Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Erbesteko musika aztergai izango duen batzarra egingo da Donostian azaroaren 21etik 24ra

Erbesteko musika aztergai izango duen batzarra egingo da Donostian azaroaren 21etik 24ra

Hamaika Bide elkarteak eta UPV/EHU-k, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan antolatutako XVIII. kongresuak nazioarte mailako adituak eta artistak bilduko ditu.

Musika erbestean

Gaur goizean prentsaurrekoan aurkeztu da Musika Erbestean izenburupean antolatu den XVIII. Nazioarteko Batzarra, azaroaren 21etik 24ra bitartean Donostian egingo dena. Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, Hamaika Bide Elkarteak eta UPV/EHU-k antolatutako kongresu honek dozenaka aditu eta artista bilduko ditu datorren astean Donostian. Hasierako ekitaldia Foru Jauregiaren Jalgi aretoan egingo bada ere, ondorengo saioak UPV/EHU-ren Carlos Santamaria Liburutegian egingo da.

            Prentsaurrekoan parte hartu dute Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideetako eta Kultura Demokratikoko zuzendaria den Ion Gambrak eta Hamaika Bide elkarteko ordezkariek, Iosu Chuecak eta Jose Ramon Zabalak. Bertan adierazi dute sei unibertsitatetako 20 aditutik gora izango direla erbesteko musika eta dantzaren inguruan egindako hainbat ikerketa aurkezten. Ez dira soilik hitzaldiak entzun ahal izango, baizik eta saio asko musikarekin bateratuko dira; adibidez, irekierako saioan musika gatibuaren inguruko hitzaldi-kontzertua eskainiko dute Melina Burlaud hizlari eta piano-jokatzaileak, Gorka Roblesen ahotsarekin.

"Gaztelaniaz esaten den bezala, ‘Musikarekin beste nonbaitera’ alde egin zuten milaka erbesteratuk 1936ko uztailetik aurrera, Gerra Zibilaren ondorioz. Historia garaikideko erbesteratze handiena izan zen, eragindako pertsonen kopuruagatik eta izandako iraupenagatik. Horrek milaka pertsonaren martxa eragin zuen, klase sozial guztietakoak, sektore intelektual eta artistikoak barne. Musikari lotutako munduak, derrigorrezko erbesteratuen egoeraren ondorioz, bide berri bat eman zien beren jarduera melomanoei", azaldu dute Chuecak eta Zabalak.

Kongresu honen bidez musikari horien ezagutza berreskuratu eta sakondu nahi da, eta erbestetik eratorritako testuinguruaren adierazpenak aztertu. Beraz, datorren astean, goiz eta arratsalde, erbesteko musikaren inguruan gehiago ezagutu eta musikaz gozatzeko aukera izango da. Ion Gambrak, antolatzaileei eskerrak emateaz gain, gure historia gehiago ezagutzeko gonbita luzatu du, erbestean sortutako musika eta kulturaren bidez, “hobeto eta sakonago ulertu dezagun nor garen gaur”. Gainera, programaren edukia nabarmendu nahi izan du, eta nazioarteko izaera goraipatu, besteak beste, Estatu Batuetako Renoko Unibertsitateko eta George Mason University-ko ikerlariak ere bertan izango direlako.

            Besteak beste, Melina Burlaud, Lucy Durán, Samuel Diz, Faustino Aranzabal, Jon Bagues eta Gasteizeko Abesbatza Errepublikanoak hartuko dute parte kongresuan. Bestalde, batzorde zientifikoan osatzen dute Larraitz Ariznabarreta doktoreak (Reno University, Nevada), Manuel Aznar Soler doktoreak (Universidad Autónoma de Barcelona), Mónica Buxeda doktoreak (Hamaika Bide Elkartea), Iosu Chueca Inchusta doktoreak (Hamaika Bide Elkartea), Carmen Gil Fombellida doktoreak (UPV-EHU), Rebeca Gómez doktoreak (Hamaika Bide Elkartea) eta Jose Ramon Zabala Agirre doktoreak (Hamaika Bide Elkartea).

  

1101