Menu nagusira joan Eduki nagusira joan
Atzealdea

Elkar-EKINek lortu du 1.950 pertsona kontratatzea

Foto Elkar-EKINek lortu du 1.950 pertsona kontratatzea

Elkar-EKINek lortu du 1.950 pertsona kontratatzea

Foru Aldundiak gizarteratze plan horren 2016-2018ko balantzea aurkeztu du. Planaren onuradun zuzenak 11.500 pertsona baino gehiago izan dira.

Elkar-EKINek lortu du 1.950 pertsona kontratatzea

Gipuzkoan gizarte bazterketa arriskuan edo egoeran dauden 11.500 pertsona baino gehiago izan dira Elkar-EKIN Gizarteratze Planaren onuradun zuzenak, enplegagarritasun plana ere barne harturik, aipatu egoeran dauden 1.950 pertsonak (1.092 emakumek eta 858 gizonek) lana lortu baitute horri esker. Batez beste, gainera, gizarte bazterketa arriskuan edo egoeran dauden 6.500 pertsona artatzen dituzte urtero Aldundiak sustatutako inklusio zerbitzu eta proiektuetan. Horixe jasotzen du Elkar-EKIN planaren 2016-2018 balantzeak, Tabakaleran (Donostia) egindako jardunaldi batean eta lurraldeko hirugarren sektoreko eta enpresa-munduko 60 elkarte eta erakundetako 150 pertsona baino gehiagoren aurrean aurkeztuak.

Aurkezpen horretan, Markel Olano diputatu nagusiak azpimarratu du gizarte zerbitzuak, aktibazio inklusiboa eta enplegu duina “gizarteratzeko funtsezko elementuak” direla, eta behar horri erantzuteko asmoz, Elkar-EKIN Plana, 2016an martxan jarri zutenetik aurrera, "Gipuzkoak populismo xenofoboaren kontra duen txertoa" bihurtu dela, hark "desberdintasunaren eta beldurraren" iturrietatik edaten baitu.

Halaber, Olanok ohartarazi du Gipuzkoa Estatuko eta Europako lurralderik "kohesionatuenetako bat" bada ere, oraindik ere “hobekuntzarako tartea” dugula, zeren eta gaur egun gure lurraldean "35.000 pertsona baititugu pobrezia arriskuan edo egoeran”. “Izan ere, pobrezia larriko kasuak, bazterketa larrikoak edo bazterketa kasuak kroniko ari dira bihurtzen", gogorarazi du Olanok, enplegua eduki arren "pobrezia erlatiboko egoeran dagoen" biztanleriaren sektore hori ere aipatzearekin batera.

Horregatik guztiagatik, adierazi du “‘Elkar-EKIN Lanean’ plana aktibatu dugula”, eta horri dagoeneko 70 eragile publiko eta pribatu baino gehiago atxiki zaizkiola, Lanbide tartean, prestakuntza-erakundeekin edo eskualde garapenerako agentziekin batera. Olanok esan duenez, Elkar-EKINeko enplegagarritasun planari esker Gipuzkoak “oso aurrerapauso handia egin du, zeren eta lortu baitugu lurraldeko eragile sozial, ekonomiko eta instituzionalak ildo berean kokatzea enplegagarritasun aukerak sortzeko, ez baina bakarrik gizarte bazterketa arriskuan edo egoeran dauden pertsonentzat, baizik eta baita langabezian edo laneko prekarietate egoeran daudenentzat ere”.

Era berean, Olanok azpimarratu du Elkar-EKINen lorpen garrantzitsuetako bat bazterketaren "balorazio eta orientazio zerbitzua" martxan jartzea izan dela, eta horren bitartez 516 pertsonarentzako "ibilbide pertsonalizatua" prestatu ahal izan dela; zerbitzu horretan, pertsona horietatik % 63k bazterketaren balorazioa jaso dute, eta horren arabera % 59,27 erabiltzaileak eta gizarte bazterketan dauden erabiltzaileak dira, eta % 39,82 gizarte bazterketa arriskuan daude.

 

 Ildo horretatik, diputatu nagusiak azaldu du balorazio hori egin ondoren Elkar-EKINek “ibilbide pertsonalizatua” eskaintzen diela pertsona horiei bazterketa arriskuko egoera horretatik irteten laguntzeko, “enplegu duina” lortu ahal izatea ekarriko dien prestakuntzarekin eta laneratzearekin batera; eta oso emaitza onak ari dira lortzen zeren eta, kontuan hartzen badugu enplegagarritasun planeko guztirako partaide kopurua: 11.510 pertsona, horien artean 4.549 gizonezkoak eta 6.961 emakumezkoak izan direla.  

Era berean, plan honek kohesio eta inklusio aktiboko 68 proiektu jarri ditu abian, tartean Habitat programa pilotua, Housing First metodologian oinarritua eta lurraldean diren etxerik gabeko pertsonak hartzaile dituena bera, edo GazteON SareLAN programa, 16 eta 23 urte bitarteko gazteak laneratzea ahalbidetzera bideratua, edo Arrakasta programa, Aldundiaren tutoretzapean egon diren eta oraindik dauden gazteei zuzenduta, EHUn unibertsitate-ikasketak hasi ahal izan ditzaten.

Bestalde, 3,2 M €ko foru inbertsioa izan duela (Etorkizuna Eraikiz ekimenaren barruko proiektuentzat), 70 plaza berri sortu dira honako baliabideetan: egoitza zentroak, eguneko eta gaueko arreta zentroak, bazterkeria egoeran dauden pertsonei zuzenduta, eta lurralde osoan banatuta, 1.098 plaza okupazional lortuta, 478 egoitza plaza, eta 185 eguneko arretakoak, horri esker lurralde oreka hobetuta.

Amaitzeko, diputatu nagusiak azpimarratu du Aldundiaren helburua dela “Gipuzkoa Europa osoko desoreka sozial txikieneko lurraldeetako bat izatea”. Eta hori da, hain zuzen ere, plan “eraginkor eta pertsonalizatu” honen jomuga. Hori baliaturik, Aldundiak bere gain hartu du lan hau guztia gidatzeko eta koordinatzeko “erronka”, hartara guztion artean Gipuzkoa “solidario eta inklusiboago bat” lortzeko, gizarte bazterketaren “prebentzioari" ere arreta emanda.

 

Aktibazio inklusiboa hobetuz

Elkar-EKIN Inklusio Planaren 2016-2018ko balantzeari buruzko jardunaldian zenbait ekintza ari dira aurkezten, alde batetik Aldundia eta bestetik plana osatzen duten proiektuetan laguntzen eta parte hartzen ari diren erakundeak, bakoitzari dagokion ardatzean, eta horien guztien gaineko ikuspegi orokorra ematen saiatuko dira.  Bestetik, jardunaldi hori puntu eta aparte gisa, ekin beharreko alderdiei buruzko gogoetarako une gisa, eta detektatzen diren hobekuntza-arlo edo gabeziak aztertzeko une gisa balio izaten ari da, datozen urteetarako plangintzara begira.

Diputatu nagusiak egin aurkezpenaren ondoren, Begoña Péres Eransus-ek (Nafarroako Unibertsitatea) gizarte bazterketa egoeran dauden pertsonei zuzendu arretaren hobekuntzari buruz azaldu txostenarekin hasi da jardunaldia. Ondoren, Fernando Consuegrak (Sartu Taldea) gizarte zaurgarritasuneko egoeran dauden pertsonentzako enplegagarritasun aukerak sortzeko moduari buruz egin komunikazioa etorri da. Hirugarren ardatza Adriana Martínez Sans-en (APTES) eskutik etorri da. Horren txostena kohesioko eta aktibazio inklusiboko proiektuak sustatzeko eta bultzatzeko moduari buruzkoa izan da. Hurrena, Félix Arrietak (Deustuko Unibertsitatea) beste sistema batzuekiko koordinazioa sendotzeko moduaz jardun du, eta Braulio Gómez Fortes-en (Deustuko Unibertsitatea) azalpenak herritarrekiko komunikazioa eta herritarrak sentsibilizatzeko modua izan ditu hizpide.

Elkar-EKINen ardatzak jorratu ondoren, mahai inguruak eta ekintza praktikoak garatu dira, aldi berean, xede zituztela honakoak: gizarte bazterketa egoeran dauden pertsonei zuzendutako arreta hobetzea; enplegagarritasun aukerak sortzea gizarte zaurgarritasuneko egoeran dauden pertsonentzat; kohesioko eta aktibazio inklusiboko proiektuak sustatzea eta bultzatzea; eta beste sistema batzuekiko koordinazioa sendotzea.

Arratsaldean, berriz, komunikazioaren arloko adituekiko debatea izango da, gizarte inklusioaren inguruko gaiak herritarrei komunikatzearen eta herritarrak horien gainean sentsibilizatzearen inguruan. Ondoren eztabaida irekia eta laneko mahaiak izango dira, Planaren etorkizunaren gainean, eta Gizarte Politikako diputatu Maite Peñak amaiera emango dio jardunaldiari.

Elkar-EKINen beste lorpen garrantzitsuetako bat izan da bazterketaren balorazio eta orientazio zerbitzua martxan jartzea