Menu nagusira joan Eduki nagusira joan
Atzealdea

Ehun gazte inguru ari dira herritargo demokratikoari buruzko esperientzia pilotuan parte hartzen

Foto Ehun gazte inguru ari dira herritargo demokratikoari buruzko esperientzia pilotuan parte hartzen

Ehun gazte inguru ari dira herritargo demokratikoari buruzko esperientzia pilotuan parte hartzen

Prozesua migrazioari eta aniztasunari buruzko eztabaida batekin amaituko da Batzar Nagusietan, urtarrilean.

Ehun gazte inguru ari dira herritargo demokratikoari buruzko esperientzia pilotuan parte hartzen

Gipuzkoako batxilergoko lau ikastetxetako ikasleak herritargo demokratiko aktiboa lantzeko hezkuntzaren esparruko esperientzia pilotu batean parte hartzen ari dira egunotan. DemoGazte programa Gipuzkoako Foru Aldundiaren Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendaritzak Batzar Nagusien laguntzarekin bultzatu du eta kultura politiko demokratikoarekin lotutako ezagutza eta konpetentziak garatzea bilatzen du, azpimarra berezia eginez akordio politikoan eta erakunde-ehunaren ezagutzan. Donostiako Lau Aizeta, Zarauzko Lizardi, Tolosako Herrikide eta Zumarraga-Urretxuko Ikastetxea dira esperientzia pilotua garatzen ari diren zentroak. Prozesua urtarrilean amaituko da Batzar Nagusietan egingo duten bilkura berezi batekin, migrazioa eta aniztasuna eztabaidagai gisa hartuta.

            Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari Maribel Vaquerok zehaztu duenez, programa berri honek bilatzen duena da "herritargo kritiko demokratikoaren jabekuntzan ekarpen bat egitea", kasu honetan, 16 eta 17 urteko gazteei zuzendu zaie ekimena. Vaquerok  azaldu du "inkesten arabera Gipuzkoako gazteek gai sozialekiko interes handia badute ere, politikatik eta erakundeetatik oso urrun" sentitzen direla eta, hala, foru zuzendariak uste du "gure herriko instituzio demokratikoak ezagutzeko aukera" emango diela programa pilotuak" eta baita "komunitatean eta etorkizuneko eztabaidetan inplikatuz, pentsamendu kritiko eta gogoetatsua garatzekoa" ere.

            Kultura Politiko Demokratikoaren programa Aldundiaren Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendaritzaren ardatz estrategikoetako bat da. Hain zuzen, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kudeaketa Plan Estrategikoak helburuetako bat da kultura politiko eta sakontze demokratikoko programa baten bidez herritarren arteko elkarbizitza sustatzea.

           

Identitate kolektiboa eta demokratikoa

Erakunde sistema bera eta haren metodoak ezagutzeko ikasleek euren zentroetan hainbat saiotan hartuko dute parte. Prozesuaren azken atalean simulazio ariketa bat egingo da hauteskunde prozesuekin eta liderren formazioarekin. Amaieran, osoko bilkura berezia egingo dute ikasleen ordezkariek, Markel Olano diputatu nagusiaren eta Eider Mendoza Batzar Nagusietako lehendakariaren parte hartzearekin. Bilkurak etorkinen babesa, migrazioak eta aniztasuna hartu ditu gaitzat, aktualitateko eztabaida delako eta iritzi eta posizionamendu ezberdinak pizten dituelako gaiak.

            Eider Mendoza, Batzar Nagusietako lehendakariak nabarmendu du gaiaren aukeraketak eta politikarekin duen loturak gogoetarako aukera ematen duela, hau da, "nola, herritar bakoitzaren jatorriaz gaindi, guztiok garen herri honen kide, identitate kolektiboa eraikiz". Mendozarentzat, "politika elkartasunaren ikuspegitik", "errespetua eta solidaritatea balio gisa hartuz eraikitzen" da, "demokrazia bera sendotuz".

            Mendozak nabarmendu dituen beste ideiak dira elkarrizketaren kultura, guztion onuraren bilaketa eta ezberdinen arteko konfiantza. Batzar Nagusietako lehendakariak adierazi duenez, "elkarrizketa da indarkeriaren antitesia, eta hala, belaunaldi berriei zor diegu elkarrizketaren kultura konplexu eta sakon hori transmititzea".

 

Errealitate sozial eta instituzionalaren simulazio bat

DemoGazte programan zentro bakoitzetik parte hartuko duen gela bakoitzak sistema demokratikoari eta erakundeei buruzko formazio intentsiboa jasoko du eta ondoren, eztabaida prestatuko dute. Fase honetan ideia eta argudio nagusiak jasoko dira eta gela bakoitzak ordezkari talde baten aukeraketa egingo du. Metodologiaren gakoetako bat da errealitatearen konplexutasuna ulertu ahal izatea eta, horretarako, elkarteetako, enpresetako eta sindikatuetako ordezkariak ere izendatuko dituzte. Ordezkari hauek komunikazio teknikak ikasi eta proposamenak landuko dituzte azken eztabaidara begira. Ikastetxeko ordezkaritza bakoitzak diagnosi bat osatuko du eta hobekuntza proposamenak egingo dituzte gaiaren inguruan.

            Hurrengo pausua Batzar Nagusietan emango da arau parlamentarioei eta kontsentsu politikoari buruzko formazio berri batekin. Ostean, eztabaida politikoa finkatu beharko dute eta proposamenak negoziatu. Batzar Nagusietako formakuntza hau urriaren 11n hasi eta azaroaren 29ra bitartean gauzatuko da. Azkenik, osoko bilkura urtarril amaieran egingo da eta azken testu bat adostu beharko dute parte-hartzaileek. Emaitza honekin euren zentroetara itzuli beharko dira ordezkariak eta adostutakoa azalduko diete ikaskideei. Biltzar bakoitzak lortutako akordioa berretsi beharko du .

            Saioak Hezizerb elkarteko gizarte-hezitzaile talde batek gidatuko ditu eta prozesua bideratzeko material didaktikoa, dinamika ezberdinak eta galderak egingo dituzte. DemoGazte programaren koordinatzaile Iker Alustizak azpimarratu du programak "eskubideetan oinarritutako ikuspegia" duela eta balioan jarri du nola ikuspegi horrek "mundu osoan gertatzen dabilen gizarte-lan hezkuntza paradigma aldaketarekin" bat egiten duen, bereziki, adin txikikoen parte-hartze eskubidea lantzen duten proposamenekin. Alustizarentzat, programan "munduaren konplexutasuna nabarmentzen da eta, hain zuzen, jardun politikoari lotzen zaion guztioi eragiten diguten gaien kudeaketa konplexu hori".