Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Erantzunkide sarea 6.562 langilerengana iritsi da jada

Erantzunkide sarea 6.562 langilerengana iritsi da jada

Aldundiak bultzatzen duen kontziliazio erantzunkidearen aldeko sareak Laboral Kutxa, Askora eta Transportes Pesa enpresak saritu ditu.

2019/03/02

Hamar enpresa berri batu dira Erantzunkide foru sarera, joan den irailetik martxan dagoena, lurraldeko enpresa eta erakundeetan kontziliazio erantzunkidea sustatu eta emakumeen eta gizonen berdintasuna bultzatzeko helburua duena. Markel Olano diputatu nagusiak nabarmendu du “sare hau eta berau osatzen duten enpresak gizartea eraldatzen” ari direla eta eredugarritzat jo ditu, “geroz eta parekideagoa den gure lurraldean egiten dabiltzan politika aurreratuen inpaktuaren erakusle” diren heinean. Olanoren aburuz, “dudarik gabe, Gipuzkoa desberdintasun gutxien duen lurraldeetako bat bihurtzeko helburu pean, berdintasuna eta kontziliazioa sustatzea da apustu estrategiko garrantzitsuenetako bat”.

Etorkizuna Eraikiz ekimenaren barruan kokatzen den sare honek ibilbideari ekin zionetik, 30 enpresa eta erakunde inplikatu dira berdintasuna ala kontziliazioan sakontzeko bultzada emateko ekimenean. Hain zuzen, diputatu nagusiaren esanetan, “lan mundua da hain justu gizarte eraldaketan eragiteko palanka nagusietako bat”, “lehiakortasun eredu jasangarri bateranzko norabidean, enpresen erakarmen ahalmenari ere ekarpena eginez”. Sarera batu diren 10 enpresa berriak dira: Transportes PESA, Gipuzkoako Merkatarien Federazioa, BPG Coordinadores de Seguridad, Asfaltia, BCBL (Basque Center on Cognition, Brain and Language), Polymat, Royne, Hegalak, Cadinox eta Iraurgi Berritzen. Olanok erreferentetzat jo ditu enpresa hauek kontziliazio erantzunkidea lantzeko abiarazi dituzten politika aurreratuengatik.

Hala, ekintza zehatzei dagokienez, Asfaltia, PESA, Royme eta Merkatarien Federazioak kontziliazio neurriak landu dituzte; Polymat-ek hautapen eta kontratazio neurriak aztertu ditu; Hegalakek segurtasun eta lan-osasuna hartu du kontuan eta BCBL-en, berriz, garapen profesionalean jarri dute arreta.

Guztira honela, sareak dituen 30 enpresak kontuan hartuta, garatutako ekimen ezberdinak dagoeneko 6.592 langilerengana iristen dira (%57 gizonezkoak eta %43 emakumezkoak). “Eraldaketak denbora behar du, enpresaren barne kultura bera aldatu behar delako”, dio Markel Olanok. Halere, “programei esker enpresa batzuetan soldata-arrakala gutxitzea lortu dute jada eta zuzendaritza karguetan emakumeen presentzia gehitzea lortu da, esate baterako”, azaldu du diputatu nagusiak.

 

Laboral Kutxa, Askora eta Pesa; sarituak

Enpresa erantzunkide eta kontziliatzaileak nabarmentzeko testuinguru honetan, Gipuzkoako Foru Aldundiak lurraldeko hiru enpresaren ekimen berritzaileak saritu nahi izan ditu. Emakumeen eta gizonen berdintasun esperientziak enpresetan izeneko sariketan, Laboral Kutxa, Transportes Pesa eta Askora enpresen konpromisoa, inplikazioa eta ekintzailetasuna saritu ditu. Aste honetan Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz Gunean egin den topaketan banatu dira sariok eta enpresa horien berdintasunaren aldeko apustua publikoki aitortu nahi izan da.

            Lidergo partekatu baterantz izeneko proiektua izan da sarituetako bat, Laboral Kutxarena. Finantza entitateak genero ikuspegitik landu du enpresaren lidergo eredua eta, hortik abiatuta, baldintzak hobetu dituzte kooperatibako goi mailako karguetan emakumeen presentzia sendotzeko. Askora enpresak Mahi Mahi izeneko ekimena garatu du. Haur-eskoletako jantokietan berdintasuna, partaidetza, erantzunkidetasuna eta elkarbizitza sustatu dituzte. Transportes Pesari dagokionez, lanpostu maskulinizatuen gainean egin dute lan eta aldaketak egin dituzte enpresa barnean eta, bereziki, gidari postuetan emakumeen presentzia orekatua berma dadin.

  

1287