Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak apustua egin du Gipuzkoa eskaladan erreferente bilakatzeko

Aldundiak apustua egin du Gipuzkoa eskaladan erreferente bilakatzeko

Eskalada eskolak berrekipatzeko hitzarmen bat sinatuko da

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Mendi Federazioak hitzarmena sinatu dute, 17 eskalada eskolen mantentze eta berrekipamendurako. Sozialki garrantzi txikia izan dezakeela dirudien arren, eragin handiko proiektua da mendiaren, eskaladaren, turismo aktiboaren eta ingurumenaren ikuspegitik. GFAk sustatutako ekimen hau berritzailea da erabat, bai Estatu mailan, bai nazioartean, eta interes handia piztu du mendi federazioen artean.

Lankidetza eta GFAren konpromisoa dira proiektu honen gakoak. Gipuzkoako eskalada guneak GFAren Kirol Azpiegiturak Birgaitzeko Planean sartu dira, eta horrela bermatzen da Aldundia arduratuko dela gune horiek aldizka mantentzeaz, eta etorkizunean ere eskalatzaileen gozamen libre eta publikorako egoten jarraituko dutela.

Aldundiak 2017-2020 aldirako Kirol Azpiegituren Planean sartu du proiektua. Aurreikusten den gehieneko kontusaila urteko 25.000 eurokoa da. Inbertsio hau ezinbestekoa da segurtasunaren ikuspegitik; gainera, segurtasuna hobetzeak ekarriko du Gipuzkoako zaletu kopurua ere gehitzea.

Eskalada guneak eremu harkaiztsuetan kokatzen diren kirol ekipamenduak dira, ikasteko, entrenatzeko eta eskalada teknikak hobetzeko erabiltzen direnak. Eskalada eskolak era espontaneoa sortzen dira. Eskalatzaileak izaten dira eskalada guneetako materialak ordaintzen dituztenak, gainerako eskalatzaileek ere erabili ditzaten.

Eskalada guneek izan behar duten ekipamendutik, ainguratzea da proiektuaren elementu nagusia. Ainguratzea bermatuko duen metalezko piezak ongi jarrita egon behar du, jarduna egokia izan dadin eta, batez ere, kirolarien segurtasuna bermatzeko. Ainguratzeez gain, lan bertikalak egiteko materialak ere beharrezkoak dira. Material horiek araudiari jarraituz aukeratzen dira, ekipamendua jartzen dutenen segurtasuna eta proiektua ongi garatzen dela bermatzeko. Gipuzkoako Mendi Federazioak jartzen dituen materialak gainerakoengandik erraz bereizteko, ainguratzeek GMF siglak dituzten grabatuta.

Gaurkoan iragarri den hitzarmen honek, zeinaren bidez Aldundiak eskalada eskolak mantentzeko eta berrekipatzeko konpromisoa hartu baitu, proiektu oso konplexua garatzen du, diziplina asko uztartzen dituena. Hori horrela, proiektua gauzatzeko ekimen osagarriei heldu behar zaie, hainbat esparrutatik: juridikoa, administratiboa, ingurumenekoa, finantzarioa... Hori guztia azken helburua lortzeko: eskalatzeko ainguratzeak jartzea. 

Proiektua gauzatu ahal izateko beharrezkoa eta ezinbestekoa izan da herri administrazioen arteko lankidetza: GFA, GMF eta udalak, eskalada guneak kokatzen diren espazioen titular diren heinean. Izan ere, udalak arduratzen dira eskalada guneetarako sarbideak ongi mantentzeaz, aparkalekuak garbitzeaz, informazio panelak mantentzeaz, eta abar.

Proiektu honetan, Aldundiko Kirol Zerbitzuaz gain, Mendietako eta Natur Inguruneko Zuzendaritza Nagusiak ere parte hartzen du, ezinbestekoa baita kirol jarduna bateragarri egitea natur ingurunearekin eta babestutako flora eta faunaren kontserbazioarekin.

Aldundiak espero du ekimen honek kanpoko bisitariak ere erakartzea, gure eskalada guneetan mendiko turismo aktiboa egiten duten horiek bilatzen duten eragingarria aurkituko baitute. Gipuzkoako harkaitz eskalagarriak lehen mailako natur eta kirol ondarea dira, eta eskalada eskolek, gainera, aukera ematen dute Gipuzkoa bertikala ezagutzeko eta Gipuzkoa kalitatezko eskaladako erreferente gisa sustatzeko.

GFAren, udalen eta Gipuzkoako eskalada federazioaren arteko lankidetzari esker, kirol hau segurtasun maila onenetan praktikatzea ahalbidetuko da, eta, bestalde, Gipuzkoako ingurumena babesten laguntzen duen proiektu bat garatuko da.  Izan ere, proiektu honekin ekipamendu kostuan arrazionalizatu eta optimizatuko dira, Gipuzkoa kalitatezko eskaladako erreferente gisa sustatuko da, eskalatzaileen maila hobetzeko aukera emango da, eta eragile desberdinen arteko lankidetza sarea indartuko da.

 

  

1285