Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Dirulaguntza zuzenak eta lankidetza hitzarmen berriak, TicketBAIren ezarpena bultzatzeko

Dirulaguntza zuzenak eta lankidetza hitzarmen berriak, TicketBAIren ezarpena bultzatzeko

1,5 milioi euro bideratuko ditu merkataritza, ostalaritza eta hainbat jarduera profesionalen digitalizaziorako, eta beste 21 eragilek sinatu dute hitzarmena.

Gipuzkoako Foru Aldundiak 1,5 milioi euroko laguntza zuzenak emango ditu, lurraldeko merkataritza, ostalaritza eta hainbat jarduera profesionalen digitalizazioa sustatu eta, aldi berean, TicketBAI proiektuaren hedapenean laguntzeko. Izan ere, laguntzak jasotzeko beharrezkoa izango da fakturazio sistema berri honi lotutako zenbait baldintza betetzea. Establezimendu bakoitzak 1.000 euroko laguntza jasoko du, eta 1.200 eurokoa fakturak euskaraz aurkezten badira. Honekin batera, TicketBAI proiektuaren dibulgazioa hedatzeko beste 21 hitzarmen sinatu ditu Aldundiak lurraldeko eragile ekonomiko nagusiekin eta, guztira, jada 24 dira lankidetza akordio erdietsi duten elkarteak, ia-ia Gipuzkoako jarduera ekonomiko ia guztia ordezkatzen dutenak.

          Laguntza deialdi berria eta elkarlan-hitzarmenak gaur goizean aurkeztu dira, Gipuzkoako Foru Aldundian egindako prentsa agerraldian. Jokin Perona, Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak, eta Jabier Larrañaga, Ekonomia Sustapeneko foru diputatuak, hartu dute parte ekitaldian. Azken honek gogoratu du dirulaguntza deialdia pasa den urtean jarri zela martxan, eta ekarpen garrantzitsua egin diola merkataritza, ostalaritza eta hainbat jarduera profesionalen digitalizazioari. Laguntzak jasotzeko, TicketBAI sistemarekin lotutako zenbait betekizun bete behar dira: batetik, eskera egiterako orduan, eskatzaileek TicketBAI aplikazioko altako 15 fitxategi aurkeztuta izan behar dituzte gutxienez Gipuzkoako Zerga Administrazioan, eskaera egin aurreko 15 egun naturaletan. Gero, dirulaguntza hauek argitaratzen direnetik 2022ko irailaren 1era bitartean, gutxienez 120 TicketBAI altako fitxategi bidaltzea exijituko da.

Eskaerak aurkezteko epea dagokion foru agindua aste honetan bertan ireki da, deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO) argitaratu ondotik, eta ekainaren 23ra arte egongo da irekita. Deialdiari buruzko informazioa eskuragarri egongo da https://www.gipuzkoa.eus/eu/web/ekonomia webgunean, eta GAOn bertan. Eskabideak zergabidea.gipuzkoa.eus plataformaren bidez aurkeztu beharko dira. Plataforma horren bidez, eskaerak automatikoki egiaztatuko dira, eta, baldintzak betez gero, bi asteko epean egingo da ordainketa, gutxi gorabehera. Iaz dirulaguntza jaso zuten establezimenduek ezingo dute aurten onuradunak izan.

Larrañaga diputatuak nabarmendu duenez, sektore hauek, lehendik ere erronka garrantzitsuak zituzten teknologia berriak zirela-eta, hala nola, kontsumo ohituren aldaketak edo bezeroekiko eta erakunde hornitzaileekiko harreman berriak, euskarri digitaletan oinarrituak. “Laguntza hauen bidez, digitalizatzeko ahalegin hori babestu nahi dugu, funtsezkoa baita enpresek krisi hau gainditzeko eta garapen sozioekonomikoa eta lurraldean enplegua sortzen jarrai dezaten laguntzeko. Ekonomia indartsu bat da gure ongizatea bermatzeko eta Europan desberdintasun gutxien duen lurraldeetako bat izaten jarraitzeko gakoa, eta, zalantzarik gabe, lurralde gisa eraldaketa digitalean aurrera egitea funtsezko lehiakortasun faktorea dugu guztiontzako etorkizun hobe bat eraikitzeko”, adierazi du.

Bere ustez, TicketBAIk ere lagunduko du helburu hauek lortzen. “Izan ere, jarduera ekonomikoaren ikuspegitik, Gipuzkoak aurrerapauso garrantzitsua emango duela uste dugu sistema berri honen eskutik”, gaineratu du. Hiru aurrerapen “esanguratsutan” jarri du azpimarra: batetik, Gipuzkoako ekonomiaren digitalizazio osoa ekarriko duela. Bigarrenik, Ogasunak TicketBAIri esker jasoko duen informazio-fluxuari esker, administrazioak sistema berriaren erabiltzaileentzat izapide burokratikoak erraztu ahal izango ditu; izan ere, epe ertainean, autonomoen eta enpresen PFEZaren nahiz BEZaren aitorpenak egiteko gai izango da Ogasuna, bai eta zergadunekin dagokion sektoreari buruzko informazioa eta adierazleak partekatzeko ere. Eta, hirugarrenik, iruzurraren aurkako borrokan aurrerapauso handia emango da, zerga betebeharrak betetzen ez dituztenek egiten duten lehia desleiala ezabatzen lagunduko baitu.

 

Lankidetza hitzarmenak

Bestalde, pasa den apirilaren 8an Gipuzkoako Foru Aldundiak lankidetza hitzarmenak sinatu zituen hiru eragile ekonomiko garrantzitsurekin, TicketBAIren ezarpenaren inguruan lankidetza indartzeko: Gipuzkoa Bazkundea, Gipuzkoa Merkatariak Federazioa eta Gipuzkoako Ostalaritza Elkartea ziren hiru elkarte horiek. Orain, hitzarmen horiek beste 21 sektoretara hedatu dira: ADEGI Gipuzkoako Enpresen Elkartea; Gipuzkoako Euskal Ekonomisten Elkargoa; Euskal Herriko Arduralaritza Arartekoen Elkargoa; Kontu eta Zerga Aholkularien Gipuzkoako Elkartea; Gipuzkoako Gizarte Graduatuen Elkargoa; Gipuzkoako Aparejadore eta Arkitekto Teknikoen Elkargo Ofiziala; Gipuzkoako Automozio Enpresen Elkartea; Ile-apaindegien Gipuzkoako Elkarte Profesionala; Gipuzkoako Estetikalarien Elkartea; Gipuzkoako Etxegileen Elkartea; Gipuzkoako Hotel Enpresarien Elkartea; Gipuzkoako tindategi eta arropa ikuztegien elkarte profesionala; Gipuzkoako Instalatzaile eta Mantentzaileen Erakunde Enpresariala (Instagi); Gipuzkoako Farmazialarien Elkargo Ofiziala; Gipuzkoa Taxi (Gipuzkoako Taxilarien Elkartea); Gipuzkoako Arotz Taldea (Arotzgi); Euskadiko etxebizitza turistikoen elkartea (APARTURE); ENBA (Euskal Nekazarien Batasuna); ABELUR Kooperatiba Elkartea; Euskadiko Vending Elkartea; eta ASLE, Euskadiko Lan Sozietateen Elkartea.

Perona diputatuak nabarmendu duenez, enpresak eta autonomoak barne hartzen dituzte elkarte hauek guztiek, jada TicketBAI sistemarekin lanean ari diren hainbat profil eta datozen hilabeteetan sartuko diren beste hainbat. “Denen artean, Gipuzkoako jarduera ekonomiko ia guztia ordezkatzen dute”, nabarmendu du, zehaztuz TicketBAI sistemaren erabiltzaile izango direnak ordezkatzen dituztela. “Beraz, Aldundiarentzat eta proiektuaren hobe beharrerako berebiziko garrantzia duten akordioak dira”, esan du. Foru arduradunak balioan nahi izan du orain arte egindako bidea eta eragile ekonomiko ezberdinekin izandako lankidetza. “Honi esker, oso akordio garrantzitsuak lortu ahal izan dira, proiektua hedatzen eta finantzatzen laguntzeko; gaur aurkeztu berri dituen laguntzak dira honen azken adibidea”, adierazi du.

Gainera, azken hilabeteetan erakunde hauekin guztiekin izandako topaketen ondorioz, zerga kenkariak eta sektore sentikorrenei zuzendutako zuzeneko laguntzak jarri dira abian, eta hainbat erabaki garrantzitsu ere hartu dira. Hala nola erretiroa hartzeko adinetik gertu dauden pertsonak salbuestea, edota borondatezko epea sei hilabetez luzatzea. “Elkarrizketa emankor hauei esker, hobekuntza garrantzitsuak adostu ahal izan ditugu, eta hobekuntza horiek elkarte hauek ordezkatzen dituzten bazkideei ez ezik, lurraldeko ekonomia sare osoari ere mesede egiten diote”, adierazi du.

          Sinatutako akordioen arabera, elkarte sinatzaileek konpromisoa hartzen dute borondatezko aldiko atxikipenak sustatzeko, eta beraien kideen bitartekaritza eta aholkularitza teknologikoa erraztuko dute. Foru erakundeak, bestalde, TicketBAI sistemari buruzko jardunaldiak edo mintegiak antolatzea edo horietan laguntzea eskainiko du, hautemandako prestakuntza beharren arabera, borondatezko aldian sartzea errazteko. Bi aldeek komunikazio bide iraunkorra izango dute, eta orain arte izan duten lankidetza indartuko dute.

“Hemendik, eskerrak eman nahi dizkiet elkarte sinatzaile hauei guztiei, iruzurraren aurkako borrokan eta digitalizazioaren alde erakusten duten konpromisoagatik. Hitzarmen hau sinatzea horren adibide bat gehiago da”, esan du Peronak. Esker oneko hitzak Aldundiko langileei ere hedatu dizkie foru diputatuak, TicketBAIren ezarpena arrakastatsua izan dadin egiten ari diren lana dela eta. Izan ere, zerga administrazioko langileek aurrez aurreko dibulgazio saioak egin dituzte lurraldeko berrogei eragile ekonomiko baino gehiagorekin, eta ia 6.000 pertsonak parte hartu dute hauetan. Gainera, irailaz geroztik, foru erakundea landa lan bat egiten ari da TicketBAI zabaltzeko. Horren bidez, foru erakundeko zerga agenteek Gipuzkoako 85 udalerri bisitatu dituzte, fakturazio sistema berriarekin lan egiten ari diren edo aurki egingo duten ehunka enpresa, saltoki, negozio eta gainerako erabiltzaile aurrez aurre bisitatuz. Hedapen estrategia hau komunikazio kanpainekin osatzen da, TicketBAIren ildo nagusiak ezagutarazteko eta behartutako pertsonei proiektuari buruzko informazioa eskuratzea errazteko.

 

Pizgarriak eta egutegia

Pasa den urtean martxan jarri ziren eta aurten ere berritu diren dirulaguntza zuzenez gain, Aldundiak TicketBAI sistema ezarri behar duten zergadun guztiei zuzendutako pizgarriak ere baditu martxan. Honela, fakturazio sistema ezartzeko egindako inbertsioaren % 30eko kenkari orokorra dagoela, kenkari-oinarriaren muga 5.000 eurokoa izanik. Pizgarri hori nabarmen handitzen da zergaduna borondatezko aldian sartzen bada TicketBAIn, egindako inbertsioaren % 60raino igotzen baita, 5.000 euroko oinarriaren muga berarekin.

Sistemaren borondatezko aldia 2021eko urtarrilaren 1ean hasi zen, eta kolektibo bakoitzari dagokion borondatezko aldian sartzeko epemuga baino hilabete lehenago arte egongo da indarrean. Nahitaezko aldiaren ezarpena 2022ko uztailaren 1ean hasiko da, eta orduan zerga-kudeaketako profesionalak sartuko dira sisteman. Ondoren, irailaren 1ean, jarduera profesionaletan dihardutenek egingo dute, eta azaroaren 1ean, txikizkako merkataritzak, ostalaritzak eta ostatu-sektoreak. Ondoren, 2023an, apirilaren 1ean, eraikuntza, higiezinen sustapena, garraioa eta aisialdiko zerbitzuak, kulturalak eta pertsonalak; eta urte bereko ekainaren 1ean, fabrikazioa, handizkako merkataritza, telekomunikazioak, finantzak, artistak eta gainerako behartutako zergadunak.

  

5471