Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Ekonomia zirkularreko 29 proiektu babestu dira, guztira 1,1 milioi euroko laguntzekin

Ekonomia zirkularreko 29 proiektu babestu dira, guztira 1,1 milioi euroko laguntzekin

ETEek, enpresa-elkarteek eta klusterrek ekimen eraldatzaileak gauzatzen dituzte Ekonomia Sustapeneko Departamentuaren laguntzarekin.

Foru Aldundiak Gipuzkoako enpresa txiki eta ertainen, enpresa-elkarteen eta klusterren ekonomia zirkularra bultzatzeko 29 proiektu babestu zituen 2021ean, 1,1 milioi euroko laguntzarekin, guztira. Gaur egun martxan dauden ekimen horietatik gehienek, 22k, lurraldeko enpresa-sarearen lehiakortasuna eta eraldaketa indartzeko 2021eko deialdiaren barruan jaso dute foru-erakundearen babes ekonomikoa jaso dute, Ia 4,4 milioi euro bideratu ziren horretara, eta gainerako 7ak ekintzailetza bultzatzeko deialdiaren barruan lagundu dira. “Ekonomia zirkularrak izugarrizko potentziala du garapen-aukera berriak sortzeko, hazkundea eta iraunkortasuna uztartuz, eta Europak lehentasunezko eremu gisa ezarri duen trantsizio ekologikoaren zutabeetako bat da. Gipuzkoa berdeagoa eta lehiakorragoa eraikitzeko funtsezko apustua da”, Jabier Larrañaga Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko diputatuak berretsi duenez.

           Laguntza lerro hauen bidez, Ekonomia Sustapeneko Departamentua lanean ari da ekonomia zirkularra enpresa jardunaren balio-kate osoan integratzeko. Hala, laguntza eskaintzen da Gipuzkoako enpresen ezaugarri, behar eta aukeretara egokitutako estrategiak diseinatzeko, enpresen eta beste eragile batzuen arteko lankidetza bultzatzeko, aukera-hobiak identifikatzeko, negozio ereduak ekonomia zirkularrerantz bideratzeko, bioekonomiaren enpresa-bideragarritasuna ahalbidetzeko, oinarri teknologikoko enpresa berriak sortzeko, edo balio erantsiko negozioen eta jardunbide egokien modelizazioa lortzeko. Azken batean, ekonomia zirkularrak eskaintzen dituen gaitasun eta aukera guztiak aprobetxatu nahi ditu, produktuen, zerbitzuen eta negozioen balio-kate osoan, ekodiseinua edo ekoserbitizazioa bezalako eremuetan aukera berriak identifikatzen lagunduz.

          Babestutako proiektuak askotarikoak dira, bai edukiari dagokionez, bai horiek gauzatzen dituzten sektore edo eragileei dagokienez. Enpresei dagokienez, besteak beste, Polikey enpresak plastikoen birziklatze kimikoko teknologia berri batean lan egiten du; Baby Auto Emausekin elkarlanean ari da maskotentzako produktuak egiteko, haurren autoen aulkitxoak desmuntatuta; Twin and Chic enpresak zirkularizazioa inplementatzen du haurrentzako moda linea dermo-osasungarrian; Erlain enpresak plastiko % 100 birziklatu eta birziklagarriko molde adimendunak garatzen ditu; Oremotorrek parke eolikoen bizitza luzatzeko proiektu bat gauzatzen du; Kendu enpresak alderantzizko logistika, birziklatze eta berrerabilpen sistema bat aplikatuko du, ehungintzako elementuena zein egitura-euskarriko osagaiena; Antas ingeniaritza konpainiak perspektiba zirkularra txertatuko du zubien eta egitura handien diseinu industrialean; Betik-ek produktu jasangarriak garatuko ditu ospitale-sektorerako; eta JMA Alejandro Altunak bere giltzetan beruna erabiltzeari utziko dio.

Aipatzekoa da enpresa-elkarteek eta klusterrek ere parte hartu dutela deialdian. Adibideetako bat Arotzgi (zurgintza) da, saltzeko eta espazioak eraldatzeko zurezko altzariak gordetzeko, biltegiratzeko eta eraldatzeko esperientzia pilotua egiten ari dena; Euskadiko Elikaduraren Klusterrak ontzien eta bilgarrien ekodiseinua produktuen garapen-prozesuetan integratzeko aukera emango die Gipuzkoako elikagai-enpresei; Aclima enpresak metodologia bat garatuko du, jatetxe-arloko establezimenduek beren jardueraren ingurumen-inpaktua aztertu ahal izan dezaten eta ekonomia zirkularreko prozesuak txertatu ditzaten; Eraikune eraikinak birgaitzen jardungo da; Gaia, teknologia elektronikoetan eta informazioaren teknologietan; eta Impact Hub, berriz, tresna elektriko eta elektronikoen hondakinen (TEEH) tratamenduan.

Aholkularitza

Ekonomia Sustapen Sailaren bitartez, ikuspegi bertikala osatzen da (berrerabilpenaren eta birziklapenaren sektorea), ehun ekonomiko osoaren eta enpresa-sektoreen zirkularizazioari lagunduz. Ildo horretan, enpresei eta eragileei eredu zirkular bat ezartzeko aukera emango dieten tresnak garatzen ere ari da Aldundia. Horrela, Mondragon Unibertsitatearen CircularTRANS plataforma babestu du, hasierako diagnostikoa, emaitzen analisia, aukeren hautaketa, ibilbide-orria eta ekintza-plan bat egiteko aukera ematen duena, eta 56 konpainia erabiltzaile dituena. Horri Oleku gehitu behar zaio, enpresen berrikuntza zirkularrari lau lekutatik laguntzeko: pertsona, talde intraekintzaileak, enpresa-estrategia eta ikaskuntza komunitarioa. Orain arte 62 erabiltzaile izan ditu.

Larrañagak deialdiak zein aholkularitzako tresnak izaten ari diren erantzun bikaina azpimarratu du. Izan ere, “berriz ere agerian gelditu da gure enpresak bizkor eta ondo mugitzen ari direla gure ekonomiaren etorkizuna neurri handi batean markatuko duten hiru trantsizio handiei aurre egiteko: digitalari, sozial/demografikoari eta, kasu honetan, ingurumenekoari. Ekonomia zirkularrak atea irekitzen die negozio- eta enplegu-aukera berriei, eta, gainera, emisioak murrizten ditu, baliabide naturalen kontsumoa minimizatzen du eta hondakinen sorrera murrizten du. Gure ongizatea bermatuko duen ekonomia indartsua eraikitzeko zutabeetako bat izan behar du”. “Horregatik –gaineratu du–, lanean jarraituko dugu, txip aldaketa hori gero eta enpresa gehiagotara iristeko, beharra bertute bihur dezaten, eta gogoeta egin dezaten beren jarduera osoan ikuspegi zirkularrak ekar ditzakeen onurei buruz. Eta beste eragile eta enpresa batzuekin lankidetzan egin dezaten, Gipuzkoan eta Euskadin kluster eta elkarte oso indartsu eta dinamikoak dauzkagulako”.

  

1912