Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Egitarau berezia Aste Santurako eta Pazko asterako Gipuzkoako parketxeetan

Egitarau berezia Aste Santurako eta Pazko asterako Gipuzkoako parketxeetan

Herritar guztiei zuzendutakoez gainera, badaude familientzat espresuki prestaturiko jarduerak

Urrutira joan gabe naturaz eta kultur ondareaz gozatu nahi duten gipuzkoarrentzat bete-beteko egitaraua prestatu dute Gipuzkoako natura parkeen erakusleiho diren parketxeetan Aste Santuan eta Pazko astean ‘etxean’ geratzen diren herritarrentzat. Guztiontzako planak daude proposamenean: bakarka egitekoak, familientzat atondurikoak, naturarekin loturikoak, kultur ondarea ezagutzera ematen dutenak… “Gipuzkoak, lurralde txikia izanagatik, natura ingurune zinez aberatsa du, gizakiaren eta naturaren arteko harreman luze bezain emankorraren berri ematen duena, kultur paisaia joriak gordetzen dituena. Bisitariak artatzeko, natura ingurunearen ezagutza bultzatzeko eta ingurumenarekiko errespetuzko balioak sustatzeko sei parketxe edo interpretazio zentro daude lurraldeko lau natura parkeetan banatuta, eta datozen egunotan aukera paregabea izango da altxor horiek ezagutzeko”, adierazi du Arantxa Ariztimuño Mendietako eta Natur Inguruneko zuzendariak.

Zegamako Anduetza parketxean, adibidez, txango gidatua izango da apirilaren 16an Leizarrateko (San Adriango) igarobidearen altxorrak ezagutzera emateko, Aldaolako aparkalekutik abiatuta. Berebat, bisita gidatu bereziak eskainiko dira Euskal Herriko eta atzerriko zuhaitzen berri emateko. Hitzak hizpidea ekarrita, haginei buruzko Life Baccata erakusketa dago ikusgai han bertan. Aizkorri, baso artetik gailentzen den harkaitz latza da, Gipuzkoa eta Araba banatzen dituen hormari izena ematen dion mendia. Harresi guztiek izaten dute, ordea, igarobidea, atea; Aizkorrikoa Leizarrate da eta hango giltza Zegaman dago, Anduetzan egon ere.

Aurrekoa bezala, Aizkorri-Aratz natura parkearen erakusleiho den Arantzazuko parketxeak (Oñatin), “Gaztagintzaren sekretuak” izeneko jarduera antolatu du apirilaren 14rako, zehazkiro Gomiztegiko artzain eskolan, Arantzazutik haraino ibilbide irisgarrian barrena joanda. Esan gabe doa amaieran gazta-dastaketa egongo dela. Apirilaren 30ean, bestetik, txorien kantuak ezagutzeko ibilaldia izango da Mikel Olanoren eskutik. Life Baccata erakusketa ere ikusgai izango da egun batzuetan. Gutxi dira Arantzazuk helarazten duena bizi daitekeen tokiak, naturak eta arteak bat egiten baitute bertan, bisitariak, bata eta bestea osotasun banaezin bat bezala berrinterpreta eta senti ditzan eraginez.

Arditurrin (Oiartzunen), bestalde, tren berdea ibiliko da apirilaren 24an eta meategietara bisita gidatuak izango dira egunero. Horrez gainera, okilen, gure basoetako arotzen, bizimodua eta ohiturak ezagutzeko irteera gidatua antolatu dute egun berean. Kaskoa jantzi, lurraren erraietara jaitsi eta garai batean ilunpearen isiltasunean han lan egin zuten meatzariek sentitzen zutena bizi aurretik edo ondoren, badago zer ikusi eta ikasi, beraz, Aiako harriaren magalean.

Ataungo Barandiaran museora joatea euskal kulturaren muina ezagutzea da. Etorkizuna ez ezik, iragana ere gurea delako. Aste Santuan zehar hango errotatxoa martxan jarriko da eta apirilaren 10ean “Euskara eta natura” txango gidatua izango da apirilaren 10ean Luis Mari Zaldua Etxaberekin. Txangoez ari garelarik, apirilaren 24an hango paisaia ehundu duten zuhaitz magikoez gozatzeko irteera antolatu dute Lizarrustiko parketxean.

Naturaren eta gizakiaren arteko harmonia sentitu nahi duena bihoa Iturraranera (Pagoeta natura parkera); itsasoraino heltzen diren mendiek inguratutako paradisu txikia aurkituko du. Aian dagoen parketxean txorien kantuak ezagutzeko irteera burutuko da apirilaren 9an eta, ildo beretik, okilen bizimodua eta ohiturak ezagutzeko irteera gidatua izango da apirilaren 30ean. Horrez gain, apirileko igandeetan eta Aste Santuan zehar Agorregiko burdinola eta errotak martxan jarriko dira. Hori guztia aski ez eta Landare Berezien Azoka ospatuko da Pazko asteko asteburuan. Bost kontinenteetako landareak ikusgai egongo dira hainbat mintegiren saltokietan.

Familientzat espresuki atondutako jolasen aldetik, orientazioaren hastapenak eta natura-aisia uztartuko dituzte aurtengoan. Gaiak ez dira berak izango parketxe guztietan. Hain zuzen, meatzaritza paisaiak (Arditurri), lorategi botanikoa zein erleak (Iturraran), mitologia (Barandiaran museoa) eta ibilbide irisgarria (Arantzazu) izango dituzte ardatz. Guztietan familiek orientazioaren oinarriak ikasiko dituzte eta zenbait arrasto eta lagungarri aintzat hartu eta jarraitu beharko dituzte ibilbideak burutzeko.

Jarduera horietan guztietan parte hartu ahal izateko ezinbestekoa da izena ematea. Horretarako eta bakoitzaren xehetasunak (egunak, orduak, adinak..) jakiteko parketxe bakoitzera dei edo idatz daiteke (www.gipuzkoanatura.eus). Natura parkeak Gipuzkoako lurraldearen % 15 baino gehiago dira. "Benetako paisaia kulturalak dira, gure ondare naturala eta kulturala lotzen dituzten lotura estuak erakusten eta balioesten dituztenak. Izan ere, naturaren eta gizakiaren jardueraren arteko erlazioak denboran zehar errealitate fisiko konplexuak sortzen dituenean, paisaia kulturalez hitz egiten dugu, eta Gipuzkoak, gizakiak milaka urtez eraldatu dituen mendi erliebeekin, ongi erakusten du Paisaia Kultural bat zer den. Dei egin nahi diegu Gipuzkoako herritar guztiei, egun hauetan, lurraldeko landa inguruneaz eta bertako irakaskuntzez gozatzera; eta haren garrantziaz eta bertan bizi direnen lanaz kontzientziatzera”, amaitu du zuzendariak.

  

1434