Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Diputazioak eta UPV/EHUk elkarrekin helduko diete kontziliazioaren eta euskarazko ikus-entzunezko produktuen sorkuntzaren erronkei

Diputazioak eta UPV/EHUk elkarrekin helduko diete kontziliazioaren eta euskarazko ikus-entzunezko produktuen sorkuntzaren erronkei

Diputatu nagusiak Etorkizuna Eraikiz programa eta, bereziki, EHU eta foru erakundearen artean sinatutako hitzarmenaren ikerketa lerroak aurkeztu ditu unibertsitateko komunitatearen aurrean

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Euskal Herriko Unibertsitateak Etorkizuna Eraikiz programa eta elkarren artean sinatutako hitzarmenaren ikerketa lerroak aurkeztu dituzte. Foru erakundeak, Etorkizuna Eraikiz proiektuaren bidez, hiritarrekin eta etorkizunera begira dituen erronka nagusiekin  (lana, familia, ekonomia, arreta…) konektatzea bilatzen du. Etorkizuna Eraikizek lurraldeko garapen sozial eta ekonomikorako eta bere pertsona eta elkarteentzako garrantzi berezia duten proiektuak eta esperientzia pilotuak jarriko ditu abian. Biharko erronkei erantzuna emateko, oinarri zientifikoa duten gogoeta eta ezaguerako prozesuetatik abiatzen diren entsegu-akatsa esperientziak. Proiektu ezberdinetan lan egiteko kolaborazio akordioak sinatu ditu Aldundiak Gipuzkoan egoitza duten lau unibertsitateekin. 

Unibertsitateko komunitatearen aurrean gaur aurkeztu da UPV/EHUrekin foru erakundeak sinatu duen hitzarmena. Horren arabera, elkarlanean ekingo die eremu pertsonalean eta laboralean berdintasuna eta kontziliazioa  biltzen dituzten ikerketa lerroei, alde batetik, eta nerabeen ikus-entzunezkoen kontsumoari, bestetik.

Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak bereziki nabarmendu eta eskertu du Gipuzkoako Diputazioak Unibertsitatearengan jarritako konfiantza. “Euskal Herriko Unibertsitatea Gipuzkoako unibertsitate publikoa da, unibertsitate gipuzkoarra, eta lurraldearen etorkizuna berea balitz bezala hartzen du”, aipatu du geroago.

EHUk datozen hilabeteetan egingo duen ikerketak, lurraldeko enpresen erradiografia erreal bat erakutsiko du genero berdintasunaren arloan eta kontziliazioari dagokionean. Ikerketan horrek, baita ere, erantzunkidetasunean  oinarritutako txosten bat jasoko du. Praktika onen araketa egingo du Europa mailan, erantzunkidetasunerako eta kontziliaziorako balizko gogoeta eta analisia eta oinarri ekonomikoak ere jasoko ditu.

Markel Olanok diputatu nagusiak azpimarratu duenez, “berdintasunari eta kontziliazioari dagokionez, Europa mailan nahiko ondo kokatuta egon arren, oraindik ibilbide luzea daukagu egiteko”. Eustaten datuen arabera, genero berdintasunari dagokionez, Euskadi 5. tokian dago, Europako herrialde gehienen aurretik.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta EHUren artean adostutako bigarren lan-lerroa 12 eta 16 urte arteko nerabeen sareko ikus-entzunezkoen kontsumo ohiturak ikertzean datza. Ikerketa horrek jasoko ditu, baita ere, sarean zabaltzeko, nerabeek sortzen dituzten edukien sormena eta tipologia.

Bilakaera teknologikoarekin, ikus-entzunezkoen sormenak eta kontsumoak iraultza izaten ari dira eta orain artean kontsumitzaile soila zena, orain sortzailea eta zabaltzailea ere bada. Ikerketa honek, Europa mailan araketa egin eta praktika onak eta arrakastatsuak jasoko ditu, hizkuntza gutxituetan sortutako ikus-entzunezkoen edukien ekoizpenaren inguruko etorkizuneko ikerketei begira.

Gaur aurkeztu diren lerroak 2016ko hirugarren lauhilekoan jasotako eginkizunen baitan daude baina, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta EHUren artean sinatutako hitzarmena lan ildo iraunkorra izateko nahiarekin jaio da, Gipuzkoako elkarte eta pertsonen garapenerako garrantzitsuak izango diren proiektu eta arloen ezagutza iturri  izan dadin.

“berdintasunari eta kontziliazioari dagokionez, Europa mailan nahiko ondo kokatuta egon arren, oraindik ibilbide luzea daukagu egiteko”
  

1649