Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Elkarlan berriak kontrastatu dituzte Aldundiak eta Tecnunek

Elkarlan berriak kontrastatu dituzte Aldundiak eta Tecnunek

Zentroko zuzendaritza batzordearekin batzartu da Imanol Lasa diputatua.

Imanol Lasa Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko foru diputatua Tecnun Ingeniaritza Eskolako Zuzendaritza Batzordearekin elkartu da gaur goizean, Eskolako ikerketa proiektu berrien emaitzak eta enpresa eta unibertsitateekin egiten ari diren lankidetza ildoak ezagutzeko asmoz. Lanaldia Tecnunek eta Foru Aldundiak, Etorkizuna Eraikiz ekimena bitarteko dela, abian duten lankidetza hitzarmenaren barruan kokatzen da. Hitzarmen horren xedea da ikertzea nola sustatu langileen parte hartzea enpresan, ikerketarako bokazioa, ekintzailetasuna, eta espezializazio handiko profesionalentzako prestakuntza.   Bileran izan da, halaber, Jon Gurrutxaga, Foru Aldundiko Berrikuntzako eta Internazionalizazioko zuzendari nagusia. 

Bisitan, Tecnuneko zuzendari Raul Antonek Eskolaren eta AON Fundazioaren ekimenez sortu berri den Hondamendien Katedra nabarmendu du. Ekimen hori aitzindaria da Espainian eta Europan, eta hondamendi naturalen ikerketa eta azterketa sistematikoki egituratzea eta garatzea du helburu.  Horrez gain, Antonek beste zenbait ekimen ere azpimarratu ditu, besteak beste, Mitsubishi Electric Enpresa Gela (Tecnunek urte hasieran inauguratu zuena) abian jarri izana; Alemaniako DLR Zentro Aeroespazialarekin sinatuta duen akordioa, mugikortasunaren eta garraioaren esparruko ikerketa proiektuetan elkarrekin lan egitea helburu duena; eta ikasturte honetako CAF Katedra berritzea.

Aipatutako hitzarmenaz harago, dirulaguntzak eman zaizkio Unibertsitateari hainbat proiektu egiteko, Gipuzkoako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza sarea babesteko Aldundiaren deialdiaren barruan. Azken bost urteetan, eta deialdi horren bidez, babesa eman zaie bost proiekturi, 350.000 euroko dirulaguntzarekin, guztira. Askotariko gaiak lantzen dira proiektu horietan: onkologia tratamenduekiko erantzunaren aurreikuspenerako azterketa, Big Data teknologiak erabiliz; aerosorgailuetako dorreetan erabiltzen diren tokiko plastiko sekzio tubular eliptikoen azterketa; edota fluidoen kalitatea neurtzeko kostu gutxiko sentsore modelo berria garatzea, haririk edo txipik gabekoa. Azken proiektu hori, berriena, 2020ko irailean amaitzea espero da, eta Iruñeako Klinika Unibertsitarioko, MIT-eko eta Pisako Unibertsitateko ikertzaileekin elkarlanean ari dira garatzen.

Etorkizuna Eraikiz ekimenaren bidez Aldunditik jasotzen duen babesa eskertu du Ingeniaritza Eskolako zuzendariak. "Unibertsitate gisa, ezagutza sortzeko, zientzia ekoizteko eta gizartearen zerbitzura jartzeko konpromisoa dugu.  Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiogu Foru Aldundiari ematen digun laguntzagatik, eta I+G proiektuak eta inguruko zein nazioarteko enpresekin ditugun aliantzak ezagutzeko erakutsi duen interesagatik", azaldu du Raul Antonek. 

Imanol Lasak, berriz, Aldundiaren eta Tecnunen arteko “lankidetza estua” azpimarratu du, bientzat “aberasgarria” dela, eta etorkizunean eutsi nahi diotela gaineratuz. “Tecnunen gisako eragileek sortzen duten ezagutza aurreratua funtsezkoa da gure ekonomia ehunaren lehiakortasuna indartzeko eta eraldaketa errazteko, kalitatezko enplegua sortzeko gaitasun handiena duten etorkizuneko sektore ekonomikoen alde eginez. Unibertsitate eta ikerketa zentroen, erakundeen, enpresen eta gizarte antolatuaren arteko lankidetzari esker, Gipuzkoa sendotzen duten proiektuak jartzen dira martxan, eta etorkizuneko erronka sozial eta ekonomikoei aurre egiteko prestatzen gara”, ondorioztatu du.

  

1859