Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Emakumezkoen Futbolari buruzko Nazioarteko Lehen Biltzarra, Gipuzkoan: berdintasuna sustatzeko eta kirola garatzeko mugarri historikoa

Emakumezkoen Futbolari buruzko Nazioarteko Lehen Biltzarra, Gipuzkoan: berdintasuna sustatzeko eta kirola garatzeko mugarri historikoa

Goizane Álvarez: "Biltzarrak jarduera sorta zabala eskainiko du, besteak beste, hitzaldiak, mahai inguruak eta tailerrak. Horietan, funtsezko gaiak jorratuko dira, hots, emakumeek futbolean duten parte hartzea, futbol jarduera uztea prebenitzeko estrategiak, soldata berdintasuna, aukera berdintasuna, eta emakumeen futbolak komunikabideetan duen ikusgarritasuna".

2024/05/24
Congreso

Kultura eta Kirol Departamentuak Emakumezkoen Futbolari buruzko Nazioarteko Lehen Biltzarra antolatuko du Ficoba Gipuzkoako Erakustazokarekin batera. Azaroaren 21ean eta 22an izango da, eta mugarri historikoa izango da emakumezkoen futbola sustatzeko, kirolean berdintasuna bultzatzeko, eta kiroleko sexu indarkeriaren aurka borrokatzeko.

Goizane Álvarez Irijoa Kultura eta Kirol diputatuak eta Cristina Laborda Ficobako lehendakariak biltzarrari buruzko informazioa jasoko duen web orria eta biltzarraren edukiaren zati bat aurkeztu dute. Biltzarrak funtsezko gaiak jorratuko ditu, hala nola lesioak eragiten dituzten faktore biomekaniko eta soziokulturalak, sexu indarkeriaren prebentzioa futbolean eta horrek osasun mentalean eta errendimenduan duen eragina, bai eta emakumeen futbolaren garapena eta zabalkundea mundu mailan sustatzeko estrategiak ere.

"2024ko azaroan, Gipuzkoa emakumezkoen futbolaren nazioarteko hiriburu bihurtuko da" adierazi du Álvarezek, eta aurrekaririk gabeko ekitaldi honen garrantzia azpimarratu du. Emakumezkoen futbolaren inguruan dabilen izen handiko jendea elkartuko da, mundu guztitik etorritakoa, jokalariak, entrenatzaileak, arbitroak eta agintariak barne direla.

Biltzarraren helburua da emakumeek egiten duten kirolaren esparruan aurre egin beharreko erronkak eta aukerak lantzea, batez ere gaur egungo futbolean. "Partekatzeko, hitz egiteko, esperientziak trukatzeko, beste esku-hartze eredu batzuk ezagutzeko eta gauzak egiteko beste modu bat posible dela pentsarazteko espazio bat izango da. Funtsezkoa da, halaber, identifikatzea zeintzuk diren beste modu horiek kirolean berdintasuna benetakoa izan dadin eragiten dutenak, indarkeriarik, aurreiritzirik, estereotiporik eta baldintzapen historikorik gabekoa", adierazi du Álvarezek.  

Irungo alkate eta Ficoba Fundazioko lehendakari Cristina Labordak azaldu duenez, "beste behin ere, Irun ekitaldi aitzindari baten egoitza izango da. Ekitaldi hau kiroletik harago doa. Kirolaren bidez berdintasuna lortzeko urrats irmoa da. Emakumezkoen futbola ikusaraztea eta balioestea da helburua, eta arlo horrek gizarteari eskaintzen dizkion bertute guztiak partekatzea: emakume ahaldundu eta talentudunak, neska askorentzat erreferente direnak. Gainera, biltzar honetan ikusiko dugu nola emakumeen futbola ekonomiaren elementu eragile ere bihurtu den".

Biltzarraren programa

Azaroak 21.

  • 1. mahaia: Emakumezkoen futbolaren bilakaera Espainian
    • Mugarri historikoak identifikatzea eta emakumeek kirolean izan duten parte hartzea aztertzea, jardunean dauden futbol jokalarien ekarpenen bidez.                      
  • Hitzaldia: Emakumeen futboleko lesioen arrisku faktoreak
    • Lesioak murrizteko ikerketa eta estrategiak. Hitzaldia kirol arloko medikuek emango dute.
  • 2. mahaia: Emakumezko entrenatzaileak, talde teknikoak eta arbitroak
    • Emakumeak arbitro izateko prestakuntza sustatzeko rolak eta estrategiak aztertzea. Emakumezko nazioarteko entrenatzaileek, arbitroek eta UEFAko ordezkariek parte hartuko dute.
  • Mahai ingurua: Gaur egungo entrenamendua elite mailako futbolean
    • Nazioarteko lorpenek emakumeen futbolaren pertzepzioan nola eragiten duten aztertzea. Hitzaldi honetan emakumezko nazioarteko entrenatzaile bat izango da.

Azaroak 22

  • Hitzaldia: Emozioen lanketa futbolean
    • Osasun emozionala eta horrek kirol errendimenduan duen eragina aztertzea.
  • Hitzaldia: Emakumeen futbola mundu osoan garatzeko erronkak eta aukerak
    • Emakumeen futbola zabaltzeko erronka eta estrategia globalak aztertzea.
  • 3. mahaia: Sexu indarkeria eta botere abusuak futbolean
    • Emakumeen kiroleko sexu indarkeriari heltzeko azterketa eta proposamenak.
  • Mahai ingurua: Erakundeak eta emakumeen futbola
    • Emakumeen futbolaren garapen globalean erakundeek duten zeregina ebaluatzea.

Webgune bat sortu da, irailetik aurrera interesa duten pertsonak kongresuan erregistratzeko. Gaurtik aurrera, newsletterrean ere eman daiteke izena, azaroaren 21ean eta 22an Ficoban (Gipuzkoako Feria Barrutia) egingo den Emakumezkoen Futbolaren lehen biltzarrari buruzko informazioa jasotzeko. Esteka honetan aurkituko duzue informazio garrantzitsu guztia: https://congresoff.ficoba.org /

  

1520