Eider Mendoza diputatu nagusiak “samina eta atsekabea” adierazi du Joxe Azurmendiren heriotza dela eta
Eider Mendoza diputatu nagusiak “samina eta atsekabea” adierazi du Joxe Azurmendiren heriotza dela eta
Eider Mendoza diputatu nagusiak “samina eta atsekabea” adierazi du Joxe Azurmendiren heriotza dela eta
Azurmendik euskal pentsamenduaren, euskal kulturaren eta euskararen alde, nahiz gure herri izaeraren alde eginiko “lan zabala eta sakona” goraipatu ditu diputatu nagusiak.

Gipuzkoako diputatu nagusiak, Eider Mendozak, Joxe Azurmendi Otaegiren heriotzagatik sentitzen duen “samina eta atsekabea” adierazi ditu eta doluminak helarazi dizkie haren gertuko denei, Jakini, unibertsitateari eta euskal kulturgintza osoari. Azurmendik euskal pentsamenduaren, euskal kulturaren eta euskararen alde, nahiz gure herri izaeraren alde eginiko “lan zabala eta sakona” goraipatu ditu diputatu nagusiak.
Mendozak nabarmendu duenez, Azurmendik jakintzari eta pentsamenduari eskaini dizkie bere “bizitza, jakituria eta talentua”, beti “euskaratik eta Euskal Herritik landutako begirada eta konpromiso argi” batekin. Horrela, euskal gizarteak azken hamarkadetan izan dituen “oinarri, auzi eta eztabaiden” inguruan gogoetak landuz eta partekatuz, “berebiziko arrastoa” utzi du gure herrian.
“Euskal nazioak azken hamarkadetan eman duen pentsalari inportanteena joan zaigu. Haren lan agortezinak gogorarazten digu zer nolako garrantzia duen euskal pentsamendu propio bat garatzeak. Egun bizi ditugun sustraiko eraldatzeen aurrean, arrazoiari uko egiten dioten korronte ideologikoen garaian, gure gizarteak eta herriak pentsamendu eta ideia egoki eta sakonen beharra du. Joxe Azurmendiren lana izango da, aurrerantzean ere, garai aldakor eta ziurgabe hauetan kokatzeko itsasargi nagusienetako bat”, gehitu du Eider Mendozak.
Egindako lan eta ekarpen joriagatik, lurraldeko ikur nagusia, Gipuzkoako Urrezko Domina, jaso zuen 2018an Azurmendik Jakin Taldeko kide gisa –Joseba Intxausti, Joan Mari Torrealdai eta Paulo Agirrebaltzategirekin batera–, euskalgintza ulertzeko, bizitzeko eta aldarrikatzeko modu iraunkor eta ireki bat sortzeagatik. 2019an, berriz, Euskal Herriko Unibertsitatearekin eta Jakinekin elkarlanean, Pentsamendu Garaikiderako Joxe Azurmendi Katedraren sorrera sustatu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak.
4100