Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiaren eta Elgoibarko Udalaren arteko akordioa Aita Agirre Kulturunea birgaitzeko

Aldundiaren eta Elgoibarko Udalaren arteko akordioa Aita Agirre Kulturunea birgaitzeko

Kultur etxe moderno eta funtzionala egingo dute

2017/09/14

Denis Itxaso Kulturako diputatuak eta Ane Lukene Beitia Elgoibarko alkateak lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur goizean Aita Agirre Kulturunea birgaitzeko.

Aldundiak 510.000 euro jarriko ditu eraikina finkatu, eraberritu eta zaharberritzeko obrak egiteko.

Denis Itxaso Kulturako diputatuak proiektuaren garrantzia azpimarratu du eta, halaber, eraikinari izaera balioaniztuna, malgua, modernoa eta funtzionala eman nahi zaiola adierazi du.

"Gure ondarea zaintzen jakin behar dugu, baina, aldi berean, erabilera praktikoa eman behar diogu, hori baita gure ondarea zaintzeko modu bakarra; proiektu hau jokabide horren adibide argia da. Elgoibar herri bizia da, eta kultura arloan lan egiten duten mota guztietako entitate ugari daude; beraz, elkarteek bai herritarrek merezi dute beraien beharrei erantzungo dien toki egoki bat izatea" esan du.

XX. mendearen hasieran eraikitako eraikin historikoa da eta, geroago, eranskin bat egin zen.

Eraikinak lau solairu ditu eta 1900 m2-ko azalera erabilgarria; gaur egun, jatorrizko egitura mantentzen du, eta harlangaitzezko karga-hormaz, forjatuz, narriatutako egurrezko estalkiaz, eta harlangaitza eta pinturadun morterozko entokatua konbinatzen dituen harri naturalezko fatxadaz osaturik dago, baina narriadura nabaria da, forjatuek ez dute eusteko ahalmenik, zutabeak ustelduta daude, eta hezetasun arazoak daude, besteak beste. Beraz, eraikina zurkaiztu eta hustu egin da, eta bertan zeuden elkarteak Elgoibarko beste toki batzuetan kokatu dira.

Egoera horren aurrean eta partaidetza prozesu bat egin ondoren, Udalak erabaki zuen jatorrizko erabilera berreskuratzea eta kultura erabilera ematea, eraikinak duen azalera eta herrian duen kokapena aprobetxatuz.

Udal Bandak eta txarangak erabiliko dute behe solairua, akustika ona duen gunea baita, eta plaza berean kokatuko da musikarekin zerikusia duen guztia, kontserbatorioa ere alboko eraikinean baitago. Bi areto balioaniztun egokituko dira erakusketak jartzeko eta kultura ekintza ezberdinak antolatzeko, behe solairuan eraikiko den Kafe Antzokiarekin lotuta.

Lehenengo solairuan hitzaldi areto bat jarriko da, eta bertatik eraikinaren terraza berrira eta Euskara, Kultura eta Gazteriako udal sailetara sartu ahal izango da.

Bigarren solairuan liburutegi moderno bat jarriko da. Estalkipean, berriz, DEBABE edo udal euskaltegia kokatuko da, eta baita ere Elgoibarko Izarra elkartea, gazteen aisialdirako jarduerak eta Gazteleku eta Ludotekako zerbitzuak kudeatzen dituen elkartea.

 

 

 

  

1480