Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Don Boscon, Oarsoalderako proiektu pilotu baten barruan, garatutako bizikleta-aparkaleku berria bisitatzea

Don Boscon, Oarsoalderako proiektu pilotu baten barruan, garatutako bizikleta-aparkaleku berria bisitatzea

Ikastetxeko ikasleek, “Lanera bizikletan” proiektu pilotuaren barruan, garatutako bizikletak aparkatzeko egitura berria aurkeztu zuten 2020ko Europako Mugikortasunaren Astearen esparruan.

2021/03/18

Rafaela Romero Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak programa pilotuaren baliagarritasuna nabarmendu du, lurralde osoan antzeko egiturak jarri nahi baitira.

 Rafaela Romero Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak, gaur goizean, Errenteriako Don Bosco Lanbide Heziketako Institutua bisitatu du, ikastetxe horretako ikasleek, “Lanera bizikletan” proiektu pilotuaren barruan, garatu duten bizikletak aparkatzeko egitura berria ezagutzeko.

2020ko Europako Mugikortasunaren Astearen esparruan aurkeztutako programa pilotu horren helburua da egitura berri horiek eskualdeko zenbait enpresatan jartzea, bizikleta bidezko mugikortasuna bultza dadin eta lantokirako edo ikastetxerako joan-etorriak bizikletaz egitea ohitura bihur dadin.

Proiektuan parte hartzen ari den Gurpil Artea elkartea, bestalde, industrialdeen ezaugarriei buruzko diagnostikoa egiten ari da jada (sarbideak, kokaleku geografikoa, hiriguneetarako distantzia, bizikletarientzako eta oinezkoentzako sarbideak, argiztapenaren egoera, seinaleztapena, balizko puntu arriskutsuak, eta abar).

Era berean, eskualdeko garapen-agentzia enpresekin harremanetan jarri da, mugikortasunaren arloko ohiturei eta eskaerei buruzko zuzeneko elkarrizketak egiteko, eta 11 enpresak erantzun dute. Informazioa biltzeko fase hori herritarrei zuzendutako beste online inkesta batzuekin osatuko da, eta jada 73 inkesta egin dira.

Bisitan, Rafaela Romero diputatuarekin batera izan dira, Aizpea Otaegi Oarsoaldeko lehendakaria eta Errenteriako alkatea, Fernando Nebreda Oarsoaldeko zuzendari nagusia, Andrea Palomares Pasaiako Udaleko Kultura eta Zerbitzuetako zinegotzia, Agustin Lekuona Oiartzungo Udaleko Zerbitzuetako zinegotzia. Bisita horrek, beraz, berretsi du Gipuzkoako Foru Aldundiak mugikortasun jasangarriarekin zerikusia duten ekipamendu eta teknika berriak ikertzearen eta garatzearen alde hartutako konpromisoa.

Pandemiaren ondoriozko errealitate berriak bizikletaren eta oinezkoentzako bideen zentraltasuna indartu du, Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuaren mugikortasun jasangarriko estrategiaren funtsezko ardatz gisa.

Bestalde, foru-diputatuak nabarmendu du proiektuan parte hartu duten ikasleek etorkizuneko mugikortasunarekin duten konpromisoa. “Mugikortasun horren helburua da pertsonen bizi-kalitatea hobetzea, jarrera berdeago, jasangarriago, berdinzaleago eta osasungarriagoen bidez”. Konpromiso horren emaitzek gainditu dituzte programan hasiera batean jarritako itxaropenak.

Bestalde, Aizpea Otaegi, Oarsoaldeko Lehendakaria eta Errenteriako Alkate azpimarratu du Oarsoaldeko eskualdea aukeratu dutela proiektua garatzeko, bizikleta bideetatik gertu dauden industrialdeak daudelako eta eskualdeko udalerrien artean mugitzeko aukerak daudelako

  

1968