Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Deban, Zumaian, Getarian eta Orion ospatuko da Nazioarteko Flysch Organo Zikloaren VIII. edizioa, uztailaren 1etik 30era bitartean

Deban, Zumaian, Getarian eta Orion ospatuko da Nazioarteko Flysch Organo Zikloaren VIII. edizioa, uztailaren 1etik 30era bitartean

Kontzertu bat goizez eskainiko den lehen aldia izango da. Uztailaren 22an izango da, 12:30ean, Deban. Horrez gain, ongintzazko bi kontzertu eskainiko dira AFAGI eta AECC elkarteen alde.

2023/06/23
Ciclo órgano Flysch

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura departamentuak gaur goizean aurkeztu du Nazioarteko Flysch Organo Zikloaren zortzigarren edizioa. Deba, Zumaia, Getaria eta Orioko udalek ere parte hartuko dute ekimen honetan.

Prentsaurrekoan izan dira María José Telleria Kultura diputatua, Haritz Alberdi Getariako alkatea, Miriam Romatet Zumaiako Kultura teknikaria eta Unai Manterola Orioko parrokoa.

Aurten ere, zikloak tresna solidario bihurtu nahi du. Bi elkartek parte hartuko dute zikloan: Afagi, Gipuzkoako senitartekoen, lagunen eta alzheimerra edo beste dementziaren bat duten pertsonen elkartea, eta AECC, Minbiziaren Aurkako Espainiako Elkartea. Bertaratutakoek borondatezko ekarpenak egitea da helburua, elkarte horiei laguntzeko. Ongintzazko bi kontzertu eskainiko dira baina hurrengo edizioetan kontzertu guztiak ongintzazkoak izatea da helburua.

María José Telleria kultura diputatuak adierazi bezala, “beste urtez batez, organo-kontzertuen ziklo hau jarri dugu martxan. Musika-tresna berezia da, joko den tokirako berariaz diseinatua izan dena, eta gure ondarearen zati garrantzitsua da. Gipuzkoako kostaldeko udalerrietan, uda hondartza baino gehiago da. Uda kultura da, ondarea da, musika da, eta moldakortasuna ere bada”.

Organoa, musika-tresna ezezagun hau, ezagutzera ematea da ziklo honen helburua, eta baita Gipuzkoako ondarea zaindu eta nabarmentzea ere, lurraldeko kultura- eta turismo-eskaintza erakargarriago egiteaz gain.

Programazioa

  • Orio. 2023ko uztailaren 1a, 20:00etan. Bihodi proiektua. Peio Irigoienek (txistua) eta Ignacio Arakistainek (organoa) osatutako duoa. San Nikolas eliza. Doako sarrera.

  • Zumaia. 2023ko uztailaren 9a, 21:00etan. Zinema, musikarekin. Mar Vaquék Lotte Reinigerren “Achmed printzearen abenturak” (1926) film mutuaren soinu-banda inprobisatuko du. San Pedro parrokia. Doako sarrera.

  • Getaria. 2023ko uztailaren 15a, 20:15ean. Enrique Abellok (tronpeta) eta Santiago Bandak (organoa) osatutako duoa.  AFAGIren aldeko ongintzazko kontzertua. San Salbador eliza. Doako sarrera.

  • Deba. 2023ko uztailaren 22a. 12:30ean.  Ahotsa, alemaniar barrokoan. Jone Martínez (sopranoa) eta Miriam Cepeda (organoa). Santa Maria eliza. AECCren aldeko ongintzazko kontzertua. Doako sarrera.

  • Deba. 2023ko uztailaren 29a. 20:00etan. Vivaldiren lau urtaroak. Miriam Hontana (biolina) eta Daniel Oyarzabal (organoa). Santa Maria eliza. Doako sarrera.

 Zortzigarren edizio honetarako aurrekontua 12.977 eurokoa da.

Organoak

Orio. Organoak transmisio mekaniko bidez funtzionatzen du, notetan zein erregistroetan. Eskuko hiru teklatu eta pedaldun bat ditu.  Musika-tresna honekin jarraipena eman nahi izan zaio Euskal Herrian dauden hainbat eta hainbat organoren tradizio sinfonikoari, hasiera batean organogile frantsesek (A. Cavaillé-Coll izenekoak, esaterako) sortutako eta ostean euskal organogileek mantendutako eskola jarraituz. San Nikolas elizako organo honek badu berezi egiten duen beste ezaugarri bat: funtzio didaktikoa du.

Getaria. San Salbador elizan dago organo hau. A. Cavaillé-Collek egin zuen 1860. urtean eta 8 erregistro ditu, estilo erromantiko frantsesean (horrelakoak ziren garai hartan). Erregistro horiek eskuko bi teklatutan eta pedaldun teklatu batean banatuta daude. Azken hori ez dago garatuta eta akoplamendu bidez egiten du soinua. Oso tamaina txikiko musika-tresna izan arren, erregistro bakoitzak sortutako soinuaren kalitatea paregabea da.

Zumaia. Stoltz anaiek beste altxor txiki bat utzi zuten Zumaian, San Pedro parrokian. 1890ean egindako organoa da eta estilo erromantiko frantsesa du. 15 erregistro ditu, eskuko bi teklatutan eta pedaldun teklatu batean banatuta. Musika-tresna hau aurretik zegoen XVI. mendeko organoaren kutxa barruan dago.

Deba. Gaur egun ere organoak egiten dira. G. Grenzing organo-enpresa ospetsuenetako bat da gaur egun eta haiek egin zuten Debako Organoa 2009an, Debako Santa Maria la Real elizarako. 37 erregistro ditu, eskuko hiru teklatutan eta pedaldun batean banatuta. Musika-tresna hau musika barrokoa jotzeko diseinatu zen, gehienbat. Hala ere, erregistro bakoitzaren soinu-kalitateari esker, beste garai eta estilo batzuetako musika ere jo daiteke.

  

2069