Donostian egingo da Emakumeen eta Kirolaren Estatuko IV. Kongresua: «Jokoaren arauak aldatzen»
Donostian egingo da Emakumeen eta Kirolaren Estatuko IV. Kongresua: «Jokoaren arauak aldatzen»
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura eta Kirol Departamentuak eta Congreso Mujeres y Deporte elkarteak antolatu dute ekitaldia, eta azaroaren 28an eta 29an estatuko eta nazioarteko 30 hizlari eta erreferente baino gehiago bilduko ditu Aquariumean.

Goizane Álvarez: «Jokoaren arauak aldatzen ditugu, kirola pertsona orok berdintasunean parte hartzeko moduko espazio bihurtzen dugunean».
Donostia kiroleko berdintasunaren erdigune izango da azaroaren 28an eta 29an, Emakumeen eta Kirolaren Estatuko IV. Kongresuarekin. Aurtengo lema «Jokoaren arauak aldatzen» izango da. Topaketa GFAren Kirol alorrak eta Congreso Mujeres y Deporte elkarte nazionalak antolatzen dute, eta esparru instituzional eta akademikoko 30 emakume kirolari, kazetari, ikerlari eta aditu baino gehiago bilduko ditu emakumeek kirolean duten paperaren eta kirolaren praktika bidezkoagoa eta inklusiboagoa izateko ditugun erronken inguruan hausnartzeko.
Bi egunetan, Donostiako Aquariumean hitzaldiak, mahai inguruak eta jarduerak burutuko dira eskola-kirola eta oinarriko kirola, emakumeentzako ingurune seguruak edo kirol politiken eraldaketa estrukturala bezalako gaien inguruan. Itxieran herri kirolen erakustaldi bat egingo da Aquariumaren kanpoaldean, euskal kirolaren indarraren eta tradizioaren erakusgarri.
Kongresuan parte hartuko dutenean artean, hauek nabarmentzen dira: Olga Viza eta Paloma del Río kazetariak, Espainiako kirol komunikazioko erreferenteak; Virginia Santesteban nutrizionista, Imanol Alguacilen garaian Real Sociedad taldeko prestatzaileen taldeko kidea; Marta Arce paralinpiar jokoetan medaila lortu zuen kirolaria edo Nahia Zudaire igerilaria. Era berean, María Perrino, Cristina Fernández Piñeiro edo Aintzane Encinas bezalako lehen mailako akademiko, kudeatzaile eta kirolariek parte hartuko dute, besteak beste.
Kulturako eta Kiroletako foru-diputatu Goizane Álvarez izango da Kongresuaren inaugurazio-saioko hizlarietako bat, eskola-kirolari eta oinarriko kirolari eskainitako mahaian, eta bere hitzetan, kongresu hau Donostiara iristea "aukera paregabea da erakusteko Gipuzkoa berdintasun-lurraldea dela kirol-eremuan ere. Kongresu hau ekintzarako deia da. Jokoaren arauak aldatzeaz ari gara, egungoak ez baitira beti bidezkoak izan. Emakumeok denbora luzeegian maskulinoa izan zen eremu batean bidea urratu behar izan dugu, eta ahaleginez, adimenez eta aliantzekin egin dugu. Hori da Gipuzkoatik transmititu nahi dugun espiritua: kirola eskubide bat da, ez pribilegio bat, eta berdintasuna politikatik, erakundeetatik eta, batez ere, gizartetik eraikitzen da.
"Neskato batek jokatzen duenean, talde bat emakume entrenatzaile batek zuzentzen duenean edo emakume kazetari batek kirola beste ikuspegi batetik kontatzen duenean, eredua eraldatzen ari gara. Kongresu hau eraldaketa kolektibo horretarako beste urrats bat da", baieztatu du.
Inspiratzeko eta eraldatzeko kongresu bat
Kongresu hau 2017an jaio zen, eta aurreko edizioak Valentzian, Bilbon eta Tenerifen egin dira. Orain Gipuzkoara iritsi da helburu argi batekin: emakumeek kirolean duten presentzia eta aitorpena mugatzen jarraitzen duten arrazoietan sakontzea eta konponbide errealak eta jasangarriak proposatzea.
Laugarren edizio honetako leloak, "Jokoaren arauak aldatzen", erakusten du asmoa dela kirol-eredua ikuspegi feministatik birpentsatzea, egiturazko gaiei helduz, hala nola kontziliazioari, indarkeria sinbolikoari edo komunikabideetan erreferenterik ez izateari.
Antolatzaileek azpimarratu dute izen-ematea doakoa izango dela, eta ekitaldia irekita dagoela berdintasunarekin, hezkuntzarekin eta kirolarekin konprometituta dagoen pertsona ororentzat.
1318