Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Eibar-Maltzaga bidegorriaren obrak lizitatuko dira eta 2019ko udaberrian hasiko dira

Eibar-Maltzaga bidegorriaren obrak lizitatuko dira eta 2019ko udaberrian hasiko dira

Ia bi kilometroko tarte hau eraikitzeko —funtsezkoa Debabarrena eskualde osoko mugikortasun iraunkorrerako eta osasuntsurako— 5 milioi euroko inbertsioa egingo da.

2018/11/20

Gobernu Kontseilu bidez Gipuzkoako Foru Aldundiak Azitain-Maltzaga bidegorriaren eraikuntza-proiektua onartu du. Ia bi kilometro izango dituen tarte horretan egin beharreko lanek 5,1 euroko aurrekontua dute. 2019ko udaberrian —obrak lizitatzeko prozesua amaitu ondoren— eraikitzen hasiko diren tarte horretako lanek bizikletentzako eta oinezkoentzako Eibar eta Elgoibar arteko bidea osatuko dute. Obra hori erabakigarria da, Debabarrenako mugikortasun iraunkorrerako eta osasuntsurako, Eibar-Maltzaga-Elgoibar ardatza —eskualde honetako herritarrek askotan eskatutako ibilbidea— behin betiko osatuko duelako.

Marisol Garmendia Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketako foru diputatu sozialistak adierazi bezala, “gaur onartutakoa obrak lizitatzeko eta Debabarrenako bi herrigune nagusiak lotzea ahalbidetuko duten eraikuntza-lanak 2019ko udaberrian hasteko behin betiko urratsa da.  Honakoa Mugikortasuneko Departamentuaren apustu estrategikoa da eskualde honetan mugikortasun iraunkorra eta osasungarria eta bizikletaren erabilera sustatzeko.  Zailtasun tekniko garrantzitsuak gainditu behar izan ditugu, ibilbidean dauden azpiegiturek eta orografiak tarte hau oso erronka zail bihurtu dutelako. Baina, azkenean, bizikleta eguneroko eta ohiko garraiobide gisa sustatzeko azpiegitura garrantzitsua izango den oinezkoentzako eta bizikletentzako bide hau eraikitzen hasiko gara. Horrela, Eibarko eta Debabarrenako herritarren eskaera historiko bati soluzioa eta erantzuna emango diogu”.

Zailtasun teknikoak kontuan hartuta eta hainbat aukera aztertu ondoren, azken proiektuak 5 pasagune izango ditu. Horietako bik 80 metrotik gorako luzera izango dute; alde batetik, Ego ibaia eta, bestetik, Deba ibaia eta GI-627 errepidea gurutzatuko dituzte. Tarteak bi kilometro inguruko luzera izango du eta, ia ibilbide osoan, hiru metro inguruko zabalera. Nahikoa bizikletek eta oinezkoek espazioa erosotasunez partekatzeko.

Marisol Garmendiak zuzentzen duen Mugikortasuneko Departamentuak legealdi honetan Eibar-Maltzaga bidegorriaren proiektuari berriro heldu dio, eta ibilbiderako soluzio tekniko bat aurkitu du. Proiektuak Eibarko Udalaren eta herritarren babesa eta administrazioen baimen guztiak jaso ditu. Behin betiko proiektua eta obren lizitazioa onartu ondoren, prozesuak aurrera jarraitzen du eraikuntza-lanak 2019ko udaberrian hasi ahal izateko. Lanen finantzaketan Eskualde Garapeneko Europako Funtsak parte hartzen du, Euskadiko EGEF 2014-2020 Programa Operatiboaren esparruan.

  

1259