Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Elikadura jasangarrirako eta mugikortasun berrirako trantsizioa azkartu du Gipuzkoak

Elikadura jasangarrirako eta mugikortasun berrirako trantsizioa azkartu du Gipuzkoak

Gipuzkoa Deep Demoren misioei lotutako lehen dirulaguntza deialdia martxan du Aldundiak, eta 890.000 euro bideratu ditu 18 proiektu finantzatzera.

Ekitaldiaren une bat

Gipuzkoa Deep Demonstration abiadura hartzen hasi da. Ekimen honen helburua da Gipuzkoa esperimentazio aurreratuko lurralde bihurtzea, gizarte, ekonomia eta ingurumen trantsizio iraunkor baterako. Azken hilabeteetan definizio lan bat egin ondoren, Etorkizuna Eraikizen esparruan eta Climate-KICen aholkularitzarekin egiten ari den prozesuak, hedapen-fasea hastearekin batera, lan egingo duen bi misioetan sakondu du: elikadura iraunkorra eta osasungarria, eta mugikortasun berria, gizartearekin elkarlanean landu beharreko erronka konplexuak biak ala biak. Esparru horretan, Foru Aldundiak bi misio horiei lotutako laguntzen lehen deialdia aktibatu du, 890.000 euroko zuzkidura duena, eta 18 proiektu berritzaile martxan jartzea ekarri duena.

Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak Gipuzkoa Deep Demonstration-en fase berriaren aurkezpen ekitaldian parte hartu du gaur, Donostiako Aquariumean egin dena. Bileran parte hartu dute, besteak beste, Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako diputatu Jose Ignacio Asensiok; Climate-KICeko aholkulari Andoni Hidalgok; Idom enpresako Joannes Granjak eta Aztiko Jaime Zufiak. Foroan 90 pertsona inguru izan dira, Gipuzkoako gizarte antolatuaren ordezkariak: unibertsitateak, udalak, zentro teknologikoak, garapen agentziak, enpresak eta lehen sektoreko eta mugikortasunaren sektoreko eragileak.

“Gipuzkoa Deep Demok bultzatzen dituen misioen bidez, Gipuzkoan ematen ari diren berrikuntza-prozesuak elkartu nahi ditugu, eta gaur egungo eta funtsezko gizarte arazoetara bideratu, hala nola elikadura jasangarria edo etorkizuneko mugikortasuna”, adierazi du Olanok. Gogoratu duenez, Europa osoa eredu jasangarriagoetarako trantsizio ekologikoan lanean ari da gaur egun, eta ekonomiaren deskarbonizazioa, Climate-KICekin aliantzan, Gipuzkoak aurrea hartu nahi du. “Erakunde horren eskutik, esperimentazio eremua izan nahi dugu, nazioarteko erreferente bihurtzea ahalbidetuko digun proba banku bat, eta hor lantzen ditugun esperientzia aurreratuak beste lurralde eta eskualde batzuetara esportatu ahal izatea”, azaldu du.

Orain, misioak hedatzeko fasean, Gipuzkoa Deep Demonstration-ek ezarritako erronka da misioen inguruan dauden berrikuntza jarduerak koordinatzea eta soluzio multzo berri bat diseinatzea eta garatzea. Olanok azpimarratu duenez, prozesuan parte hartzen duten eragileei zuzendutako ahalegina da, eta horregatik jarri da abian laguntza deialdia, zeinari unibertsitate, fundazio, elkarte, administrazio publiko eta enpresa publiko eta pribatuek heldu dioten. “Bi misioek ezarritako helburuak lortzeko, ezinbestekoa da elkarrizketatik harago doan eta ekintzara eramango duen konpromiso soziala, eta funtsezkoa da gizarte antolatuaren inplikazioa. Eta laguntza deialdia erabakigarria da horretarako”, adierazi du.

18 proiektu

Aldundiak 18 proiektu aktibatu ditu Gipuzkoa Deep Demori lotutako dirulaguntzen lerroaren bidez, eta 890.000 euro bideratu ditu horretara. Dirulaguntzen lerro honen helburua da berrikuntza, ikerketa edo prototipo jarduerak barne hartzen dituzten proiektuak bultzatzea, lankidetza eta elkarlan logika batean, eta misio bakoitzaren inguruan definitu diren jarduketa ildoen inguruan arituko direnak. Zehazki, aktibatutako 18 proiektuetatik 3 mugikortasun berriarekin lotuta daude, eta gainerako 15ak elikadura iraunkorrarekin erlazionatuta.

Mugikortasun berriarekin lotutako proiektuak EPL Engineering, Eyefoil eta Moov Drives Technology enpresek gauzatuko dituzte, eta honako hauek izango dira, hurrenez hurren: BMS (Battery Management System) sistema bat garatzea, mugikortasun elektrikoko ibilgailuen bateriak kudeatzeko; itsasoko sektorearen emisioak murriztuko dituen itsasontzi elektriko eta hidrohegaldun baten prototipoa aurrediseinatzea; eta Donostian azken miliako banaketa-linea berri baten inpaktuari buruzko azterlan bat garatzea, karga bizikleta eraginkorragoak, indartsuagoak eta birsortzaileagoak erabiliz.

Bestalde, diru-laguntza jaso duten elikadura jasangarriarekin lotutako proiektuen artean, besteak beste, Gipuzkoan turismo gastronomiko iraunkorra sustatzea, lurraldean tokiko produktuen kontsumoa sustatzea eta Gipuzkoako elikadura sisteman jasangarritasuna sustatzea helburu duten ekimenak daude. Diruz lagundutako proiektuen garapenean lan egingo duten eragileen artean, Gaztaren Institutua, Prosumerlab, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoa eta Basque Food Cluster daude, besteak beste.

Bi misioak

Lehenengo misioa, elikadura jasangarriari buruzkoa, honela definitzen da: 2040an, Gipuzkoak elikadura-sistema iraunkorra, osasungarria, eskuragarria eta lehiakorra izango du, tokiko ekoizpenaren potentziala maximizatuko duena eta kontsumo arduratsua sustatuko duena, lurraldearen kultura eta nortasuna proiektatuz. Misioak bost arlo programatiko zehaztu ditu: tokiko ekoizpen primario iraunkorra bultzatzea; kontsumo arduratsua sustatzea; elikagai- eta gastronomia-industria lehiakorragoa egitea; elikadura-kate eraginkor eta zirkularra sortzea; eta sozialki arduratsua den elikadura-katea lortzea.

Bigarren misioa, berriz, mugikortasun berriari lotuta dago, eta honela definitzen da: 2030erako, Gipuzkoak mugikortasun intermodaleko esperientzia bat garatuko du, oso eraginkorra, iraunkorra, irisgarria eta segurua, pertsonak ardatz dituena, lurraldearen egituraketa indartuko duena. Kasu honetan, 9 dira definitutako programa-arloak: garraio intermodala eta irisgarria bultzatzea; pertsonak ardatz dituzten mugikortasun-eredu berriak; garraio publiko eraginkorra lurraldea egituratzeko tresna gisa; eredu elektrikoago eta iraunkorrago baterantz igarotzea; trafikoa arintzea; mugikortasun konektatua bultzatzea; datuan oinarritutako mugikortasuna kudeatzea; mugikortasun aktiboa bultzatzea; eta herritarrekin eta ekosistemako eragileekin elkarrizketak sustatzea.

Bi kasuetan, programa-arlo horiek zehaztutako misioak ukigarria egiten laguntzen dute, eta elkarren artean lotuta daude. Hedapen-fasean, bi misioen inguruan dauden eragileen eta herritarren ekosistemak finkatu nahi dira, dauden ekimenak bideratu eta elkarrekin lotu, ekimen bereziak abian jarri eta gizarte-aldaketa garapen ardatz gisa ezarriz. Fase horretan, Gipuzkoako Deep Demonstration prozesuak Climate KIC eta Agirre Lehendakari Centerren aholkularitza estrategikoa eta laguntza metodologikoa ditu.

  

6623