Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Egoiliarrek "segurtasun-neurri zorrotzekin" egin ahal izango dituzte irteerak bihartik aurrera

Egoiliarrek "segurtasun-neurri zorrotzekin" egin ahal izango dituzte irteerak bihartik aurrera

Gipuzkoako egoitzetan ez da aldaketarik izan azken orduetan COVID-19ari dagokionez.

Eider Mendoza foru bozeramaileak jakinarazi duenez, alarma egoeraren amaierarekin eta azken asteotan birusak Gipuzkoan izan duen bilakaera "ona" dela eta, egoitzetako erabiltzaileek irteerak egiteko aukera izango dute, "segurtasun neurri zorrotzak, zentroaren jarraipena eta kasu bakoitzeko mediku-gomendioak kontuan hartuta". Gizarte Politikako Departamentuak zenbait gomendio igorri dizkie egoitzei, eta bertan jasotzen dira egoiliarrak kanpora ateratzeko jarraitu beharreko jarraibideak.

Mendozak zehaztu duenez, sintomak dituzten edo isolatuta dauden erabiltzaileen irteerak "ez dira baimenduko", COVID-19arekin bateragarriak diren sintomak dituzten senitartekoek bisitak egin edota kanpora lagundu ezingo duten bezala. "Irteera terapeutikoak egitea, gaua kanpoan ez igarotzea eta leku itxiak eta jendetsuak saihestea" gomendatzen da. Zentzu horretan, gaua kanpoan igarotzea dakarten irteerak, zentrora itzultzean, sarrera berritzat hartuko dira eta "Osasun Publikoko protokoloek kasu horietarako ezarritakoak kontuan hartu beharko dira".

Zentro bakoitzak, irteera bakoitzari dagokion jarraipena egingo du, laguntzailea erregistratuz eta irteeren ordutegiak zehaztuz. Laguntzaileak ezingo dira zentrora sartu eta horretarako egokitutako espazioetan jaso ahal izango dituzte senideak. Irteerak egiten dituzten egoiliarrek eta senitartekoek "prebentzio eta distantzia sozialeko neurriak" bete beharko dituzte, "gainerako komunitateak bezala, maskarak erabiltzea barne", gaineratu du bozeramaileak. Zentrora itzultzean, tenperaturaren kontrola egingo da, baita eskuen, oinetakoen, eta bastoiak eta gurpil-aulkiak bezalako euskarrien higienea ere.

Mendozak gogorarazi duenez, Gipuzkoako gizarte-zerbitzuetan Errealitate Berrira Egokitzeko Planak bost fasetan banatutako prozesu bat jasotzen du, 0tik 4ra bitartekoa, azkena ekainaren 22an hasiko dela. Planaren helburua errealitate berrirako trantsiziorako ibilbide-orri bat ezartzea da, COVID-19aren etorkizuneko bilakaeraren aurrean "prebentzioan eta erantzun azkarrean" oinarrituta eta "uneoro pertsona guztien ongizatea eta osotasuna bermatuz”.

Plan horren esparruan, eta bisitei dagokienez, 3. fasetik aurrera senideen bisitak egiten ari dira, eta alarma-egoeraren amaiera dela eta, bisita horietan bi senitarteko egon ahal izango dira, eta ez dute zertan pertsona berberak izan bisita guztietan. Dementzia larriak edo komunikazioa zailtzen duten zentzumen-urritasunak dituzten pertsonen kasuan, bisitak egin ahal izango dira kontaktu fisikoarekin, gainbegiratuta eta prebentzio-neurriak zorroztuta. Bestalde, bizi-amaierako bisitak gelan egiten jarraitu ahal izango dira, osasun-krisia hasi zenetik egin izan den bezala, eta ez dute denbora-mugarik izango.

Aldaketarik gabe azken orduetan

Egunero bezala, Gipuzkoako adinekoen egoitzen egoeraren balantzea egin du bozeramaileak, eta azken 24 orduetan, 65 zentrok eta 5.425 plazak osatzen duten sarean ere ez dela aldaketarik izan adierazi du. COVID-19n positibo emanda jarraitzen duen pertsona bat da, eta ez da kasu berririk, altarik edo hildakorik atzeman azken orduetan ere egoitza-sarean.

Gaur arte, 394 adinekok gainditu dute gaixotasuna, 168 zendu dira eta bat da diagnostiko positiboarekin jarraitzen duena, eta Eibarko Ospitaleko solairu soziosanitarioan artatua izaten ari da. Gipuzkoako egoitzetan lehen COVID-19 kasuak atzeman zirenetik, gaur duela hiru hilabete, 15 zentro geratu dira birusik gabe kasu aktiboak izan ondoren. Zentro horiek dira: Tolosako Iurreamendi, Eibarko Egogain, Irungo Caser Residencial Anaka, Zarauzko Santa Ana, Hondarribiko Caser Residencial Betharram, Zumaiako Otezuri, Donostiako Aita Etxe, Beasaingo Arangoiti, Donostiako La Paz, Ordiziako San Jose, Zumarragako Argixao, Eskoriatzako Jose Arana, Eibarko San Andres, Arrasateko Iturbide eta Donostiako Berra.

  

1426