Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea EHE gaixotasunak abeltzaintzaren sektorean izandako eragina arintzeko laguntzak onartu dira

EHE gaixotasunak abeltzaintzaren sektorean izandako eragina arintzeko laguntzak onartu dira

Aldundiak 400.000 euroko aparteko laguntza bat bideratuko du hildako animaliengatik eta jardueraren errendimenduan izandako eraginagatik konpentsazioak ematera

2023/10/24
Gobernu kontseilua

Diputatuen Kontseiluak gaur onartu ditu Gaixotasun Hemorragiko Epizootikoak (EHE) eragindako abeltzaintzaren sektorerako aparteko laguntzak, behien azpisektorera zuzenduta (haragia, esnea, mistoa, gizentzekoa eta basatiak), 400.000 euroko dotazioarekin. Helburua da babestea jarduera horretan jarduten diren baserritarrak eta arintzea EHEak eragindako krisiaren ondorioz beren ustiapenetan jasaten ari diren zailtasun sozioekonomikoak. “Gaixotasunaren ondorioz animalien errendimendua gutxitzen ari da, osasun tratamendua eta arretaren kostuak handitzen eta hilkortasuna igotzen. Neurri honekin, egoera honen aurrean babesa eman nahi diegu, gure konpromisoa delako Gipuzkoarako, gure ekonomiarako, paisaiarako eta orekarako funtsezkoa den jarduera hau babestea”, azaldu du Irune Berasaluze bozeramaileak.

Deialdiak bi konpentsazio lerro ditu: bata, animalien heriotzarako eta, bestea, gaixotasuna gainditutakoan ekoizpenean edo ugalketan izan dituzten ondorioetarako; onuradun bakoitzeko gehieneko laguntza 15.000 eurokoa izango da. Gipuzkoako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan izena emanda dauden behi ustiategietako titularrek edo titularkideek eskuratu ahal izango dituzte. Eskaerak eta dokumentazioa internet bidez aurkez daitezke, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikotik (https://egoitza.gipuzkoa.eus), dirulaguntzen atarian; han egongo dira eskuragarri informazio guztia eta eskaera egiteko inprimakiak.

Laguntzarako eskabideak dira iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik -egun gutxi barru argitaratuko da– 2023ko azaroaren 27ra arte aurkeztu ahal izango, eta ordainketa urtea amaitu aurretik egingo da, Berasaluzek iragarri duenez. Gogoan izan behar da duela aste batzuk gaixotasunari aurre egiteko animaliei aplikatzen zaien urgentziazko tratamenduaren % 100 ordaintzea erabaki zuela Aldundiak, eta horri gaur onartutako neurria gehitu behar zaio.

“Osasun krisi hau hasi zenetik, azkar eta determinazio handiarekin jardun gara, laguntzeko, jarraipena egiteko eta laguntza ekonomikoak emateko ekintzak abian jarrita nekazaritzako eta abeltzaintzako sektorerako, gaixotasunaren eragin sozioekonomikoa murriztearren. Jakitun gara sektorea egoera oso larria bizitzen ari dela, lehendik ere erronka oso garrantzitsuak zituela. Eta pandemian egin genuen bezalaxe, legediak ematen dizkigun aukera guztiak aprobetxatzen ari gara kalte handiena jasan duten sektoreak aparteko neurriekin babesteko”, adierazi du bozeramaileak.

Joan den ostegunean, Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatuak eta Aldundiko arduradun politiko eta teknikoek jakinarazi zieten sektoreko eragileei laguntza hauek onartu zituela Aldundiak, erakundeak sustatutako Jarraipen Mahaiak egindako bileran. Mahai horretan parte hartzen dute eragileen eta Abelur, Lurgintza, ENBA, EHNE,

Blonda, Terreña, Limousin, GIFE, Gitxegi eta Abere Albaitariak elkarteen ordezkariek. Gaixotasunaren bilakaera aztertzeaz eta haren eraginari buruzko informazioa partekatzeaz gain, mahai honetan jorratzen dira hari aurre egiteko hartu beharreko neurriak. Guztira 4 bilera egin dira, eta datorren astean beste bat egingo dute.

“Sektorearekin etengabeko lankidetzan ari gara eta gure arteko komunikazioa irekita dago une oro”, adierazi du bozeramaileak, eta Aldundiaren partetik “animoa eta hurbiltasuna” helarazi dizkie eragindako baserritarrei. “Zenbaitetan kalte ekonomikoak azpimarratzen dira, baina kontuan izan behar dira giza faktorea, desgaste animikoa eta animaliak sufritzen eta osasuna galtzen ikusteak eragiten duen kezka ere. Haien ondoan egoten jarraituko dugu".

Irailaren 5ean Gipuzkoan birusa lehen behian antzeman zenetik, gaixotasuna lurralde guztian zabaltzen joan da. Azken datuen arabera, Gipuzkoan 1.945 positibo erregistratu dira 498 ustiategitan, 209 inguru abelburu hilekin. Azken astean eragin handiena jasaten ari diren eskualdeak dira Donostialdea, Bidasoaldea eta Tolosaldea. Bozeramaileak azpimarratu du orain arte gaixotasunaren bilakaera aurreikustea “oso zaila” izan dela, “denbora gutxian zabaldu izan baita ordura arte batere afekziorik ez zuten eremuetan”. Gaineratu du tenperaturen beherakadak eta euriak egoera hobetzen lagun dezaketela, nahiz eta azpimarratu duen “zuhurtzia eta prebentzio neurriak” mantendu behar direla.

Fortuna handiak

Gaurko bileran ere, Fortuna handien aldi baterako elkartasun zergaren Foru Arauaren Proiektua onartu du Kontseiluak. Gipuzkoako Batzar Nagusien onespenaren mende jartzea ebatzi, eta eskaera egin du urgentziazko prozeduraren bidez tramita dadin, BBNNen Erregelamenduaren 85. artikuluaren arabera. Izan ere, bozeramaileak adierazi duenez, zerga berriaren birtualitateak aurtengo abenduaren 31n ondorioak izan behar ditu; hartara, “tramitazio epeak ahalik eta gehien murriztu behar dira”, foru agindua egun hori baino lehen onartuta eta argitaratuta egon dadin.

Zerga berria nola arautu behar den planteatzeko garaian, garrantzi handikoa da aintzat hartzea zerga berria ondarearen gaineko zergaren osagarri dela, hain zuzen ere, lurralde historikoek araugintzako eskumen osoa dutelako azken horren gainean, araudi autonomoko tributu itundua denez gero. Hartara, foru arauaren proiektua ondarearen gaineko zergaren egungo erregulazioari egokitzen zaio. Zerga berriaren elementu nagusiek jasotzen dute ondarearen gaineko indarreko zergaren erregulazioa, aplikazio eremuaren, salbuespenen, zergadunaren, zerga oinarriaren, oinarri likidagarriaren eta sortzapenaren inguruko alderdiei dagokienez.

Hain zuzen ere, zerga berria onartzen bada, zerga hau ondarearen gainekoaren “osagarria” denez, zergadunei zerga horrengatik dagokien kuota kenduko litzateke, zerga berria onartzen bada, fortuna handien aldi baterako elkartasun zergaren kuotatik, ondasun eta eskubide beren gainean zergapetze bikoitza izan ez dezaten.

Esku-hartze psikosoziala

Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiak familian esku hartzeko programak garatzen dituzten zerbitzu espezializatuak ditu, eta Diputatuen Kontseiluak ere oniritzia eman die gaur esku-hartze psikosozialeko eta sozioedukatiboko zerbitzuak kontratatzeko espedienteari, ‘Bideratu’ eta ‘Trebatu’ programei, hurrenez hurren. Babesgabetasun-arriskuan dauden adingabeei eta haien familiei zuzendutako programak dira; zehazki, tratu txarrak, sexu-abusuak eta bizikidetza-arazo larriak kudeatzeko eta horiei aurre egiteko.

Kontratu horrek urtebeteko iraupena izango du, eta gehienez beste urtebetera luza daiteke. Urteko aurrekontua 7.763.025,38 eurokoa da, hau da, egungo kontratazioari dagokionez, % 26ko igoera. Familiako esku-hartzeak era askotara egin daitezke, eta talde profesionalek familia bakoitzari gehien egokitzen zaion esku-hartze mota gauzatzen dute, familia horrek bere egoeretarako tratamendu egokiena jasotzen duela ziurtatuz.

‘Bideratu’ programari dagokionez, 2021az geroztik apustu garrantzitsua egin da programa hori indartzeko, 75 plaza izatetik 100 izatera igaro baitzen, eta orain, berriz, 150 plaza izatera. Zerbitzu honek esku-hartze terapeutikoa eskaintzen die sexu-abusuko, tratu txarreko eta bizikidetza-arazo larriak dituzten familiei, haurrei eta nerabeei. 2022an 150 kasu artatu ziren guztira, tartean 200 adingabe eta 137 heldu. Esku-hartzea, funtsean, terapeutikoa da, baina, beharrezkotzat jotzen denean, hezitzaileen presentziarekin osatzen da.

‘Trebatu’, berriz, tratu txarrak jasaten dituzten eta/edo haurrak familia barruan abandonatzen dituzten familiei zuzendutako programa bat da. Guraso-trebetasunak ebaluatzea, berreskuragarritasun-pronostikoa ezartzea, gizartean eta hezkuntzan esku hartzeko plan bat egitea eta guraso-gaitasunak garatzeko beharrezkoak diren baliabideak abian jartzea ditu eginkizun. Aldi berean, 300 kasu inguru artatzen dira, eta 2022an 531 kasu artatu ziren guztira, 837 adingabe inplikatuta eta 783 heldu. “Erabaki honekin, baliabideak indartzen ditugu pertsona eta familia zaurgarrienei, gehien behar dutenei, arreta eta bbabesik onena ematen jarraitzeko”, amaitu du.

  

2371