Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Elkar-Ekin Laneanen deialdia onartu du Kontseiluak, 3 milioi eurokoa

Elkar-Ekin Laneanen deialdia onartu du Kontseiluak, 3 milioi eurokoa

Laguntza hauen bitartez, eragile sarea osatzen lagundu nahi du Aldundiak pertsona guztien enplegagarritasunaren eta kualifikazioaren alde lan egiteko.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluak gaur onartu du 2021eko Elkar-Ekin Lanean dirulaguntza deialdia, 2.920.000 euroko zuzkidura duena. Igoera nabarmena du (%250ekoa), beraz, 2020ko deialdian 1,2 milioiko zuzkidura izan baitzuen. “Elkar-Ekin Lanean estrategian lehentasunezko bezala jotako kolektiboei laguntzea izango du helburu deialdi honek, kontuan izanda gainera horien egoera larriagoa izan daitekeela gaur egun, COVID-19ak eragindako krisialdiaren ondorioz. Diruz lagunduko dira, beraz, gizarteratze ibilbide integratuak sustatzeko egitasmoak, enplegu eta formaziorako programak, gizarteratze enpresak sortzeko eta sendotzeko egitasmoak eta enplegu inklusiboa sustatzeko proiektu berritzaileak”, azaldu du Eider Mendoza, Aldundiaren bozeramaileak.

          Foru arduraduna hedabideen aurrean agertu da gaur goizean, astero bezala, Diputatuen Kontseiluan hartu diren erabakien berri emateko. Elkar-Ekin Laneani lotutako laguntza hauek sare produktibo eta soziala babesteko eta hari euskarria emateko Gipuzkoako Foru Aldundia abian jartzen ari den jardueren esparruan kokatu behar dira. “Etorkizuna Eraikizeko parte den heinean, elkarlana funtsezko pieza da Elkar-EKIN Lanean bezalako proiektu batean.      Eta diru laguntza deialdi honen bitartez, eskua luzatzen diogu Gipuzkoako gizarte antolatuari, pertsona guztien enplegagarritasunaren eta kualifikazioaren alde lan egiteko”, azaldu du Mendozak. Interesatuentzat, deialdiaren xehetasun guztiak datozen egunetan argitaratuko dira Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean.

Mendozak gogoratuko duenez, diputatu nagusiak pasa den astean aurkeztu zuen estrategia honek datozen urtetan izango duen bide-orria. “Elkar-Ekin Laneanen helburu nagusia bazterkeria arriskuan edo egoeran dauden pertsonak gizarteratu eta lan munduan txertatzea da. Nazioartean eredu gara lan babestuan eta ekonomia sozialean, hirugarren sektore sozialeko enpresei eta kooperatibei esker, hurrenez hurren. Eta horixe bera lortu behar dugu enplegu inklusiboan; lan merkatuan sartzeko eta finkatzeko zailtasun gehien duten pertsonei kalitatezko enplegua, enplegu duina, inklusiboa eskaintzeko sistema garatu behar dugu”, esan du. Horretarako, 16 lan lerro eta 30 neurri zehatzetan banatutako estrategia landu du Foru Aldundiak, Etorkizuna Eraikiz programaren babespean eta Eusko Jaurlaritzaren 2030 Enpleguaren Euskal Estrategiarekin bat eginez.

Pandemia aurreko datuen arabera, lurraldean ia 37.000 lagun aurkitzen dira pobrezia larrian eta, gainera, egoera horretan kronifikatzeko arriskua hor dago. “Elkar-Ekin Laneanen bidez, ibilbide pertsonalizatua eskaini nahi diegu, bidelagun izango duten tokiko babes sare koordinatu bat, lan merkatura iritsi arteko pauso guztiak ematen lagunduko diena, formaziotik hasi eta lan munduan txertatu arte, segimendu pertsonalizatu batekin” adierazi du Mendozak. Bazterkeria egoeran edo arriskuan dauden pertsonez gain, kualifikazio baxua dutenak, langabezian kronifikatu diren pertsonak, 45 urte baino gehiagorekin langabezian daudenak nahiz indarkeria matxistaren biktimak kontuan izango ditu, bereziki, Elkar Ekin Lanean estrategiak.

“Konbentzituta gaude jauzi garrantzitsua egin dezakegula alor honetan, eta honek populismo xenofoboari aurre egiteko balioko duela. Gipuzkoan ez dute lekurik halako jarrerek, gizarte solidarioa gara eta ehun sozial hori aktibatu behar dugu kolektibo ahulenen alde egiteko eta, horrela, Gipuzkoa pertsonen komunitate gisa indartu dadin” borobildu du Mendozak, beste behin ere elkarlanak Etorkizuna Eraikiz programaren baitan garatzen diren proiektu guztietan duen garrantzian jarriz azpimarra. Azkenik, pasa den urtean, laguntza lerro honen bitartez alor honetako 28 proiektu lagundu zirela ere iragarri du Mendozak.

 

Enplegu publikoa

Bestalde, gaurko Diputatuen Kontseiluan aurretik onartuta zeuden bi Enplegu Publikoko Eskaintza (EPE) handitu dira: bi plaza gehiago Ogasuneko goi mailako teknikarien lanpostuak betetzeko hautaketa prozesuan, eta eta plaza bat gehiago proiektu eta obretako teknikari laguntzaileen lanpostuak betetzeko hautaketa prozesuan. “Bi deialdi hauen inguruko legediak jasotzen duenez, hauetako plaza kopurua % 10 gehienez handitzeko aukera aurreikusten du, gaindituen zerrenda argitaratu aurretik hutsik geratzen direnak gehituz. Eta horixe da hain zuzen ere egin duguna”, esan du Mendozak.

          Gaineratu duenez, bi kasuetan, hautaketa probak egin dira eta bi prozesuak oposizio aldiko fasean daude orain, baina Epaimahai Kalifikatzaileak ez du oraindik gaindituen zerrenda onetsi. Hori dela eta, deitutako plaza kopurua handitu daiteke, deialdiaren oinarriek diotenaren arabera. “Beraz, albiste pozgarria da prozesu hauetan parte hartzen ari diren pertsonentzat”, gaineratu du. “Beti esan ohi dugun bezala, Enplegu Publikoko Eskaintzak dira enplegu publikoa egonkortzeko defendatzen dugun bidea. Eta eskura ditugun erreminta guztiak erabiltzen ari gara hauei bidea egiteko, eta ahalik eta plaza kopuru gehien berritzeko”, azpimarratu du.

 

Nazien kontzentrazio esparruak

Bestalde, maiatzak 5ean, hau da, bihar, 76 urte betetzen dira aliatuek Mauthausen-Gusen-eko (egungo Austria, Linz hiritik gertu) kontzentrazio esparrua askatu zutenetik. “Ezagun den bezala, bertan egon ziren euskaldun gehienak, nazien kontrako militantziagatik edo Errepublikaren aldekoak izateagatik giltzapetuta”, esan du Mendozak. Gogora Institutuak pasa den urtean plazaratutako ikerketa baten arabera, 77 gipuzkoar egon ziren II. Mundu Gerra garaian Mauthausen bezalako kontzentrazio esparruetan preso, eta hauetatik 31 lagun hil ziren.

“Honen harira, gaur aurreratzen dizueguna da Gipuzkoako Foru Aldundia omenaldia prestatzen ari dela pertsona hauentzat, ekainean egingo duguna. Gipuzkoak, lurralde bezala, pertsona hauei aitortza egin nahi die, nazien izugarrikeriaren biktima izan baitziren, gaur gure lurraldeak defendatzen dituen balio demokratikoen alde egiteagatik”, azpimarratu du foru bozeramaileak. 

 

Gizarte politikako partea

Azkenik, eta astero bezala, COVID-19 gaitzak Aldundiaren gizarte politikako baliabideetan izaten ari den eragina eguneratu du bozeramaileak. Adinekoen egoitzetako erabiltzaileen kasuan, kasu positibo bat dago Donostiako Zorroaga egoitzan. Egoiliarrak txertoa jaso zuen eta ez du sintomarik, eta Eibarko COVID-19 zentroan dago. Bestalde, pasa den astean Argixaon (Zumarraga) positibo emandako egoiliarra hil egin da. Mendozak azaldu duenez, pertsona hau gaixo zegoen, ospitaleratuta, beste patologia batzuekin, eta hauek eragin dute heriotza: “COVID-arekin zendu da, ez da COVID-a zuelako hil”. Azkenik, alor honetan baita ere, adierazi du azken asteetan Seguran positibo eman zuten 24 lagunak jada negatiboak direla.

Adinekoen egoitzetako langileen kasuan, bestalde, egun 16 langile daude diagnostiko positiboarekin 11 egoitzatan. Eguneko zentroei dagokionean, azken astean positibo bat atzeman da, eta ez da kasu berririk atzeman desgaitasuna dutenei arreta emateko baliabideetan. Bestalde, gizarte inklusioan, 2 positibo berri jazo dira azken astean, eta adingabeen kasuan ez dago kasu berririk. Amaitzeko, PCR probei dagokionean, Aldundiak, DYAko profesionalekin elkarlanean, 118.975 proba egin ditu.

  

1639