldearen "karbono aztarna" murrizten eta mugikortasun "eraginkor, jasangarri, irisgarri eta seguru, eta pertsonengan zentratu bat" lortzen, bai eta garraio sektoreari mugikortasun "berdeago" bateranzko trantsizioan laguntza ematen ere.

Pertsonei eta sektoreari laguntzen diegu

“Egungoa bezalako momentu kritiko batean, aldaketa klimatikoaren aurrean ahaleginak indartzeko garaia da eta gure baliabideak biderkatuko ditugu, mugikortasun jasangarriaren aldeko inbertsioak azkartzeko, garraio publikoa, jasangarria eta lehiakorra sustatuz, bidegorri sarea hedatuz, eta bestelako azpiegitura intermodalak sortuz. Beste urrats bat emango dugu, jauzi bat, mugikortasun jasangarria eta ingurumenaren babesa sustatzeko asmoan, pertsonei lagunduz beren eguneroko bizitza erosoagoa eta seguruagoa izan dadin, bai eta garraioaren sektoreari ere, mugikortasun berdeago baterako trantsizioan. Eta foru gobernuaren barruko lankidetza estu batean oinarrituta egiten dugu hori", azpimarratu du.

Diputatu nagusiak azpimarratu duenez, Bidegi foru sozietatearen "sendotasunari" esker har daiteke neurri hori. Izan ere, Europako azken zuzentarauei jarraikiz, dagoeneko lanean ari da ildo horretan, bidesarietan aplikatutako deskontu planaren bidez. Plan horrek abantailak ezartzen dizkie garraio kolektiboari –pribatuari zein publikoari– eta salgaien garraiorako ibilgailu eraginkorrenei eta jasangarrienei, Astigarragako eta Oiartzungo garraio guneak eraikiz edo disuasio aparkalekuak handituz eta hobetuz.

Jose Ignacio Asensio diputatu nagusiorde eta Jasangarritasuneko diputatuak gaineratu duenez, Gipuzkoan aitzindariak izan gara mugikortasuna herritar guztien eskubide eta gizarte- eta lurralde-kohesiorako elementu gisa aldarrikatzen: "Gure MUGI ereduari eta gure garraio publiko kohesionatuaren zerbitzuari esker, Lurraldebus, mugikortasun irisgarria eta inklusiboa bermatzen dugu, arreta berezia jarriz herritar guztien eguneroko mugikortasun-premietan. Mugikortasun jasangarri eta sozial bat defendatzen dugu, pertsona guztiek berdintasunezko eskubidea izan dezaten aisialdian, hezkuntzan, lanean edo osasunean”.

Lau inbertsio eremu

MUGIko datuen bilakaerak goranzko joera erakusten du, bai erabilerari dagokionez, bai zerbitzu berriak sartzeari dagokionez. 2023a bere historiako urterik onena izan zen, 69 milioi bidaiarekin, aurreko urtean baino hamabi milioi gehiago, % 17ko gehikuntza suposatzen duena. Eta 2024ko lehen seihilekoko datuak % 17ko hazkundearen ildo beretik doaz. Era berean, eskaera historikoak izan diren bi zerbitzu berri integratu direla azpimarratu behar da: Loiuko aireporturako autobusa eta Pasaiako motorra.

Lurraldebusi dagokionez ere, balantzea oso positiboa da, emakiden berritzeekin, hala nola Buruntzaldekoa eta Bidasoa-Oarsoaldekoa; eta bidaiako deskontuak, txartelaren % 50 iristen direnak.

BIDEGIren diru sarreretatik ateratako urteko zortzi milioiak mugikortasun jasangarriko politiketan inbertitzeko erabiliko dira, lau ataletan banatuta, foru arduradunen akordio aurreratuaren arabera. Lehenik, errepideko garraioak eragindako kutsadura gutxitzearekin zerikusia duten proiektuetara bideratuko dira, garraio publikoko zerbitzuan hobekuntzak bultzatuz. Bigarrenik, baliabide berriak erabiliko dira ibilgailuen CO2 errendimendua eta energia-errendimendua hobetzeko, Lurraldebuseko zerbitzuko flota berrituz. Hirugarrenik, bidegorri sarea mugikortasun jasangarriaren alternatiba gisa garatzeko eta hobetzeko partidak aktibatuko dira, eta, laugarrenik, inbertsioak bideratuko dira intermodalitatea sustatzen duten azpiegituretara.

Asensio diputatuak honako hau adierazi du: "Gipuzkoan mugikortasun jasangarriko politikak ezartzea bereziki estrategikoa da neutraltasun klimatikoa lortzeko eta aldaketa klimatikoari aurre egiteko. Izan ere, berotegi efektua eragiten duten emisioen ia erdia trafikotik dator. Garraiobide ekologikoagoen erabilera sustatuz, hala nola bizikleta, garraio publiko eta kolektiboa eta emisio txikiko ibilgailuak, nabarmen murriztu ahal izango dugu garraioaren karbono-aztarna, berotegi-efektuko gasen emisioen arduradun nagusia”.

“Gainera, mugikortasun jasangarriago  baterako trantsizioak berrikuntza teknologikoa bultza dezake eta aukera ekonomiko berriak sor ditzake energia berriztagarriekin eta ibilgailu hibridoekin eta elektrikoekin lotutako sektoreetan. Sektore horieta jada gaude nazioartean ondo kokatuta. Mugikortasun jansagarriaren konpromisoari emandako 8 milioiko bultzada honek gure helburu klimatikoetara hurbiltzen gaitu, eta egungo eta etorkizuneko belaunaldientzako gizarte jasangarriagoa eta bizi-kalitate handiagokoa eraikitzen laguntzen digu ".

Foru gobernuak aurreikusten du gaur aurkeztutako akordioa lehenbailehen aktibatzea, Bidegiren Administrazio Kontseiluan onartu ondoren.

  

4563