Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Elkar Taldearentzat izango da Gipuzkoako 2022ko Urrezko Domina

Elkar Taldearentzat izango da Gipuzkoako 2022ko Urrezko Domina

Mende erdian zehar, euskara eta euskal kultura sustatu eta garatzeko egindako lana aitortu nahi zaio lurraldeko bereizgarri gorenaren bitartez.

Eider Mendoza foru bozeramailea.

Elkar Taldeak jasoko du Gipuzkoako 2022ko Urrezko Domina, Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluak gaur ebatzi duenez. “Elkar Taldea euskara eta euskal kultura ardatz dituen erakundea da, eta euskararen eta euskal kulturaren sustapena eta garapena modu eraginkorrean bultzatzea da xedea, enpresa eta ekonomia, euskara eta euskal kulturaren zerbitzura jarriz. 50 urte daramatza honetan eta, hau guztiagatik, Foru Aldundiak gure lurralde historikoko bereizgarri gorena eman nahi dio, Gipuzkoaren izenean egin dezakeen omenaldirik eta aitortzarik handiena”, azaldu du Eider Mendoza, Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak. Abenduan emango zaio bereizgarria, Aldundia bertan egingo den ekitaldi batean.

          Mendoza hedabideen aurrean agertu da gaur goizean, astero bezala, azkeneko Diputatuen Kontseiluan hartu diren erabakien berri emateko, eta bertan egin du iragarpena. Gogoratu duenez, Elkar euskal gizartea lagundu, elikatu, garatu eta euskarari eta euskal kulturari irisgarritasuna eta irismena emateko sortu zen 1972an. “Bere helburua garaiko euskal kultur egoeran zegoen hutsunea betetzea zen. 1974an Elkar Taldeak 40 kide zituen, Iparraldekoak zein Hegoaldekoak, ideologia politiko anitzekin, euskara eta euskal kulturaren beharrei erantzuteko asmoz. Ezberdintasun ideologiko horrekin bete betean asmatu zuten, desberdinen artean lan egiteak erakutsi zielako eta elkarlanerako bideak ireki zizkielako”, azaldu du.

Foru arduradunak azaldu duenez, Elkar Taldearen erabaki behinena hasieratik zerbitzu integrala eman eta liburuaren balio kate osoa antolatzea zen. “Gaur egun, liburuez eta musikaz gain, komunikazioaren teknologien garapenean sortutako jarduera berriak ere jorratzen ditu, merkatu aldaketetara egokituz eta euskal ekosistema kulturalean gune zentrala eta oso zabala okupatuz. Gainera, Gipuzkoako motor ekonomiko handienetako bat dela esan daiteke”, adierazi du Mendozak. Gehitu duenez, jarduera-multzo hori ez dago etekinak banatzen dituen enpresa baten edo batzuen esku, baizik eta fundazio baten esku, Elkar Fundazioaren esku, zeinak ekintza guztiak kudeatzen baititu. Horrela, etekinak, baldin badaude, ez dira banatzen, baizik eta euskararekin eta euskal kulturarekin zerikusia duten proiektuetan inbertitzen dira erabat.

Urrezko Domina (edo Plaka, kolektiboak aitortzen diren kasuetan) Aldundiak ematen duen sari gorena da eta 1982an eman zen lehen aldiz. Harrezkero, hauek izan dira saritutako pertsonak eta kolektiboak: Jose Miguel Barandiaran (1982), Manuel Lekuona (1983), Donostiako Orfeoia (1985), Eibarko Armeria Eskola (1987), Carlos Santamaria (1991), Euskaltzaindia (1994), Jorge Oteiza, Eduardo Chillida eta Juan Mari Arzak (1998), Iñaki Gabilondo, Juan Celaya eta Jose Maria Setien (2003), Menchu Gal eta Arrasateko mugimendu kooperatiboa (2005), Pedro Luis Uriarte, Xabier Arzalluz, Carlos Garaikoetxea eta Jaime Garcia Añoveros (2005), Pedro Miguel Etxenike, Itziar Astiazaran eta Andoni Egaña (2006), Mikel Laboa (2008), lehenengo ikastolak antolatu zituzten andereñoak (2009) Angel Olaran (2010), Nestor Basterretxea, Egunkaria eta Egin (2013), Benito Lertxundi, Gipuzkoako harrera familiak eta Ordena Publikoko tribunalak kartzelara kondenatutako emakume gipuzkoarrak (2014), Juan Antonio Urbeltz eta  40, 50 eta 60ko hamarkadetan Estatutik Gipuzkoara lekualdatu ziren langileak eta euren familiak (2015), Ramon Saizarbitoria (2016), Frankismoaren biktimak (2017), Jakin (2018), Aspegi (2019) eta Donostiako Gurutze Gorriaren Zentro Soziosanitarioa (2021).

 

Berdintasuneko zuzendari berria

Bestalde, gaurko Kontseiluan onartu da Berdintasuneko zuzendari berriaren izendapena, eta Nerea Isasi Bedayo eibartarra eta Mendaroko bizilaguna izango kargu hartuko duena. Ikasketei dagokionez, Magisteritzan Diplomatua eta Psikopedagogian Lizentziatua da Isasi eta, lan esperientziari erreparatuta, hezkuntza publikoan 15 urte egin ditu lanean, azkenengo 7 urteak Lanbide Heziketan. Gainera, Berdintasuneko goi-mailako zikloaren inplantazioan parte hartu zuen, eta bertako irakasle izan da. Arlo berdinarekin lotuta, berdintasuneko ziurtagiri profesionaleko irakasle ere izan da.

“Kargu hartze hau benetan garrantzitsua da etxe honentzat. Askotan esan ohi dugun bezala, Gipuzkoa Europa mailan desberdinkeria gutxien duten lurraldeen artean kokatu nahi dugu. Eta, bide horretan, mota guztietako desberdinkeriak borrokatu nahi ditugu: sozialak, ekonomikoak, hizkuntza ikuspegikoak… eta nola ez, genero ikuspegikoak”, gogoratu du Mendozak. Bide horretan, esan du Berdintasuneko zuzendaritzaren jarduna “erabakigarria” izan dela azken urteetan, eta Gipuzkoan eman diren aurrerapausoak kontsolidatzen lagundu duela. “Aurrerantzean, Isasiren gidaritzapean, ziur nago horrela izaten jarraituko duela”, adierazi du.

 

Lehen sektorea digitalizatzeko laguntzak

Hirugarrenik, gaur onartu du Kontseiluak lehen sektorean digitalizazioa sustatzeko programako dirulaguntzen 2022 urteko deialdia. 500.000 euro bideratu dira honetara, eta baimendutako gastuaren zenbatekoa handitu ahal izango du beharrezkoa izanez gero. “Laguntza lerro honen bitartez, lehen sektorearen trantsizio digitalean lagundu nahi da eta, aldi berean, TicketBAI proiektuak ekarri dituen betebehar berrietara egokitzen lagundu nahi diegu sektoreko eragile ezberdinei”, azaldu du Mendozak.

Foru bozeramaileak gogoratu duenez, Gipuzkoarentzat, lehen sektoretik (nekazaritza, abeltzaintza, basogintza…) eratorritako jarduera ekonomikoak “zalantzarik gabeko garrantzia” du lurraldeko ekonomiarako, bai garapen sozioekonomikorako, bai enplegua sortzeko. “Sektoreari laguntzeko ildoan, trantsizio digitalaren erronkaren aurrean, beharrezkotzat jotzen da, bezeroekin eta erakunde hornitzaileekin, euskarri digitaletan oinarritutako harreman berrietarako lan egiteko moduetara egokitzeko egiten duen ahalegina babestea”, aldeztu du. “Gipuzkoarron jarduna eta bizimodua beti egon da nekazaritzarekin oso lotuta, eta gure lurraldearen ekonomiaren, aberastasunaren zati handi bat ere bada. Lehen sektore honek enplegua eta kalitatezko produktuak ere sortzen ditu eta, hau guztiagatik, Foru Aldundiak ezinbestekotzat jotzen du Gipuzkoako baserritarren eta, oro har, landa ingurunean egiten den jarduera ekonomikoa balioan jarri, babestu eta sustatzen jarraitzea”, amaitu du Mendozak.

  

3557