Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Elkarlaneko gobernantzak demokraziaren krisiari aurre egiteko duen ahalmenari heldu dio Gipuzkoak, Udako Ikastaroen hasieran

Elkarlaneko gobernantzak demokraziaren krisiari aurre egiteko duen ahalmenari heldu dio Gipuzkoak, Udako Ikastaroen hasieran

Erakundeetako, elkarteetako eta arlo akademikoko 90 ordezkari inguru bertaratu dira gaur ekimenaren lehen jardunaldira.

Erakunde desberdinetako ordezkariak

Erakunde desberdinetako ordezkariak


Miramar Jauregian egin da gaur aurtengo Uda Ikastaroetako lehena Gipuzkoan, ‘Demokrazia eta Gobernantza: nola egin aurre demokraziaren krisiari?' izenburupean, Foru Aldundiak eta EHUk bultzatuta, Etorkizuna Eraikiz ekimenaren baitan. Erakundeetako eta lurraldeko elkarte, unibertsitate eta bestelako eragileetako 90 ordezkari inguru bertaratu dira, izenemateak agortuz, administrazio publikoak egungo testuinguruan dituen erronkei heltzea eta elkarlaneko gobernantzaren kontzeptuan sakontzea helburu duen ikastarora, erakunde publikoen eztabaida-espazioa eta ekintza demokratikoa indartzeko estrategia gisa.

Eider Mendoza Gobernantzako diputatuak eta Eva Ferreira UPV/EHUko errektoreak parte hartu duten irekiera instituzionalaren ondoren, Fernando Vallespín Madrilgo Unibertsitate Autonomoko Zientzia Politikoko katedradun eta Ikerketa Soziologikoen Zentroko (CIS) presidente ohiak eta Alfonso Unceta UPV/EHUko Soziologiako katedradunak eman diote hasiera egunari, Etorkizuna Eraikiz-eko Estrategia arduradun eta Ikastaroaren zuzendari Xabier Barandiaranek gidatutako solasaldi mamitsu batekin.

Uncetak gogorarazi duenez, “Bigarren Mundu Gerraren ondoren, politikaren eta herritarren arteko akordio handi bat gertatu zen, demokrazia konkista bat bezala ulertuz, bizitzeko modu bat, ongizatea ematen zuena eta eskubideak bermatzen zituena. Mendearen bigarren erdi osoan zehar luzatzen da fenomeno hori, klase ertainen sendotzearekin eta igogailu sozialaren mekanismoak funtzionatzen duen bitartean. Hala ere, Simonek bere liburuan aipatzen duen "demokraziaren maitagarri" hori huts egiten hasten da, herritarrekiko urruntze bat ematen da eta ideologiatik kudeaketara igarotzen da politika, ideiak eta itxaropenak eskaintzeko ezgaitasun gero eta handiagoarekin”.

Vallespinek zehaztu duenez, “demokrazia beti egon da krisian, ideal demokratikoa oso zorrotza delako eta praktikan kontrastatzean zailtasunak sortzen direlako. Aldaketa da jada ez gaituela hainbeste kezkatzen demokraziaren kalitateak, ideal horrek, baizik eta kezkatzen hasi garela kalte atzeraezinak egoteaz eta desagertzeaz. Hori berria da. Lehen demokrazia gehiago eta hobea nahi genuen, eta orain demokraziari nola edo hala eustearekin konformatzen gara”, ohartarazi du.

Katedradunaren arabera, “testuingurua erabat aldatu da, eraldaketa handiek, teknologiko-digitalak, adimen artifizialak, klima aldaketak, edo biztanleriaren zahartzeak zalantzan jartzen dute bizi-baldintzen hobekuntza progresiboa. Etorkizuna gainera datorkigu, eta mehatxua ez dira populismoak, baizik eta populismoa agertzea eta pluralismoaren eta balio demokratikoen aurkako aukeren aldeko botoa ematea bultzatzen duten baldintzak. Konponbideak bilatzen dira iraganeko eredu politikoetan, hala nola mugak ixtean, estatu-nazioan edo homogeneotasun etniko-kulturalean. Baina beharrezko duguna da galdera berriak egitea, eta gizartea erabateko berregituraketa eskatzen duten fenomeno berrietarako prestatuko duten lidergoak finkatzea”.

Paradoxa hau aipatu du. “Agertoki konplexuetan, maila anitzeko sistema politikoetan eta gizarte hiper-konplexuetan bizi gara, baina dinamika da errudunak mezu hiper-sinplifikatuen bidez bilatzea. Horrek elkarrizketa demokratikoari eragiten dio, mezu sinple eta emozionalizatuen alde eginez saihesten baita. Gehiago kostatzen da argudiatzea, eta unean-uneko politika zenbat eta zailagoa izan, orduan eta zailagoa da eztabaidatzea. Eta demagogiarako joera bat ematen da benetako konponbideak ez diren irtenbide potentzialen inguruan. Higatu egiten dira kultura politiko liberala, aurkari politikoarekiko errespetua, tolerantzia, eta polarizazio horren ordez, tribu politiko bati atxikitzen gatzaizkio, bestea txarra dela pentsatuz. Fenomeno patologiko bat da”.

Ildo beretik jo du Uncetak, “emozioek konpartimentu politiko-elektoralak markatzen” dituztela esanez. “Ilusioa saltzen duten eta herritarren autoestimua goratzen duten aukerak gailentzen dira, jendeak pizgarriak behar dituelako, baina horrek populismoaren atarian jartzen gaitu. Adibidea Frantzian dugu, non klase ertainek sistema osoa zalantzan jartzen duten, beren aspirazio materialei erantzuteko duen ezintasunagatik”.

Vallejok azpimarratu duenez, “arretaren ekonomiaren testuinguru batean, emozioak dira arreta bereganatzen dutenak”, eta “ordezkaritza, parte-hartzea eta deliberazioa bateratzeko” deia egin du, “mekanismo paraleloak bilatuz, hala nola herritarren batzarrak, adituen laguntzarekin. Gero eta ugariagoak dira halako ekimenak eta arrakasta handia izaten ari dira hainbat herrialdetan, ingurumenari buruzko gaietan, esaterako. Eztabaida publiko demokratikoari zilegitasun handiagoa ematen diote”. Amaitzeko, Uncetak argitu du “gobernantza eta parte-hartzea bitartekoak” direla, “ez helburuak, eta jendeak gaiak interesatzen bazaizkio bakarrik egingo duela bat horiekin. Beraz, funtsezkoa da bere kezkak non dauden jakitea eta planteatzean asmatzea. Eta, era berean, beharrezkoa da guztiok prest egotea gure erabakien erantzukizuna hartzeko”.

Ikastaroak bihar izango du jarraipena, eta gaurko jardunaldia honako hauek osatu dute: ‘Challenges for public governance in times of uncertainty’, Geert Bouckaert-en (Lovainako Unibertsitatea - Herri Administrazioko katedraduna Gobernantza Publikoaren Institutuan) eta Maria Jose Canelen (Madrilgo Unibertsitate Konplutentsea - Komunikazio politikoko eta sektore publikoko katedraduna) arteko elkarrizketa; ‘Gobernuaren eta gizartearen arteko lankidetza’, Luis Fernando Aguilar Villanuevaren (Mexikoko Metropolitar Unibertsitate Autonomoa - Ikertzaile Nazional Emeritua) hitzaldia, eta politika publikoetako berrikuntzari buruzko mahai-inguru bat, esperimentazio aktibotik abiatuta, Alazne Alberdi (TACSI), Ainhoa Arrona (Orkestra-Deusto), Natalia Restrepo (Sinnergiak) eta Naiara Goiaren (Arantzazulab) partaidetzarekin

  

2433