Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Eibar eta Pasaiako egoitzak Kabian sartu dira

Eibar eta Pasaiako egoitzak Kabian sartu dira

Maite Peña diputatuak hitzarmena sinatu du Eibarko eta Pasaiako alkateekin bi egoitzak Kabia foru organismoan sartzeko.

Eibarko eta Pasaiako egoitzen kudeaketa Kabiara eskualdatzeko bi hitzarmenak sinatu ditu Gizarte Politikako diputatua den Maite Peñak, alde batetik, Eibarko alkate den Miguel de los Toyosekin, eta bestetik, Pasaiako alkate den Izaskun Gomezekin. Bi akordioen sinadurak gauzatuta, Eibarko San Andres egoitza eta Pasaiako San Pedro egoitza eta eguneko zentroa Kabia foru organismo autonomoan sartu dira 2020ko urtarrilaren 1ean.

“Kabiako eredua erreferente da, bai Gipuzkoan, baita hemendik kanpo ere, zaintza arretaren kalitatean eta jasangarritasunean oinarritzen delako. Elkarlanean oinarritutako eredua da, Aldundiaren eta udalen arteko lanketa sakon batean oinarritzen dena, hain zuzen ere” azaldu du Peñak. Gipuzkoako Foru Aldundiaren “babespean” 16 udal egoitza kudeatuko dira, “bakoitza bere berezitasunekin, eta prozesua konplexua izaten ari bada ere, hartutako konpromisoa betetzen ari gara”.

Maite Peña diputatuak gaineratu duenez, “behin Eibarko eta Pasaiako egoitzak Kabian txertatuta, prozesu osoa amaitzeko, Irungo eta Hernanikoak faltako dira, eta aurreikuspenen arabera, 2020ko lehen seihilekoan emango dira falta diren bi eskualdatze horiek”. Orain arte, Azkoitiko, Elgoibarko, Villabonako, Zumaiako, Lasarteko, Andoaingo, Bergarako, Ordiziako, Arrasateko eta Tolosako egoitzak sartu dira Kabian, “eta prozesua osatzen denean Kabiak 16 egoitza kudeatuko ditu guztira”.

Eibarko San Andres egoitzak 120 plaza ditu guztira, Pasaiako San Pedrokoak 42 eta eguneko zentroak 15. Oro har, zehaztu du diputatuak, Kabiak 16 egoitza, 1.505 plaza (1.336 egoitzetan eta 169 eguneko zentroetan), 299 langile (116 funtzionario eta 183 kontratatu), eta zerbitzua ematen duten 18 enpresa (guztira 949 langile dituztela) kudeatuko ditu. “Erronka handia” dela gehitu du eta “ardura eta erantzukizun” handiz erantzuten ari zaiola ere adierazi du.

  

1809