Menu nagusira joan Eduki nagusira joan
Atzealdea

Gipuzkoako hamar proiektu berrik osatuko dute lehen mundu biraren V. mendeurrena oroitzeko programa ofiziala

Foto Gipuzkoako hamar proiektu berrik osatuko dute lehen mundu biraren V. mendeurrena oroitzeko programa ofiziala

Gipuzkoako hamar proiektu berrik osatuko dute lehen mundu biraren V. mendeurrena oroitzeko programa ofiziala

V. mendeurrenaren Espainiako Gobernuko Batzorde Betearazlea Aldundian bildu da.

Gipuzkoako hamar proiektu berrik osatuko dute lehen mundu biraren V. mendeurrena oroitzeko programa ofiziala

V. mendeurrenaren Espainiako Gobernuko Batzorde Betearazlea Aldundian bildu da, aurten egingo den jarduera sorta onesteko

Aldundiak eta Elkano Fundazioak sustatu dituzte onetsi diren proiektuak, besteak beste, jarduera akademikoak eta ikerketari lotuak, ikuskizunak, itsas bidaiak eta argitalpenak.

Itxaso: «Saiatzen ari gara Espainia mailako beste tokiko erakunde eta instituzio kulturalekin elkarlana bilatzen. Gaur Foru jauregian antolatu dugun bilera asmo horren erakusle ere bada, Elcanoren irudia eta euskaldunon ekarpena lehen mundubira hartan, ezagutua eta haintzat hartua izan dadin mundu zabalean».

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Departamentuaren gonbitari erantzunez etorri da Gipuzkoara lehen mundu biraren V. mendeurrenaren Espainiako Gobernuko Batzorde Betearazlea, bosgarren bilera egitera. Bilkuran, Mundubira 500: Elkano Fundazioak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako hamar proiektu onetsi dira, Batzordeak antolatzen dituen jarduera ofizialen programaren barruan. Programa hori ere bilera berean onetsi da, ekimen eta proiektu partekatuak egiteko eta Juan Sebastian Elkanok munduari bira eman izana batera oroitzeko xedez.

Topaketan onetsi dute Elkanoren balentria eta irudia mundu osoan sustatzeko nazioarteko estrategia ere. Bilera eta gero, Batzordeko kideek bisita egingo dute Albaolara, San Juan itsasontziaren erreplikaren eraikuntza lanak ezagutzera; arratsaldean, berriz, Euskal Itsas Museoan izango dira.

Elkano Getariako itsasgizon bat izan zen, munduari bira lehen aldiz egin ziona. Itsas espedizioa 1519ko abuztuaren 10ean abiatu zen Sevillako portutik Sanlúcar de Barramedako portura, Fernando Magallaes portugaldarra buru zuela. Han eskuadra hornitzen amaitu eta gero, irailaren 20an abiatu zen espedizioa Ekialdeko Indietara iristeko itsas igarobidea aurkitzeko asmoz. Betiere Gaztelaren itsasoak zeharkatuz, Espezia Uharteetaraino bidea aurkitu nahi zuten, mendebalderako ibilbidea deitzen zioten hori, hain zuzen. Magallaes hil ondoren, espedizioa Elkanoren esku geratu zen, eta hark erabaki zuen itzulera itsaso portugaldarrak zeharkatuz egitea, Afrika inguratuz. Hala, Indiako Ozeanoa zeharkatu, eta Afrika inguratu eta gero, lehen aldiz inguratu zen Lurra: 1522ko irailaren 6an burutu zuen espedizioa, Victoria ontzian abiapuntuko portura, Sanlúcar de Barramedara, iritsi zenean bizirik atera ziren beste 17 itsasgizonekin batera.

Denis Itxaso Kulturako diputatuak garrantzitsu irizten dio erakundeek lankidetzan jarduteari eta batera lan egiteari «oroitzapenezko ospakizun handi honek ahalik eta eraginik handiena izan dezan mundu mailan. Juan Sebagian Elcanok burutu zuen mundubirak, gizakiaren lehen esperientzi globala suposatu zuen azken finean. Nik uste dut honez gero ez lukeela zentzu handirik izango horrelako konmemorazio bat gure kabuz era isolatuan ospatzea, eta horregatik saiatzen ari gara Espainia mailako beste tokiko erakunde eta instituzio kulturalekin elkarlana bilatzen. Gaur Foru jauregian antolatu dugun bilera asmo horren erakusle ere bada, Elcanoren irudia eta euskaldunon ekarpena lehen mundubira hartan, ezagutua eta haintzat hartua izan dadin mundu zabalean”, esan du Itxasok.

Aukera ezin hobea da gure historia eta gure itsas tradizioa mundu osoan zabaltzeko. Dimentsio zabala du, Getaria, Gipuzkoa eta Espainia gainditzen baititu espiritu unibertsala duen balentria honek, eta guk gai izan behar dugu haren dimentsio kultural, turistiko eta ekonomikoaz baliatzeko. Elkano oso ezezaguna da oraindik munduan eta, beraz, komenigarria da denok batera lan egitea garai hartan hain garrantzi handia izan zuen egintza mundu osoan ezagutu dadin», esan du.

Itxasok onetsi diren proiektuen aniztasuna nabarmendu du: jarduera akademikoak eta ikerketari lotuak, ikus-entzunezko ikuskizunak, Getaria eta Sevilla arteko itsas bidaiak eta argitalpenak, besteak beste.   

Eranskinak