Menu nagusira joan Eduki nagusira joan
Atzealdea

Emakumeen Egunean parte hartzera dei egin du Aldundiak

Foto Emakumeen Egunean parte hartzera dei egin du Aldundiak

Emakumeen Egunean parte hartzera dei egin du Aldundiak

Berdintasunarekin duen konpromisoa berritu du Aldundiak Martxoaren 8ko erakunde adierazpenean.

Eider Mendoza foru bozeramailea eta Imanol Lasa diputatua

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluak gaur onartu du datorren igandean, hilak 8, ospatuko den Emakumearen Nazioarteko Egunaren harira prestatutako erakunde adierazpena. Idatzi honetan, foru erakundeak emakume eta gizonen arteko berdintasun “efektiboa” lortzeko duen konpromisoa berritu du: “Martxoaren 8 honetan, gizarteak planteatzen dituen eskaerak erantzukizunez entzuteko konpromisoa berritzen dugu eta, Emakumeen Nazioarteko Egunean, Gipuzkoako Foru Aldundiak dei egin nahi dio gizarte guztiari antolatzen diren ekitaldietan parte hartu eta Berdintasunaren aldeko Giza Agenda garatzeko ahaleginak batzera”.

          Eider Mendoza foru bozeramaileak gaur goizean ezagutarazi du adierazpenaren edukia, aste honetako Diputatuen Kontseiluan hartu diren erabakien berri emateko agerraldian. Berarekin agertu da Imanol Lasa, Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko foru diputatua. Mendozak, bere hitzaldian, gogoratu du emakumeen eta gizonen berdintasuna, oinarrizko giza eskubidea izateaz gain, gizarte justu eta kohesionatu bat eraikitzeko ezinbesteko osagaia dela. “Horregatik, martxoaren 8an, Gipuzkoako Foru Aldundiak erakunde gisa bat egiten du mundu mailan emakumeen eskubideen aldeko aldarriarekin”, gaineratu du.

          Foru bozeramaileak gogoratu duenez, martxoaren 8ak emakumeen borroka oroitzen da, hau da, historian zehar euren eskubide laboral, ekonomiko, politiko eta sozialak aldarrikatu dituzten emakumeen jarduna. “Berdintasunaren aldeko konpromiso horrek aldaketak ekarri ditu legeetan, gizartean eta kulturan, berdintasun eta demokrazia maila handiagotarako bidean, beti ere”m esan du. Ekarpen horren errekonozimendu gisa, 1975etik aurrera Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzen du Nazio Batuen Erakundeak, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak  “bat egiten du bete-betean” deialdi honen xede eta helburuekin.

          Mendozak esan du borroka historiko honek nabarmen hobetu duela emakumeen egoera, baina hala ere “mundu osoan eta gure tokiko komunitateetan oraindik ere emakumeenganako bereizkeriak eta ezberdintasunak daude, emakume izate hutsagatik”. “Gainera, eta tamalez, azken urteotan eraldaketa horri uko egiten dion olatu erreakzionario baten zantzuak nabaritu ditugu, atzera jo nahi duen gutxiengo baten eskutik”, adierazi du. Honen aurrean, beste behin irmoki adierazi du “Gipuzkoan halako jarrerek ez dutela lekurik”.

          Foru diputatuak gogoratu du Aldundiak duen helburu estrategiko nagusia dela Gipuzkoa Europa mailan desberdinkeria maila baxuenak dituzten lurraldeen artean kokatzea, eta testuinguru horretan kokatuko litzateke “emakume eta gizonen arteko berdintasunaren arloan aurrerapausoak ematen jarraitzeko erakunde honen konpromisoa”. Puntu honetan, esan du nahiz eta azken urteetan adierazle nagusiek hobera egin duten, emakumeak oraindik ere desabantaila egoeran dauden esparru askotan, baita Gipuzkoan ere. “Errealitate honi aurre egitea da gaur berritzen dugun konpromisoa”, gehitu du.

          Aurtengo erakunde adierazpenean, Foru Aldundiak hiru eragite eremu identifikatzen ditu, konpromiso hori betetze aldera. Alde batetik, defendatzen da Gipuzkoaren etorkizuneko garapenak giza eskalako lehiakortasuna izan behar duela oinarri, pertsona bera eta haren garapena oinarrian jarriko dituzten enpresa proiektuen bitartez lortzen dena. “Puntu honetan berebiziko garrantzia du emakumezkoen garapen pertsonala, soziala eta profesionala zigortzen duten lan ereduak eta genero estereotipoak baztertzea, erantzukizun partekatuko kontziliazioa bultzatzeko eta soldata arrakala murrizteko neurri berriak sustatuz”, esan du Mendozak.

          Bigarren puntuan, Aldundiak gogoratzen du indarrean dagoen gizarte antolamenduak emakumeen bizkar uzten dituela etxeko lanak eta, bereziki, zaintza lanak bere zentzu zabalenean; ondorioz, Aldundiak errealitate horren eraldatzea sustatuko du, gizonezkoek alor honetan duten beharrezko ardura hartzea sustatuz eta horretarako baldintzak sortuz. Azkenik, hirugarren konpromisoa emakumeak emakume izateagatik jasaten duen indarkeriaren alorrean kokatzen da. “Indarkeria matxistak, eta horren barruan indarkeria sexualak, besteen artean, emakumeen askatasuna murrizten du eta beldurrez bizitzera behartzen ditu; indarkeria sistemikoa da eta erakundeen eta gizarte eragileen aldetik gero eta modu sendoagoan erantzun beharrekoa”, amaitu du foru bozeramaileak.

 

I+G sareari babesa

Gipuzkoako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sarea bultzatzeko Programaren urteroko deialdia ere onartu du ere Kontseiluak. Sare horretako entitateek I+G inbertsioak garatzeko, eta azpiegitura eta ekipamendu aurreratuetan inbertsioei aurre egiteko egiten dituzen ahaleginak babestea du helburu programak, eta 4.315.000 euro bideratuko dira horretara 2020an, aurreko urteko kopuruari eutsiz, hain zuzen. “Ikerketa, ezagutza aurreratua garatzea, eta ezagutza hori gure enpresatan eta zentroetan aplikatzea, oinarri-oinarrizko osagaiak dira gure lehiakortasuna eta gure eredu sozio-ekonomikoa indartzeko, etorkizunari aurre eginez”, ziurtatu du Imanol Lasa Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak.

Gaur onartutako egitasmoaren bitartez, lau motatako proiektu babesten dira: enpresetako I+G unitateak garatutakoak, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen beste unitate batekin edo gehiagorekin elkarlanean; enpresako I+G unitate berriak sortzen dituztenak; ekipamendu edo azpiegitura aurreratuetan inbertitzera bideratutakoak; eta I+Gkoak, bereziki Euskadirako RIS3 Estrategiaren markoan estrategikotzat definitutako lehentasunekin harremana dutenak, hau da, fabrikazioa aurreratua, energia berriak eta biozientziak/osasuna. Diru laguntzek proiektuaren % 100 kostua har dezakete zenbait kasutan, 100.000 euroko mugarekin.

2019an, programa horren barruan, 33 entitatek garatutako 55 proiektu babestu ziren: 8 enpresako I+G unitateek abiarazitakoak, 17 inbertsio proiektu, eta I+Geko 30 proiektu. Une honetan ari dira horiek gauzatzen, eta bukatzeko epea irailaren 30ean bukatzen da. Aurreneko zortzi proiektuei erreparatuz gero, askotariko gaiak dira landutakoak; bateria modulu berrientzako ezagutza sortzen dutenetatik hasi, eta automoziorako osagaien ekoizpenerako ikerketari lotutakoekin buka. Inbertsio proiektuei dagokionez, berriz, hiru proiektuk jaso zuten dirulaguntzaren gehienezko kopurua: fluoreszentzia konfokaleko mikroskopio baterako laserra –CIC Biomagune-, inprimitutako elektronika sistema -Tecnalia-, eta osagai estrukturalen fidagarritasuna neurtzeko entsegu laborategi baterako ekipamendua –Ikerlan-. 

Bereziki RIS esparruetara lotutako proiektuen kasuan, berriz, % 40k biozientziak/osasuna alorrarekin zerikusia dutenak dira, % 25ek ekoizpen aurreratuarekin erlazionatutako gaiak lantzen dituzte, eta % 6 energia berrien eta jasangarrien arloan kokatzen dira. Beste bost proiektuk askotariko arloak jorratzen dituzte, eta azken bat ekologiari lotutako gaien ingurukoa da. Nabarmentzekoa da 2019an diruz lagundutako proiektuen % 38k emakumeak zituztela buru. 2020ko deialdian eskaerak aurkezteko aurreikusitako epea GAOn argitaratzerakoan hasiko da, eta apirilaren 24an amaituko da. Eskaera egiten den unetik hasi ahal izango dira proiektuak, eta 2021eko irailaren 30erako egon beharko dute amaituta. 

Ikerketa eta garapen lanetan diharduten hainbat eragilek osatzen dute Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sarea. Gipuzkoan, saren horren barruan daude 11 Zentro Teknologiko, Ikerketa Kooperatiboko 2 Zentro, 4 BERC, Ikerketa Biosanitarioko Institutu bat, Osasunari lotutako I+Geko 2 Erakunde, enpresako I+Geko 26 Unitate, eta lau unibertsitate, besteak beste. “I+Geko arloko ekosistemak duen sendotasunagatik nabarmentzen da Gipuzkoa. Zentroen kopuruagatik, baina baita haien mailagatik, eta lantzen dituzten proiektuen aniztasunagatik. Argi daukagu ezinbesteko bidelagunak direla, gure gizarteak dituen etorkizuneko erronkei berme guztiekin aurre egin ahal izateko”, azpimarratu du. BPGarekiko I+G gastuaren datuari begiratuz gero, Europar Batasuneko batez bestekoaren gainetik dago gure lurraldea, % 2,37arekin -% 2,06 du Europak-. Hala eta guztiz ere, % 3ko ehunekoa gainditzen duten herrialdeengandik urrun dago oraindik, hala nola Alemania, Suedia edo Japonia. 

“Gizarte garapena” bermatuko duen “lehiakortasun eredu bat finkatzeko” etorkizuneko apustua egiten ari da Gipuzkoa, Diputatuaren arabera, eta horren barruan kokatu du gaur onartutako deialdia: “Kalitatezko enplegua, jasangarritasunarekiko konpromisoa, talentua erakarri eta finkatzea, eta pertsona eta bere garapena erdigunean jarriko duten proiektuak eraikitzea; horiek dira gida-lerroak. Eredu bat non enpresek eskuratu ahal izango dituzten teknologia aurreratuenak eta gauza izango diren balio sortzeko; non pertsonek ezagutza eskuratuko baitute hortik enpresa berriak sortzeko; non ezagutza honek terapia modernoenak, adinekoentzako zaintzarik onenak eta zerbitzu egokienak garatzeko aukera emango baitu”, amaitu du Lasak.

 

4.0 industria

Era berean, Kontseiluak oniritzia eman die “Gipuzkoa 4.0 Industria:produktu eta zerbitzuen Garapena” programaren oinarriei. Horren bidez, milioi bat euro bideratuko ditu lurraldeko enpresen eraldaketa konpetitiboa bultzatzeko berrikuntzaren, Fabrikazio Aurreratuaren eta 4.0 teknologien bitartez. Babesa eskaini nahi zaie, enpresa txiki eta ertainei bereziki, aurrerapausoak eman ditzaten ekoizpen eraginkorrago eta jasangarriago baterako pausoetan, teknologia eta material berriak txertatuz, baina baita berrikuntza ere diseinuan, merkaturatzean, negozio ereduetan edo kudeaketa sistemetan.

2016an jarri zuen martxan programa Aldundiak, industria aurreratuago, lehiakorrago eta interkonektatuago batek eskatzen zituen ahaleginak artikulatzeko. Industriak berebiziko garrantzia du sektore gisa, duen pisuagatik eta trakzio gaitasunagatik, eta enplegua eta aberastasun sortzeko motor nagusietako bat, eta nazioartekotzea eta I+Ga bultzatzeko palanketako bat delako. 2020ko deialdiaren berritasunen artean, enpresen gutxieneko tamainaren baldintza kendu da, mikorenpresei aukera emateko; gutxieneko aurrekontuaren baldintza ere alde batera utzi da, eta Gipuzkoako ekoizpen guneek eta guneentzako egindako garapen esperimentaleko proiektuei kabida eman zaie, eskatzailearen egoitza soziala lurraldetik kanpo egonda ere.

Joan den urtean, deialdi honek babesa eman zien 20 proiekturi, Gipuzkoako zazpi eskualdetan:  Debagoiena (5), Donostialdea (5), Debabarrena (3), Urola Erdia (3), Goierri (2), Beterri (1) y Oarsoaldea (1). Komunikazioaren, Informazioaren eta Elektronikaren Teknologietan, Ingeniaritzan, makinerian ta produktu metalikoetan garatzen dute beren jarduera enpresa parte-hartzaileek. Aplikazioak askotarikoak izan ziren: negozioaren eta ekoizpen prozesuaren kontrola, konektagarritasuna eta mugikortasuna, big data, zibersegurtasuna, konputazioa eta cloud, robotika aurreratua, fabrikazio aditiboa, trazabilitatea edo errealitate areagotua eta birtuala. Lasak ohartarazi du Gipuzkoako “asko duela jokoan” bere industriaren digitalizazio prozesuan; hori horrela, dei egin du “indarrak batzeko, eraldaketa prozesua bultzatze aldera”.

 

Memoria historikoa

Azkenik, oroimen historikoaren arloko egitasmoak bultzatzeko dirulaguntza proiektua ere onartu du gaurko Diputatuen Kontseiluak, udalei eta irabazi asmorik gabeko erakunde pribatuei zuzenduta dagoena. Laguntza lerro honen helburua memoria historikoa berreskuratzea da, hau da, Gipuzkoak eta bertako herritarrek bizi eta jasan izan dutena berreskuratzea, honela iragana azaleratu, egia ezagutu eta errekonozimendua lortzeko. Lerro honek duen zuzkidura 140.000 eurokoa da.

          “Oroimen historikoa landuz eta ikertuz, egia azalera atera nahi dugu eta belaunaldi berriei transmititu, gure gazteek herri honen historia ezagutu dezaten”, esan du foru bozeramaileak. Nabarmendu duenez, alor hau lantzea foru erakundeak dituen lehentasunetako bat izan da orain arte, eta etorkizunean ere horrela jarraitzeko konpromisoa berretsi du. “Foru Aldundiarentzako, berebiziko garrantzia dauka egia ezagutzea eta justizia eta erreparazioa lortzea iraganeko gertakarientzako; ikertzea eta transmititzea oinarrizko bi ariketa, iraganean bizi izandakoa pasarteak etorkizunean ez daitezen errepikatu”, aldeztu du.

          Mendozak gogoratu duenez, pasa den urteko deialdiari esker lurraldeko udalek gauzatu zituzten 16 proiektu finantzatu ziren, eta 17 ekimen irabazi asmorik gabeko elkarte pribatuen eskutik. Bataz beste, proiektu bakoitzak 4.000 euro inguruko laguntza jaso zuen. “Udalek egin zituzten proiektuen artean, batzuk aipatzearren, 1936an Elgoibarko zentral elektrikoan egin ziren fusilamenduak ikertu ziren; Lezoko kontzentrazio eremua ikertu zen; Donostian oroimen historikoari lotutako ibilbideak jarri ziren martxan; eta Zizurkil, Aduna, Larraul eta Asteasun Sasetaren defentsa sistemarekin erlazionatutako gazteentzako lan mintegiak lagundu ziren. Elkarteei dagokionean, finantzaketa jaso zuten, besteak beste, Manuel Larramendi Kultur Bazkunak, SOS Arrazakeriak edota Intxorta 1937 Kultur Elkarteak. Lerro honen bidez babestu ziren proiektuen artean, berriz, frankismoaren kontra borrokatu zirenen ahotsen bilduma edota emakumeak frankismoaren errepresioaren biktima bezala izan zuten paperari buruzko ikerketa daude.