Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Diputatuen Kontseiluak onartu du kultur mezenasgorako pizgarrien Foru Arau proiektua

Diputatuen Kontseiluak onartu du kultur mezenasgorako pizgarrien Foru Arau proiektua

2019ko lehen hiruhilekoan onartzea espero du Aldundiak, eta araudi berriak kenkari nabarmenak ezartzen ditu PFEZ eta Sozietateen gaineko Zergan

Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak gaur onartu du kultur mezenasgorako zerga pizgarrien Foru Arau proiektua, Etorkizuna Eraikizen testuinguruan lantzsen ari diren proiektu berritzaileetako bat. Araudi berriak kenkariak ezartzen ditu interes soziala duten proiektu eta kultur ekimenentzako, erakunde publiko edo pribatu eta kultura arloko zenbait profesionalek egiten dituztenak. Helburua, kasu honetan, kulturarekin erlazionatutako proiektuetara baliabide pribatuak erakartzea da. Horretarako, %35 arteko pizgarria ezartzen du Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan (PFEZ), eta %20 artekoa Sozietateen gaineko Zergan. 
Diputatuen Kontseiluaren oniritzia jaso ostean, Foru Arau proiektua Batzar Nagusietara pasako da orain. Bertan eztabaidatu eta bozkatuko da, batzordean lehenengo, eta Osoko Bilkuran ondoren. Datorren urteko lehen hilabeteetan onartzea espero du Foru Aldundiak, eta indarrean 2019ko urtarrilaren 1ean sartuko litzateke. Araudi berria gaur aurkeztu dute hedabideen aurrean Kultura, Turismo, Gazteria eta Kiroletako foru diputatu den Denis Itxaso eta Ogasun eta Finantzetako foru diputatu den Jabier Larrañagak, ekimenaren atzean dauden bi foru departamentuak ordezkatuz. 
“Arau berriak Europako eredu aurreratuenak eta hoberenak hartu diru eredutzat sortzaileei independentzia gehiago emanez. Izan ere, gure asmoa baita kultura behar bezala finantzatzea, donazioak modu erakargarrian saritzea eta herritarren protagonismoa areagotzea kultur proiektuak diseinatzeko orduan”, azaldu du Itxaso diputatuak. Gainera, legealdi honetan sortu dugun Arteen eta Kulturaren Kontseiluak zeregin gehiago izango ditu. 
“Foru Arauak zerga pizgarri esanguratsuak aurreikusten ditu partikularrentzat PFEZren bidez eta enpresentzat Sozietateen gaineko Zergaren bidez. Baina, gainera, artista eta sortzaileei egiten zaizkien donazioek ere  –ez soilik erakunde publiko eta fundazioei– pizgarriak izango dituzte”, nabarmendu du foru diputatuak. Honela, gehitu duenez, sorkuntza artistikoa sustatzeko eta finantzatzeko beste modurik ez duten pertsonei finantzaketa bideak zabaltzea nahi du Aldundiak.
Larrañagak, bere aldetik, kultura eta mezenasgoa Antzinarotik bidelagun direla gogoratu du, “eta etorkizunean ere gizarte aurreratua izaten jarraitu nahi badugu, ezinbestekoa da gure ondare eta ekoizpen kulturala zaindu eta berritzea”. Hortik, nabarmendu duenez, proiektu hau Etorkizuna Eraikizen markoan lantzearen zergatia. “Ahalik eta eragile gehien inplikatu behar ditugu gure kulturaren finantzaketan, administrazio publikoak zein gizarteak bere osotasunean ardura partekatua baitugu alor honetan”, azpimarratu du foru Ogasunaren arduradunak. 
Foru Arauaren edukietara sartuz, Larrañagak zehaztu du pizgarriak aplikatzeko, ekarpenak egin behar direla mezenasgoa jasotzen duten jarduera edo proiektuetara, edo bestela Gipuzkoako Foru Aldundiak edota Gipuzkoako Arteen eta Kulturaren Kontseiluak (kasuaren arabera) interes soziala dutela ebatzi duten ekimenetara. Mezenasgoa dohaintza edo legatu, erabilera prestamu edota enpresa lankidetza hitzarmenen bidez egin daiteke. Ekarpena egiten duenarentzat, %35 arteko kenkaria dago PFEZean, eta %20 artekoa Sozietateetan. 

  

2474