Menu nagusira joan Eduki nagusira joan
Atzealdea

Diputatu Nagusiak Astigarraga KIT Line enpresa bisitatu du

Foto Diputatu Nagusiak Astigarraga KIT Line enpresa bisitatu du

Diputatu Nagusiak Astigarraga KIT Line enpresa bisitatu du

Egurrari lotutako bio-ekonomia sustatzea, “etorkizunaren alde” egitea dela azpimarratu du Markel Olanok

Diputatu Nagusiak Astigarraga KIT Line enpresa bisitatu du

Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak, Imanol Lasa Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako diputatuarekin batera, foru erakundea ordezkatuz parte hartu du Baskegur Euskadiko Egurraren Elkarteak Egurraren V. Astearen harira industriari eskainitako jardunaldian.

Azpeitian kokatutako Astigarraga Kit Line enpresak egiten duen lana ezagutzeko aukera izan dute. Zuraren eraldaketa prozesua oso-osorik lantzen dute bertan, enborkia (enborra bera) zerrategian sartzen denetik produktu amaitua ekoizteraino, eta gero produktu hori gehienean esportatu eta merkaturatu egiten dute azalera handiko saltokietan edo marka propioaren bidez. Enpresak 0 km-ko intsinis pinuaren (radiata) zura erabiltzen du soil-soilik, hau da, jatorria Euskadiko basoetan duen egurra, eta oso lehiakorra den merkatu honetan bere lekua nola egin jakin du. Tokiko produktuaren aldeko apustu horrek, lehengaiaren jasangarritasuna eta trazabilitatea bermatzea ez ezik, azken produktuaren kalitatea kontrolatzea ere ahalbidetzen dio.

Olanok nabarmendu duenez, egurraren sektoreak “berebiziko” garrantzia du Gipuzkoan, paisaiari eta ingurumenari dagokionez nahiz ekonomiaren ikuspegitik; izan ere, garrantzi horren lekuko, lurraldeko azaleraren %62 basoz estalia dago eta sektoreak, zuzenean eta zeharka, 6.000 lanpostu baino gehiago sortzen ditu. “Sektoreak bere osotasunean dauzkan desafioei erantzuteko elkarlanean ari gara. Egurraren alde egitea, egurrari lotutako bio-ekonomia sustatzea, etorkizunaren alde egitea delako. Karbonoaren sorrera mugatzea suposatzen du, CO2aren xurgatzea indartu eta plastikoen erabilera ekiditea lortzen dugu”, aipatu du. Amaitzeko, Astigarraga Kit Line enpresaren lana azpimarratu du Diputatu Nagusiak, “gipuzkoar enpresa ereduaren erakusle” gisa, “bertako egurra” eta “etengabeko” berrikuntza oinarri hartuta, “kalitatezko produktuak” munduan zehar esportatzen dituelako.

Bisitaldi honetan Foru Gobernuaren ordezkaritzak ondoan izan ditu Federico Saiz Baskegurreko presidentea, Oskar Azkarate elkarteko zuzendaria eta Fernando Otazua Gipuzkoako basogileen elkarteko zuzendaria, Astigarraga Kit Lineko zuzendaritzako kideekin batera. Saizek eskerrak eman dizkie Diputatu Nagusiari eta bere lantaldeko gainerakoei, Euskadiko Egurraren V. Asteko egitarauko ekitaldien artean dagoen Gipuzkoako fabrika honen bisitan parte hartzeagatik: “Izan ere, erakusle argi bat da, gure lehengaiaren balioa nabarmenduz eta lanerako erabiltzen duten egurra modu jasangarrian kudeatutako basoetatik datorrela bermatuz, merkaturik zorrotzenetan lehiakorrak izateko Euskadiko basogintza-egurgintza sektoreak zer-nolako gaitasuna daukan ikusteko”.  

 

Baskegurrek antolatutako Egurraren V. Astea bihar amaituko da, Arratian kokatutako intsinis pinu (radiata) eta beste konifero espezie batzuetako sailetara egindako bisita teknikoarekin. Aste osoan zehar ugariak izan dira profesionalei zuzendutako ekitaldiak, eta horien osagarri modura, izaera dibulgatiboagoa izan duten beste batzuk ere izan dira, gizarte osoari basogintza-egurgintzaren sektorea ezagutarazteko asmoarekin.

Baskegur elkarteak Euskadiko basogintza-egurgintza sektorea bere osotasunean biltzen du, eta sektorearen balio kate osoa barne hartzen du, basogintzaren eremutik lehenengo eta bigarren eraldaketetaraino. Euskadin 18.000 langile inguru ari dira egurgintzaren sektorean, eta oro har Euskal Autonomia Erkidegoko industria arloko enpleguaren %2 baino gehiago da hori.

Egurra da Euskadin ugaria den baliabide natural bakarra, baita ere bio-ekonomiaren aldeko euskal apustuaren oinarria ere, produktu ekologikoagoak lortuz petroliotik eratorritakoak gutxika-gutxika ordezkatuz joateko. Baskegur Basotek partzuergoan lanean ari da, administrazio publikoekin eta ikerketa zentroekin batera. Partzuergoaren helburua Euskadiko basogintza-egurgintza sektorearen balio katearen oraingo eta etorkizuneko erronkei erantzutea da.