Atzealdea

Deba-Mutriku errepidearen obrak 12 milioi eurotan lizitaziora ateratzea onartu du Diputatuen Kontseiluak

Foto Deba-Mutriku errepidearen obrak 12 milioi eurotan lizitaziora ateratzea onartu du Diputatuen Kontseiluak

Deba-Mutriku errepidearen obrak 12 milioi eurotan lizitaziora ateratzea onartu du Diputatuen Kontseiluak

Era berean, Gobernu kontseiluak ontzat eman du Dementzia alkoholikoen unitate berria zabaltzea Arrasateko San Juan de Dios Ospitalean

Deba-Mutriku errepidearen obrak 12 milioi eurotan lizitaziora ateratzea onartu du Diputatuen Kontseiluak

Diputatuen Kontseiluak gaur egindako bileran Deba eta Mutriku artean GI-638 errepidea hobetzeko eta oinezkoen pasabidea egiteko proiektua lizitaziora ateratzea onartu du. Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 12.377.092,64 €koa da eta lanak egiteko epea hamalau hilabete eta erdikoa.

 Aintzane Oiarbide, Bide Azpiegituretako diputatuak azaldu duenez, “proiektua idatzi eta aurkeztu genuenetik aldaketak izan ditu. Hasiera batean aurreikusten ez bazen ere, lizitaziora ateratzea onartu dugun proiektu honek hobekuntza nabarmenak ditu: bide gorria egingo da ibilbidearen zati batzuetan eta oinezkoen pasabideak altzairu herdoilezineko baranda izango du hormigoizkoa beharrean”. “GI-638 errepidea da Mutrikuk lurraldeko gainerako herriekin komunikatzeko duen ia bide bakarra eta obra honek nabarmen hobetuko ditu mutrikuarrek Gipuzkoako biribilgunera eta Mendaroko ospitalerako loturak”, adierazi du diputatuak.

Gauzatuko den proiektuaren helburua da, batetik, GI-638 errepidean plataformaren zabalerari dagokionez dauden gune arazotsuak hobetzea, eta, bestetik, geoteknikoki konprometituak diren eremuak finkatzea. Galtzada 3 metroraino zabalduko da eta ibilbideko bihurguneak eta punturik arazotsuenak leunduko dira. Jarduera nagusienak Ipitxarri bihurgunean eta Alkolea Muturrean egingo direla zehaztu du Bide Azpiegituretako diputatuak. Era berean, erantsi du proiektu honek nabarmen hobetuko duela errepidearen trazatua. Zirkulazio handiko errepidea da, eguneko batez besteko intentsitatea 6.000 ibilgailukoa da, eta gainera, bi udalerri horiek lotzen dituen errepide bakarra da ia. Hobekuntza lan hauekin gidarien segurtasuna handitzeaz gainera, oinezko pasealekuarekin eta bide gorriarekin, herri hauetako biztanleak gure itsasertzeko paisaiaz gozatu ahal izango dute ibilaldi osasungarriak eginez, erantsi du Oiarbidek.

Bide Azpiegituretarako diputatuak azpimarratu nahi izan du, baita ere, obrak inguruko trafikoan izango duen eragina. Halako obra batek nahitaez sortu behar ditu eraginak. Hobekuntza lanek irauten duten bitartean, zirkulazio aldizkakoaz arautuko da trafikoa, baina bost bat hilabeteko tarte batean errepidea erabat itxita egongo da eta Kalbariogaineko aukera erabili beharko da, aurreratu du Aintzane Oiarbidek.

GI-638 errepidearen hobekuntza obra 2018 urte amaierarako adjudikatuta egongo dira eta 14 hilabete eta erdiko exekuzio epea dutenez, 2020ko lehen hiru hilekoan amaituta egotea aurreikusten da.

           

 

Dementzia alkoholikoen unitate berria Arrasaten

 

Halaber, Gobernu kontseiluak ontzat eman du Dementzia alkoholikoen unitate berria zabaltzea Arrasateko San Juan de Dios Ospitalean, 15 plaza eskainita. Foru baliabide berri hori, bihartik aurrera martxan jarriko dena, ospitale gune horretako “Unitate Psikogeriatrikoan” dago, horrela banatuta: 7 banako gela eta gela bikoitz bat teilatu azpiko solairuan, eta 3 gela bikoitz 3. Solaiuran. Unitate horretako erabiltzaileen profila honako hau da: bakarrik dauden pertsonak (ezkongabeak, bananduak edo dibortziatuak), 50 eta 75 urte bitartekoak, beren bizitzan hainbat diagnostiko izan dituztenak, hala nola, droga-menpekotasuna, alkoholismoa, ludopatia, buruko nahasmenduak eta portaera asozialak.

 

Gizarte Politikako diputatuak azaldu duenez, pertsona horiek “zailtasunak” dituzte beraien giza harremanetan eta elkarbizitzan, baita “mugak eta arauak” onartzeko orduan ere. Eta gaineratu du pertsona horiek ospitaleratzearen arrazoia dela euren “osasun egoera –kronizitate handia eta hainbat patologia tarteko-, gizarte laguntza falta edo/eta etxebizitza faltagatik”.

 

“Beraz, unitate berri honek beharrizan horri erantzun nahi dio, profil hori duten pertsonei arreta integral eta jarraitua emateko”, adierazi du Peñak; baita nabarmendu ere toki hori hautatu dela bai unitatearen “ezaugarri fisikoengatik” (euste gunea du, baina baita eremu irekiak ere), bai San Juan de Dios ospitaleak duen eskarmentuagatik “profil mota horiek” tratatzeko orduan.

 

  Bestalde, Gobernu kontseiluak onartu du 10 plaza hitzartzea Donostiako Berriz 1 egoitzan, irailaren 15etik aurrera, entitateak desgaitasuna duten pertsonei egoitza zerbitzua eskaintzeko. Zerbitzu horietako eskatzaileen itxaron zerrenda aztertu ondoren, nahikoa aurrekontu dagoenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak egoitzaren alde 121.448,94 euroko gastua egingo du, aipatutako kontratu programak 2018an eragingo dituen obligazio ekonomikoei erantzuteko. Berriz 1 egoitza Antigua auzoko Benta Berrin dago eta 960 m2 ditu.