Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Energia berriztagarriei lotutako industria, Gipuzkoako ekonomia suspertzeko «zutabe sendo bat»

Energia berriztagarriei lotutako industria, Gipuzkoako ekonomia suspertzeko «zutabe sendo bat»

Laulagunek «berrikuntzaren eta kalitatearen aldeko apustu irmoa» egiten duela nabarmendu du Gipuzkoako diputatu nagusiak, Idiazabalgo instalazioetara gaur goizean egin duen bisitan.

2021/05/27

Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olanok gaur goizean adierazi du energia berriztagarriekin lotutako industria «oinarri sendo eta funtsezkoa» dela lurralde osoaren ekonomia suspertzeko; izan ere, egiaztatu du «puntakoak diren eta ondo kokatuta dauden» enpresak daudela «exijentzia goreneko» sektore horretan. Idiazabalgo Laulagun enpresaren egoitza nagusira egin duen bisitan, Olanok enpresa horrek «berrikuntzaren, kalitatearen eta nazioartekotzearen alde egiten duen apustu irmoa» nabarmendu du. Enpresa honek, Gipuzkoako hiru lantegiez gain, Indian ere badu lantegi bat.

Konpainiako arduradun nagusiekin izandako bileran parte hartu dute Pello Irujo zuzendari nagusiak, Legris Industries Taldeko presidente Erwan Taton-ek, eta Ekonomia Sustatzeko foru diputatu Jabier Larrañagak, besteak beste. Bileraren ondoren, diputatu nagusiak adierazi du «erabateko konfiantza» duela Gipuzkoako industriak «etorkizuneko erronkei aurre egiteko» duen «gaitasun teknologiko eta berritzailean». Gogorarazi du erronka horietako bat «ekonomia berde bat garatzea» izango dela, gure gizartearen trantsizio energetikoa bultzatuz «jarduera ekonomiko berri bat eta lanpostu berriak» sortzeko gai izango dena.

«Energia eolikoaren esparrua, onshore zein offshore, aukera-eremu bat da Gipuzkoarentzat. Ezagutza aurreratua sortzeko proiektuak ditugu, berritzen duten eta merkaturik zailenetan lehiatzen diren enpresa fabrikatzaileak. Laulagunen adibideak ekonomia berdea garatzeko jarraitu beharreko bidea erakusten digu, horixe baita, hain zuzen, EBren arabera, pandemia osteko suspertze sozial eta ekonomikorako balio nagusietako bat», adierazi du Olanok. Ildo horretan, diputatu nagusiak iragarri du Aldundiak laster laguntza-deialdi bat egingo duela Gipuzkoako enpresa-sarearen aukerak, balio bereizgarria eta jasangarritasuna sustatzeko, 4,28 milioiz hornituta, lurralde «industrial, lehiakor eta jasangarri» baterako eraldaketa sustatzeko.

Inbertsioa I+G+Bn

Laulagun Bearings-ek errodamendu handiak eta orientazio koroak diseinatu, fabrikatu eta adhoc merkaturatzen ditu, besteak beste, aerosorgailuetarako, eraikuntza-makinetarako edo jasotze ekipoetarako. Ia 50 urteko esperientzia du, bi produkzio zentro, I+G zentro bat eta entsegu zentro bat ditu Idiazabalen (Gipuzkoa), eta hirugarren ekoizpen planta bat Indian. Gaur egun, nazioarteko, estatuko eta tokiko proiektu askotan parte hartzen du Laulagunek. Esate baterako, prototipoak baliozkotzeko metodo berritzaileak garatzera bideratutako Innteresting proiektuaren bazkide espainiarretako bat da. Parte hartzen du, orobat, energia eolikoaren kostuak murriztea helburu duen Romeo nazioarteko proiektuan.

Tokiko mailan, sektorearen egungo erronkei ematen zaien erantzun teknologikoa hobetzea helburu duen Modeol proiektuaren parte da. Proiektu hori Eusko Jaurlaritzak finantzatzen du, Haziteken bidez. Azken horri lotuta, Laulagun Bearingek, martxotik, programa horren laguntza du I+G proiektu batzuetarako, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko zentro teknologikoekin lankidetzan.

Horrez gain, Laulagun Windbox partzuergoko enpresa bazkideetako bat da –Euskadiko fabrikazio eoliko aurreratuko lehen zentroa da Windbox–. Turbina eoliko mota guztietarako (>6MW) osagaien entseguak egiteko aukera ematen du, eta Foru Aldundiaren laguntza ere badu.

Zalantzarik gabe, Laulagun Bearings Gipuzkoako lurraldeko eta industria-sareko enpresa traktoreetako bat da. Gaur egun, 300 langile ditu plantillan (2020an baino 77 langile gehiago), eta «hurrengo urteetan zifra hori handitu nahi dugu I+G+B arloan egiten dugun apustuari esker eta nazioartean gero eta merkatu gehiagotan murgilduz», azpimarratu du Pello Irujok, Laulagun Bearings-eko zuzendari exekutiboak. 

«Gure bezeroei irtenbiderik onenak eskaintzen jarraitzea da Laulagunen izateko arrazoietako bat»; horregatik, Aldundiko ordezkariei adierazi die «etorkizuneko garapen lerroek egungo ildoari jarraituko diotela, nazioartekotzearen, 4.0 industriaren, I+G+Bko inbertsioaren, gure bezeroen LCOE murrizketaren eta gizarte erantzukizunaren alde eginez».

  

2033