Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Desgaitasun intelektuala duten pertsonentzako Zarauzko eguneko zentro berritzaileak familiak, auzokoak eta komunitatea hartu ditu

Desgaitasun intelektuala duten pertsonentzako Zarauzko eguneko zentro berritzaileak familiak, auzokoak eta komunitatea hartu ditu

Desgaitasuna duten pertsonak zaintzeko Gipuzkoako sareak 833 plaza ditu eguneko zentroetan eta beste 994 etxebizitza eta egoitzetan. Zarauzko Garagunek 25 plaza ditu, eta aitzindaria da adimen-urritasun desberdinak dituzten pertsonak artatzen

Eider Mendoza eguneko zentroa

Zarauzko Garagune Aldapetako eraikin berrian dago, eta 2023ko hasieran jaso zituen lehen erabiltzaileak. Pixkanaka, 25 plazak bete dira, eta gaur, otsailak 1, ateak ireki dizkie familiei, auzokoei eta, oro har, komunitateari, udalerriko erreferenteei, boluntarioei eta Garagunerekin harremana dutenei. Zentro hori abian jarri da arreta-zerbitzu pertsonalizatu baten aldeko apustuaren baitan, komunitateko bizitzan parte har dezaten, erantzuteko Urola Kostako eskualdean laguntza-premia desberdinak dituzten pertsonei, lehentasuna emanez bizi diren ingurunean bertan edo handik gertu garatzeko aukera izateari.

Gaur, Garagunera egunero joaten diren 25 neska-mutilek, langileek eta Goyeneche Fundazioko zuzendari José Ángel Mendilucek harrera egin diete Gipuzkoako diputatu nagusi Eider Mendozari, Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatu Maite Peñari eta Zarauzko alkate Xabier Txurrukari.

Ongietorri bero baten ondoren, gonbidatuek instalazioak ezagutu eta erabiltzaileen eta haien familien bizipenak eta azalpenak entzun ahal izan dituzte. Diputatu nagusiak "izugarri" eskertu du Zarauzko Garaguneren gonbidapena, eta adierazi du zentro hori Gipuzkoako gizarte- eta zainketa-ereduaren "adibide bikaina" dela: "berritzailea, guztiz pertsonalizatua eta komunitateari irekia". "Erakundeen, irabazi-asmorik gabeko gizarte-erakundeen eta komunitatearen arteko lankidetzan oinarritutako eredua. Eredu zarete, hemen egiten ari zaretenak Gipuzkoako beste leku batzuetan egiten dena hobetzeko balioko duelako”, adierazi duenez, eta azaldu du zentro hau balioaniztuna dela eta horrek suposatzen duela akuilu izatea desgaitasun desberdinak dituzten pertsonak artatzen eta zaintzen diren beste zentro batzuetan ere planteamendu hori baliatzeko.

Hartara, Gipuzkoako Foru Aldundia aztertzen ari da eredu hau lurraldeko beste puntu batzuetara zabaltzeko aukera, “geroz eta berritzaile, pertsonalizatu eta komunitarioagoa” izango den zainketa eredu bateranzko trantsizioa azkartzeko estrategiaren baitan. Ibilbide hau lurralde guztiarekin partekatzen dugu, helburu baita Gipuzkoa zainketen abangoardian kokatzea. Mendozaren hitzetan, estrategia honen ezaugarririk azpimarragarriena da erakunde publikoen eta hirugarren sektore sozialeko erakundeen arteko elkarlana, “sustatzen delako komunitatean benetan txertatzea kalean bertan dauden ehunka baliabideei esker, ateak auzoari zabalduta dituztela, eta sustatzen dutelako auzokoekin eta komunitate guztiarekin harremanak izatea”.

Zarauzko alkatea pozik agertu da: “Zentro honek adimen-desgaitasuna duten pertsona horientzako jauzi kualitatibo handia ekarriko du, pertsona horietako asko zarauztarrak baitira. Hasieratik azpimarratu dugu Aldapetako proiektuaren funtzio nagusia

soziala dela, eta Aldundiaren lankidetzari esker, azken emaitzak nabarmen hobetzen ditu gure hasierako itxaropen guztiak", azpimarratu du Txurrukak.

Aldapeta, auzo soziala

Zarauzko Aldapeta kaleko eraikin berriak desgaitasun intelektuala duten pertsonentzako bi baliabide sozial ditu: eguneko zentroa, 25 plazarekin, Goyeneche Fundazioak kudeatzen duena, eta laguntzadun etxebizitza goiko solairuan, zazpi pertsonarentzat, Atzegik kudeatua. Hedabideei egindako adierazpenetan, diputatu nagusiak nabarmendu du espazio irisgarria dela, erdigunean kokatua eta komunitate-loturak indartzeko gaitasun izugarria duela. Baliabide horiek gehitu dira Gipuzkoako desgaitasunaren arreta sarera; sare horrek 833 plaza ditu 40 eguneko zentrotan eta beste 994 plaza 101 egoitza eta etxebizitzatan.

Gainera, eraikin bereko beheko solairuan, adineko pertsonentzako ondoko egoitzak, Santa Anak, egoitzako eremu berritua prestatu du. Eraikinaren beheko solairua osorik eraberritu eta instalazioak Aldapeta eraikinaren zati horretara zabaldu ondoren, egoitza zaintza-eredu berrira egokitzeko lehen bi faseak gauzatzea ahalbidetu du: bizikidetza-unitate txikietan antolatua, Gipuzkoako zainketa-eredu berriaren premisetan oinarrituta: pertsonalizatua, berritzailea eta komunitarioa.

Santa Ana da bere instalazioak zainketa eredu berrira egokitzen ari den egoitzetako bat. Gipuzkoan, epe ertain eta luzerako ikuspegiarekin, 30 egoitza-zentrotan burutzen ari dira birmoldatzeko eta plazak sortzeko eta egokitzeko proiektuak, hala sareko egoitzetan nola zentro berrietan. Aurreikusten da datozen urteetan egokitzapen lanak egingo direla gutxienez 19 egoitzatan, Santa Anan, besteak beste. Gainera, duela hilabete batzuk zabaldu dira Usurbil eta Lugaritzeko baliabide berriak, Adinberriko egoitza berriaren lanak ere abian dira, eta datozen hilabeteetan hasiko dira Irungo eta Elgoibarko egoitzetako lanak.

  

1031