Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Desertifikazioaren aurka borrokatzeko Eguna

Desertifikazioaren aurka borrokatzeko Eguna

Gure Lurra. Gure etxea. Gure etorkizuna.

Desertifikazioaren aurka borrokatzeko munduko egunak, aurten, xedetzat du desertifikazioaren, lurraren degradazioaren eta migrazioaren arteko lotura estuari buruz kontzientziatzea. 15 urtetan soilik, 2000tik 2015era, munduko migrante kopurua 173 milioitik 244 milioira hazi da.

Desertifikazio terminoak ez dio erreferentzia egiten munduan dauden basamortu naturalen hedapenari, baizik eta Lurreko eremu arido, erdiarido eta subheze lehorretako zoruak  jasaten ari diren degradazio prozesuari, batez ere giza jardueraren eta aldaketa klimatikoen ondorioz.

Desertifikazio horren kausak, normalean, gure planetaren heren bat estaltzen duten eremu lehorretako ekosistema ahulen gainustiapena eta erabilera okerra izaten dira. Gaur egungo beste arazo asko bezala, desertifikazioa pobreziari eta ezegonkortasun politikoari lotuta agertzen den fenomenoa izaten da askotan.

Gipuzkoaren ikuspegitik, badirudi Planetako espazio zabal horiek jasaten duten desertifikazioa urrun dagoela gure eguneroko errealitatetik, baina, hala ere, gizarte gipuzkoarra Europako solidarioenetako bat da, eta egunero erakusten du, hainbat ekintzaren bidez. Izan ere, obligazio moral bat da mundu osoko eremu lehorretako ekosistemetan bizi diren 2.000 milioi pertsonei gure elkartasuna helaraztea, beraien bizigaiak ekosistema horien mende baitaude.  Eta, batez ere, ehun herrialde baino gehiagotan banatuta dauden arriskuko eremuetan bizi diren 1.000 milioi pertsonei, eta desertifikazioaren ondorioak dagoeneko bete-betean jasaten dituzten 250 milioi gizon, emakume eta haurrei.

Baina, gainera, ingurumena da Edward Lorenzen “tximeleta efektua” ongien islatzen duen esparrua.

“Bi mundu berdin-berdinetatik abiatuta ere, mundu batean tximeleta batek hegan egiten badu, hegoak astinduz, eta beste batean ez,epe luzera bi mundu horiek oso desberdinak izango dira; lehenengoan tornado izugarria gerta daiteke, eta bigarrenean ezer ez” adierazi zuen Nortonek.

Zalantzarik gabe, desertifikazioak, gertatzen den lekuan gertatuta ere, eragina izango du gure klimarengan eta, beraz, gure bizitzan.

Horregatik, desertifikazioaren ondorioak zuzenean sufritzen dituzten horiekiko elkartasuna erakusteko obligazioaz gain, gaur egun ezagutzen dugun Gipuzkoak horrela jarrai dezan lan egiteko obligazioa dugu. Eta hori soilik lortu dezakegu baldin eta gure Lurraldean jarduteaz gain, bat egiten badugu mundu osoak egiten duen elkartasunezko ahaleginarekin, orain batzuk aldatu egin nahi duten Parisko Akordioak islatzen duen ahaleginarekin alegia.  

  

1754