Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Enpresen salmentak % 18,2 hazi ziren pasa den urteko azarora arte, 2020 urtearekin alderatuta

Enpresen salmentak % 18,2 hazi ziren pasa den urteko azarora arte, 2020 urtearekin alderatuta

Abenduan joera mantenduz gero, lurraldea pandemia hasi zen urtean galdutako guztia errekuperatzeko bidean dela nabarmendu du Aldundiak.

Foto Enpresen salmentak % 18,2...

Gipuzkoako enpresek %18,2 gehiago saldu zuten azarora arte, ekitaldiko lehen hamaika hilabetetan, 2020 urteko epe berdinarekin alderatuta. Adierazle honen bi osagaiek bilakaera positiboa dute, barne merkatua %16,3 hazi baitzen, eta esportazioak %21,8. “Kontutan izatekoa da, 2020 urtean martxoa, apirila eta maiatza izan zirela hilabeterik ezohizkoenak, pandemiaren eraginagatik. Horren ostean, salmentak egonkortu egin ziren eta, gero, azaroa eta abendua izan ziren hilabeterik onenak”, azaldu du Eider Mendoza foru bozeramaileak. Gauzak honela, abenduan joera mantenduz gero, 2021 “oso on” bat itxi dela aurreratu du foru arduradunak, eta badirudi lurraldea 2020an galdutako guztia (orduan, -%10,1 erori ziren salmentak) errekuperatzeko gai izango dela.

          Mendoza hedabideen aurrean agertu da gaur goizean, asteartero bezala, azkeneko Diputatuen Kontseiluan hartu diren erabakien berri emateko. Zehaztu duenez, azarora arteko Gipuzkoako enpresen egoerari buruzko txostena kaleratu berri du Aldundiak, eta Kontseiluan aztertu dira bertan agertzen diren datuak. Ogasun eta Finantza departamentuak egin ohi du txosten hau, eta hilabetero kaleratzen da. Honela, hilabetez hilabete datu interesgarriak eskaintzen ditu, lurraldeko ekonomiaren osasunaren egoera eta bilakaera neurtzeko. Kasu honetan, 2021eko azaroko txostena da plazaratu dena eta, ondorioz, pasa den urteari buruzko ikuspegi oso zabala eskaintzen du. Txosten osoa web orrian izango dago eskuragai, ohi bezala, edozein kontsulta izanda ere.

          Mendozak sakondu duenez, 2020ko datuak ez ezik, 2019 urteko datuak ere hobetzen dituzte azarora arteko datu metatuak. Izan ere, 2019 urteko lehen hamaika hilabeteekin alderatuta, datuak positiboak dira: +%3 igo dira salmentak, barne merkatua (+3,6) zein esportazioak (+1,8) positiboan agertzen direlarik. Azaroa bakarrik aztertuz gero, hilabeteko datu isolatuak ere oso onak izan dira salmenta osoen aldetik: +%15,6 igo dira, 2020 urtearekin alderatuta, eta barruko salmentak (+%19,5) zein esportazioak igo dira (+%8,6). “Nabarmentzekoa da, 2020 urtean azaroa eta abendua izan zirela urteko hilabeterik onenak eta, beraz, alderaketa hilabete on batekin egiten ari garela”, gogoratu du Mendozak. Atzerago begiratuta ere, azaroko datuek 2019ko azaroko datuak ere hobetzen dituzte: %9,9 gehiago saldu zuten pasa den urtean lurraldeko enpresek. “  Albiste onak, beraz, azaroaren kasuan”, azaldu du bozeramaileak.

Lan-merkatuan, 2021eko azaroan lan etekinen jasotzaileen kopurua %1,3 igo da urte arteko terminoetan, eta urteko metatuan +%1,1 hazi da. Bestalde, azaroan ordaindutako soldatak %0,7 igo dira 2020ko hil beraren aldean; urteko metatuan igoera +%4,9koa da. “Emaitza horiek, salmentak bezala, aurreko urteko murrizketa nabarmenaren eta ERTE-en eraginaren eraginpean daude”, azaldu du Mendozak. Honen harira, zehaztu du lehenengo hamaika hilabete hauek 2019koekin alderatuta, enplegua %1,7 jaitsi dela, eta soldatak %0,8 igo.

 

Irakurketa ekonomikoa

Bozeramaileak nabarmendu duenez, azaroko salmenten datuak “oso onak” izan dira: bai hilabetekoak, zein urteko metatukoak, eta 2019 bezalako urte on batean jazotakoa ere hobetzera iristen dira. “Honek erakusten diguna da Gipuzkoako ekonomia indartsu ari dela berreskuratzen, eta hazten aritu dela azken hilabeteetan”, azaldu du. Honen erakusle lirateke, baita ere, pasa den astean kaleratutako Lanbideren enpleguari buruzko datuak: 2021 urtean %11 jaitsi zen langabezia Gipuzkoan, eta krisialdian galdutako enplegua berreskuratu da. “2022ra begira, beraz, gure aurreikuspenak onak izaten jarraitzen dute, azken hilabeteetako hazkundearekin jarraitzea da helburua”, esan du Mendozak.

Hala ere, nahiz eta albiste hauek baikortasunerako gonbita diren, foru arduradunak ohartarazi du “tentu handiz” jarraitu behar dela lanean. “Batez ere, ezin dugu erlaxatu. Bereziki, pandemiaren eraginpean jarraitzen dugulako, eta nahiz eta murrizketak ez diren 2020ko udaberrikoak, egoerak ezegonkorra eta aldakorra izaten jarraitzen du”, adierazi du. Honekin batera, gogoratu du badirela beste hainbat ziurgabetasun elementu nazioarteko agertokian, esaterako energiaren prezioa, osagarrien horniduraren krisia edota tentsio geopolitikoak, “guztiek ere gure ekonomian eragina izan dezaketenak”.

“Gipuzkoako Foru Aldundiaren ikuspegitik, jarduera ekonomikotik oso gertu egoteko unea da, hau bultzatu eta babesten, azken hilabeteetan berreskuratu duguna ez dadin galdu eta, batez ere, hazkundearen bidetik jarraitzeko”, aldeztu du, “ekonomia indartsua izatea baita gure ongizate estatuaren oinarria”. Honi lotuta, etorkizuneko ekonomia eraikitzen jarraitzea da 2022 honetan, Aldundiak arlo ekonomikoan duen egiteko nagusietako bat. “Urte berezia izango da esparru honetan, izan ere Etorkizuna Eraikiz egitasmoaren testuinguruan jaio diren proiektu estrategikoetan, falta diren behin betiko bi egoitza fisikoen eraikuntzak martxan jarriko dira datozen hilabeteetan: MUBIL, batetik, eta Adinberri, bestetik. Bi proiektu hauek, gainerako erreferentziazko zentroekin batera, gure etorkizuneko ekonomiaren zutabe izango dira”, azaldu du.

 

Gipuzkoa argituz

Bestalde, Gabon hauetan Gipuzkoa plazan martxan egon den ekimen parte hartzailea ere izan du hizpide Mendoza bozeramaileak. “Honen bitartez, 2022ra eta, oro har, gerora begira ditugun desioak eta nahiak adierazteko ekintza parte-hartzailea da martxan izan duguna. Abenduaren 21aren eta urtarrilaren 5aren artean, Gipuzkoa Plazatik igarotzen diren herritarrek beren ahotsa eta testigantza adierazi ahal izan dute, horrela, etorkizuneko desioen mapa osatuz eta guztion artean eraiki nahi dugun lurraldea nolakoa izatea nahi dugun irudikatuz”, azaldu du. Gipuzkoa argitu zure ahotsaz lemapean, desio horiek argi eta kolore bilakatzeaz gain, gainontzeko gipuzkoarrekin partekatu dira plazan jarritako pantaila baten bitartez.

Guztira, 2.638 gipuzkoarrek lurraldearen etorkizuneko mapa marraztu dute euren desira eta ametsak batuz.          Adin, sexu eta jatorriei dagokionez oso parte hartze anitza izan da: haurretatik hasita, pertsona helduetaraino. Osasuna, pandemiaren amaiera, gizartearen hobekuntza, familia, maitasuna, planetaren zaintza eta lan duin bat izatea izan dira desiren ildo nagusia. Euskara zein gaztelaniako ekarpenen artean oreka mantendu da, %46 euskaraz egin baitira eta gainontzekoak gaztelaniaz; eta osasuna, COVID-19 eta musukoa izan dira hitzik errepikatuenak.

“Martxan izan dugun ekimen hau, Aldundiak martxan dituen entzute aktiboko estrategiaren parte izan da. Bide berri bat, herritarren ahotsa erakundeetara helarazteko”, azaldu du Mendozak. Gaineratu duenez, herritarren partaidetza kudeaketa publikoan txertatzeak herritarren erakundearekiko konfiantza sortzen laguntzen du. “Izan ere, gobernuak indartu egiten dira, politika publikoak legitimatu, aniztasun soziala integratzen da, interes sozialak agenda publikoan sartzen dira, herritarrek bizitza publikoaren antolaketa prozesuetan parte hartzen dute, eta gizarte zibilaren funtzioa sendotu egiten da”, nabarmendu du. Gehitu duenez, orain jaso diren ekarpen hauek, Aldundiaren politika publikoak norabide egokian jartzen jarraitzen lagunduko dute, herritarrek dituzten kezkekin lerrokatuta.

  

180