Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Emakumeen Nazioarteko eguneko erakunde adierazpena

Emakumeen Nazioarteko eguneko erakunde adierazpena

Martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, Diputatuen Kontseiluak onartutako erakunde adierazpena.

Emakumeen eta gizonen berdintasuna, oinarrizko giza eskubidea izateaz gain, gizarte justu eta kohesionatu bat eraikitzeko ezinbesteko osagaia da. Horregatik, martxoaren 8an, Gipuzkoako Foru Aldundiak erakunde gisa bat egiten du mundu mailan emakumeen eskubideen aldeko aldarriarekin.


Martxoaren 8ak emakumeen borroka oroitzen du. Historian zehar euren eskubide laboral, ekonomiko, politiko eta sozialak aldarrikatu dituzten emakumeen jarduna, alegia. Berdintasunaren aldeko konpromiso horrek aldaketak ekarri ditu legeetan, gizartean eta kulturan, berdintasun eta demokrazia maila handiagotarako bidean, beti ere. Ekarpen horren errekonozimendu gisa, 1975etik aurrera Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzen du Nazio Batuen Erakundeak. Gipuzkoako Foru Aldundiak bat egiten du bete-betean deialdi honen xede eta helburuekin.


Enplegu eskubidea, sufragio eskubidea, independentzia ekonomikoa izateko eta, gizartean eta politikan parte hartzeko eskubidea; bizitza duina izateko eskubidea –hitzaren zentzurik zabalenean–; indarkeriarik, esplotaziorik eta gutxiespenik ez jasateko eskubidea. Horiek guztiak aitortu eta gauzatzeko bidean, itzelak izan dira orain arteko lorpenak. Hala ere, mundu osoan eta gure tokiko komunitateetan oraindik ere emakumeenganako bereizkeriak eta ezberdintasunak daude, emakume izate hutsagatik. Bereizkeria hori beste batzuekin gurutzatzen da: klase, etnia, adin, kultura, sinesmen, migrazio-estatus, sexu-orientazio, genero-identitate edo gaitasunekin, besteak beste.


Martxoaren 8a sinbolismo handiko eguna da. Berdintasunaren alorrean egindako aurrerapenak ospatzekoa, baina baita ere egiteke dagoena gogoratzekoa. Tamalez, azken urteotan eraldaketa horri uko egiten dion olatu erreakzionario baten zantzuak nabaritu ditugu, atzera jo nahi duen gutxiengo baten eskutik. Beste behin, irmoki adierazten dugu Gipuzkoan halako jarrerek ez dutela kabidarik. Gipuzkoarren konpromisoa erabatekoa dela gizon eta emakumeen berdintasunarekin.


Europan desberdintasun maila txikienak dituen pertsonen komunitatea izan nahi du Gipuzkoak. Hortxe kokatzen da, hain zuzen ere, gizonen eta emakumeen berdintasunean aurrera egiteko konpromisoa. Nahiz eta positiboa izan erreferentzia adierazleen bilakaera, emakumeak desabantaila egoeran ageri baitira eremu askotan, baita gure lurraldean ere. Eta egoera horri aurre egitea da gaur, hemen, adierazten dugun konpromiso irmoa. Oraindik ere oso nabaria da soldata arrakala; agerikoak dira genero desberdintasunak etxeko zein pertsonak zaintzeko lanen erantzukizunak hartzeko garaian; halaber, oraindik ere indarrean jarraitzen dute lanaren banaketa sexualaren aztarnek, generoaren araberako rolen bidez ezarritakoek.


Gipuzkoako Foru Aldundiak, martxoaren 8an, bere konpromisoa berresten du gizonen eta emakumeen arteko berdintasun efektiboa sustatzeko jardunean. Bizitzako esparru guztietan eragiteko –enplegua, ekonomia, zainketak, kultura, gizarte partaidetza–, eta aurrera egiteko emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabeko lurralde izateko bidean.


1. Gipuzkoaren etorkizuneko garapenak giza eskalako lehiakortasuna izan behar du funtsean: pertsona bera eta haren garapena oinarrian jarriko dituzten enpresa proiektuak behar ditugu.
Puntu horretan berebiziko garrantzia du emakumezkoen garapen pertsonala, soziala eta profesionala zigortzen duten lan ereduak eta genero estereotipoak baztertzea, erantzukizun partekatuko kontziliazioa bultzatzeko eta soldata arrakala murrizteko neurri berriak sustatuz. Egiteke daukagun eraldaketa kultural eta soziala da, gizartean eta enpresetan heldu beharrekoa.


2. Indarrean dagoen gizarte antolamenduak emakumeen bizkar uzten ditu etxeko lanak eta, bereziki, zaintza lanak bere zentzu zabalenean. Erakunde honek errealitate horren eraldatzea sustatuko du, gizonezkoek alor honetan duten beharrezko ardura hartzea sustatuz eta horretarako baldintzak sortuz. Gipuzkoako Foru Aldundiak emakumeen eta gizonen kontziliazio erantzunkiderako estrategia garatzen jarraituko du.


3. Eskubide urraketarik larrienak, alegia, emakumeek emakume izate hutsagatik pairatzen duten indarkeriak, gizartean bizirik dirau tamalez. Indarkeria matxistak, eta horren barruan indarkeria sexualak, besteen artean, emakumeen askatasuna murrizten du eta beldurrez bizitzera behartzen ditu; indarkeria sistemikoa da eta erakundeen eta gizarte eragileen aldetik gero eta modu sendoagoan erantzun beharrekoa.
Martxoaren 8 honetan ere, gizarteak planteatzen dituen eskaerak erantzukizunez entzuteko konpromisoa hartzen dugu, eta ahalik eta arreta handiena jarri behar dugu. Emakumeen Nazioarteko Egunean, Gipuzkoako Foru Aldundiak dei egin nahi dio gizarte guztiari antolatzen diren ekitaldietan parte hartu eta Berdintasunaren aldeko Giza Agenda garatzeko ahaleginak batzera.

  

1530