Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea EQZEk bere ikerkuntza ekoizpena sustatu du lau proiektu berriren bidez

EQZEk bere ikerkuntza ekoizpena sustatu du lau proiektu berriren bidez

Ikuspuntu berrietatik aztertuko dira zinemagintza feminista, film artxiboen kontserbazioa eta euskal zinemagintza

2018/09/04

Andréi Tarkovski zinemagileari eta Donostia Zinemaldiari zuzendutako ikerketa proiektuez gain, ikuspuntu berrietatik aztertuko dira zinemagintza feminista, film artxiboen kontserbazioa eta euskal zinemagintza.

Argitalpen digitalen bilduma batek beste begi batez begiratuko die euskal zinemagintzari eta ikus-entzunezkoei.

Ikasleek parte hartze aktiboa izango dute nazioarteko proiektu horietan; ondoren, emaitzak hainbat formatutan argitaratuko dira.

Irailean abiatuko da Elías Querejeta Zine Eskolako lehen ikasturtea, eta baita eskolako programa akademikoa osatzen duten hiru ibilbideena ere (Artxiboa, Komisariotza, Sorkuntza). Halaber, eskolaren ikerkuntza alorrari ere bultzada emango zaio, EQZEren identitatea eta nortasuna sendotzeko helburuz, zinemaren iraganari, orainaldiari eta etorkizunari buruzko pentsamenduaren, ikerketaren, praktika esperimentalaren eta berrikuntza pedagogikoaren nazioarteko zentroa izan nahi  duenez gero.

Hasiera-hasieratik azpimarratu da ikerketa zineman egoteko modua dela EQZErentzat. Mota horretako lan ohiturek eta metodologiek maila berean inplikatzen dituzte ikasleak, irakasleak eta zentroaren gertuko profesionalak, eta, lehentasunezko espazio bat sortu nahi dute esploraziorako, gogoeta kritikorako, berrikuntzarako eta jakintzaren transmisiorako.

Zentroaren ikerketa honako lau lerro hauen ingurukoa izango da:

1. Pedagogia eta zinemaren transmisioa.

2. Artxiboaren, komisariotzaren eta sorkuntza zinematografikoaren inguruko teoria eta teknika berritzaileak.

3. Zinemaren eta beste diziplina zientifiko, humanistiko eta estetiko batzuen arteko lotura.

4. Euskal zinemaren begirada berriak.

Lau lerro horietako lana ikerketa proiektuen bidez gauzatuko da, guztiak ere diziplinartekoak, kooperatiboak eta irekiak. Diziplina anitzeko proiektuak izango dira, EQZEko ikasleen parte hartze aktiboa izango dutelako, eta eskolako hiru ibilbideetako irakasleen ekarpenek aberastuko dutelako, horrela, trukean oinarritutako metodologiak eta diziplinen eta ezagutzaren arteko ikaskuntza garatuz. Proiektu kooperatiboak izango dira, erakunde zinematografiko eta akademikoekin –bertakoak zein nazioartekoak– elkarlan estuan arituta sortutakoak direlako, eta, irekiak, aldiz, sortutako emaitzak ez ezik, prozesuan sortutako galderak ere hainbat euskarri, formatu eta hizkuntzatan zabalduko direlako, horien artean honako hauek: sorkuntza piezak, argitalpen espezializatuak eta dibulgaziokoak, programa publikoak, online edukiak eta azalpen proiektuak.

EQZEk bere katalogora gehitu dituen lau proiektu berriek –zinemagintza feministaren, film artxiboen kontserbazioaren eta euskal zinemagintzaren ingurukoak–, eskolak zehaztutako ikerketa lerro nagusienetan sakonduko dute, eta aipatutako metodologiaren araberako garapena izango dute.

Lau proiektu berri abian

2018-2019 ikasturtean, Elías Querejeta Zine Eskolako Ikerkuntza Departamentuak honako ikerketa proiektu hauek garatzeko lan egingo du:

1. Cinenova: Women’s past is always present

Cinenova Londresko zinema eta bideo banatzaile feminista bat da, 1991n sortua, Circles eta Cinema of Women 70eko eta 80ko hamarkadetako banatzaileek bat egin zutenean. Haren katalogoak 500 lan inguru bitzen ditu, hainbat formatu eta generotakoak (esperimentalak, narraziozkoak, dokumentalak, hezkuntzazkoak...) eta 1912. eta 2001. urteen artean argitaratuak; gaur egun, LUX zinema banatzaile independente eta esperimentalak –Londresen ere du egoitza– ditu gordailuan. Hain zuzen, instituzio horren laguntzari esker, proiektuak ikuspegi berri bat proposatu nahi dio bilduma horri: funtseko material sorta bat zaharberritu nahi du, eta ikerketa kritiko bat egin nahi du genero ikuspegia ere kontuan hartuta, emakumeek gauzatutako zinemaren historia ezagutzeko eta ezagutarazteko helburuz. Proiektuaren emaitza programa publikoen bidez zabalduko da, horien artean, aipatutako materialen proiekzioaren bidez.

2. This Film is Dangerous.

Kalkulatzen da zinema mutuaren garaiko ekoizpen zinematografikoaren % 80 inguru –nitrato euskarrian eginikoa, material ikaragarri sukoia– galdu egin dela. Hori dela eta, aparteko aurkikuntza da Javier Odériz errealizadore nafarraren artxibo pertsonalean 1924ko bi filmen bobinak aurkitu izana. Bata, The Price of the Party film estatubatuarrarena da, Charles Giblyn zuzendariarena, eta, Estatu Batuetako Kongresuko liburutegiaren arabera, ez du kopiarik. Bigarrena, Die Vier letzten Sekunden des Quidam Uhl filmarena da, Robert Reinert zinemagileak eginikoa (espresionismo alemaniarraren aitzindarietako bat). Bigarren film horren lehenengo, laugarren eta bosgarren atalak Municheko Filmmuseum museoan daude gordeta. Euskadiko Filmategiarekin elkarlanean, proiektu honek bi xede nagusi izango ditu: batetik, ikerketa bat egitea filmak ekoitzi zireneko testuinguru historiko, sozial eta estetikoaren inguruan, eta, bestetik, ikuspuntu teknikotik, analisia egitea aurkitutako materialen kontserbazio egoeraren inguruan, ondoren erabakitzeko haiek digitalizatu eta publikoki erakuts daitezkeen.

3. Mugako euskal zinema.

60ko hamarkadako erditik aurrera, Irungo zinekluba mugako leku eta elkargune bihurtu zen. Muga geopolitikoa izanik, ideien kontrabandorako gunea zen, baita nazioarteko eraginen pasabidea ere. Halaber, diziplina estetikoen arteko elkargunea zen, eta kontaktuetarako lekua, zinemagile, musikari eta artista plastikoentzat, Fernando Larruquert, Nestor Basterretxea edo Jorge Oteiza kasu; hortik dator hiru horiek «Frontera Films» bataiatu izana 1964. urtean sortu zuten zinema produktorea. Euskadiko Filmategiak eta EQZEk sortu duten proiektu honek barne hartzen du mugen arteko bat egite hori, Irungo zineklubari izaera eman ziona euskal zinemagintza birpentsatzeko paradigma kritiko moduan. 2018-2019 ikasturtetik aurrera, nazioarteko hainbat ikertzailek ikerketa kasu zehatzak aztertuko dituzte, euskal zinemagintzak ezaugarri dituen muga horiek zabaltzeko eta hausteko asmoz. Kasu bakoitza eskolako web orrian argitaratuko da, online koaderno forman, eta ikertzaile arduradunak antolatutako jardunaldi edo mintegi batean aurkeztuko da. Bildumaren lehen zenbakia datorren urtearen hasieran ikusiko du argia eta parte hartzeko aukera deialdi publiko baten bidez egingo da. Laster emango dira xehetasun gehiago.

4. Amateur Movie Database.

«Amateur Movie Database» Kanadako Calgary unibertsitateko proiektua da, eta sare ikerkuntzarako tresnak garatu ditu Ipar Amerikako amateur zinemaren historia berreskuratzeko eta hari balioa emateko. Hainbat iturri miatuz (aldizkariak, katalogoak, programak), filmen datu base bat sortu da, eta horri esker amateur zinemako bildumen jabe diren pertsonak eta entitateak aurkitu dira; izan ere, oro har, bilduma horiek sakabanatuta egon ohi dira eta eskuratzen zailak izaten dira. Proiektu hau nazioartera zabaltzen den lehen aldia litzatekeen honetan, EQZEk beste ikerketa lerro bat zuzenduko du euskal zinema amateurraren ondarearen inguruan. Proiektuaren bidez, euskal zinemaren beste historia horren oinarria aberastu nahi da gutxi ikertutako iturrien bidez, eta, aldi berean, protokoloak ere diseinatu nahi dira proiektua egokitzeko nazioarteko testuinguruetara eta testuinguru eleaniztunetara .

Proiektu horiek garapenean dagoen katalogo batera gehituko dira; dagoeneko katalogo horretan daude aurrerabidean dauden beste bi proposamen, hain zuzen, «Andrei Tarkovskiren lezio galduak» –bi jardunaldi publiko egin dira haren inguruan– eta «Zinemaldia 70: istorio posible guztiak», Zinemaldiaren artxibo bizi bat osatu nahi duen proiektua.

5. Andréi Tarkovskiren lezio galduak.

Andréi Tarkovskik emandako zinema ikasgaien 90 orduko grabazioak aurkitu ziren haren laguntzaile gertukoenetako baten artxiboan. Aparteko aurkikuntza hori baliatuz, EQZEk parte hartuko du grabazio horien ikerkuntzan, zaharberritze lanetan eta zabalkuntzan, zinemaren sorkuntza eta pedagogiaren elkargunea esploratzen duen proiektu baten barnean. 2017-2018 ikasturteko bi diziplinarteko jardunaldi antolatu ziren, ikerketaren eta sorkuntzaren ingurukoak. Lanaren fase hori amaituta, 2018-2019 ikasturtean, bi lan ildotan sakonduko da, Florentziako Andréi Tarkovski nazioarteko institutuarekin elkarlanean: batetik, zinta magnetofonikoak ikertuko eta berriztatuko dira, eta, bestetik, berreskuratutako materialetatik abiatuta, azalpen proiektu bat diseinatuko da.

6. Zinemaldia 70: istorio posible guztiak

Donostia Zinemaldiak «Zinemaldia 70: istorio posible guztiak» proiektua sortu du EQZEko ikerketa departamentuarekin, Tabakalerarekin eta Euskadiko Filmategiarekin elkarlanean, Zinemaldiaren artxibo bizi bat sortzeko asmoz. Proiektuaren lehen fasea Zinemaldiaren 70. edizioan amaituko da, 2022an. Proposamenak Zinemaldiaren funts dokumentalen garrantzia nabarmenduko du (gutunak, argazkiak, egunkari eta aldizkarietako kritika eta erreseinak, liburuak, filmak), ikerketarako metodologia berritzaileen eta edukien komisariotzaren bidez. Proiektuaren helburua da Zinemaldiaren iraganaren, orainaren eta etorkizunaren inguruko gogoeta sortzea. 2018-2019 ikasturtean bi lan ildo landuko dira: batetik, artxiboko funtseko hautaketa batetik abiatuta, bilduma digital bat diseinatu nahi da, ondoren online argitaratuko dena; bestetik, proiekzio programa baten komisariotza egin nahi da, ikerketa- eta dibulgazio-materialak erabiliz, Zinemaldiaren historiaren eta sorkuntza zinematografiko garaikidearen arteko loturak bilatzeko xedez.

Era berean, Elías Querejeta Zine Eskolaren ikerketa ekoizpenari eman nahi zaion bultzada horretan, zentroaren web orriak (zine-eskola.eus) atal berri bat izango du laster abian, blog edo bitakora formatuan, proiektuen eta horien bilakaeran zehar sortzen diren ikus entzunezko materialen garapena jarraitzeko. Horretarako, testuak, irudiak, soinu fitxategiak eta bideoak gehituko zaizkio aldian behin.

  

1765