Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Gipuzkoa estatuko eta nazioarteko 15 herrialde eta 500 profesionalengana iritsi da ekonomia zirkularraren arloan

Gipuzkoa estatuko eta nazioarteko 15 herrialde eta 500 profesionalengana iritsi da ekonomia zirkularraren arloan

Asensio: “Orain ekonomia zirkularra errealitate gisa bultzatzeko unea da".

2021/02/03
Foto Gipuzkoa estatuko eta...

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak hasiera eman dio Ekonomia Zirkularrari buruzko Nazioarteko III. Topaketari, EuRIC (Birziklatze Industrien Europako Konfederazioa) eta FER (Errekuperazioaren eta Birziklapenaren Espainiako Federazioa) erakundeekin lankidetzan. Gaur egun bizi dugun pandemia egoera dela eta, garrantzi berezia hartu du Ekonomia Zirkularraren topaketa honek; izan ere, lehen aldiz on line egin da, eta, horri esker, mundu osoko 15 herrialde eta 500 pertsonarengana iritsi da. Aurtengo edizioan, jardunaldiek oso ikuspegi praktikoa eskainiko dute, eremu eta toki desberdinetan egiten ari diren ekintza zehatzak ezagutzeko.

José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak inauguratu du gaurko saioa, eta Espainian eta Europan egiten ari diren politika eta estrategia publikoak ezagutaraztea izan du ardatz, guztion artean normaltasun berri bat eraiki ahal izateko. Horri dagokionez, Asensio foru-arduradunak gaurko egunaren garrantzia azpimarratu du, izan ere, “Europako eta Espainiako politikek lagunduko digute estrategia berriak ezartzen eta deskarbonizazio-helburuak lortzen, energia fosilak ordezten eta hondakinak optimizatzen eta aprobetxatzen”.

Lehen jardunaldi honetan, bertatik bertara ezagutu ahal izan dira ekonomia zirkularreko nazioarteko eta tokiko adituen iritziak, esperientziak eta ezagutzak. Azpimarratzeko da Margarita Ruiz Saiz Aja Trantsizio Ekologikorako Ministerioko Ekonomia Zirkularreko zuzendariorde nagusiaren parte-hartzea. Espainian Ekonomia Zirkularra bultzatzeko neurri espezifikoei buruzko txostena ezagutzera eman du.

Europako Batzordeko Ekonomia Zirkularreko taldeburu María Rincónek bere ikuspegia eman du, eta Europan ekonomia zirkularreko politiken ezarpenaren berri eman du. David Zabala Naturklima Gipuzkoako Aldaketa Klimatikoaren Fundazioko zuzendariak ere parte hartu du, eta bere ekintza-ardatz estrategikoetako bat azaldu du: Ekonomia zirkularrari buruzko “hub” bat sortzea Gipuzkoan. Azkenik, Ángel Fernández Homar Espainiako Ekonomia Zirkularrerako Fundazioko lehendakariak nazioarteko ekonomia zirkularrari eta jasangarritasunari buruzko ezagutza partekatu du.

Topaketak enpresa-mundua, gizarte-ezagutzarena eta erakundeena batzen ditu, lurralde iraunkorragoa sortuko duten praktiketarantz aurrera egiteko. Ekonomia zirkularraren arloan Gipuzkoak ezarri dituen helburuak indartzen dituen ekintza, 2030ean % 70eko birziklatze-tasa lortu nahi duena eta lurraldea ekonomia zirkularreko ereduetan aitzindari eta Europako erreferente bihurtu nahi duena.

Gaur egun, birziklapenaren sektoreak 5.000 lanpostu ditu eta 500 milioi euro inguruko fakturazioa. José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak adierazi duenez, “helburua da kopuru horiek bikoiztea 2030erako, eta ekonomia berdeak 10.000 enplegu izatea Gipuzkoan”. Horregatik, ekonomia zirkularra “klima-aldaketaren aurkako borrokan aurrera egiteko giltzarria izateaz gain, funtsezkoa da aberastasun- eta ongizate-iturri gisa, baita Gipuzkoaren etorkizunerako ere”, esan du Asensiok”.

  

430