Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Eskubaloiko Erreginaren Koparen 43. edizioa ospatuko da Illunben apirilaren 29tik maiatzaren 1era bitartean

Eskubaloiko Erreginaren Koparen 43. edizioa ospatuko da Illunben apirilaren 29tik maiatzaren 1era bitartean

Eskubaloiko Erreginaren Koparen XLIII. edizioa Donostian egingo da apirilaren 29an, 30ean eta maiatzaren 1ean. Zortzi taldek hartuko dute parte Illunbe Donostia Arenan ospatuko den txapelketan, aretoa eskubaloiaren eskakizunetara egokitzeko lanak egin ondoren.

2022/01/13

Gaur goizean Aldundian egindako aurkezpenean Harkaitz Millán Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kiroletako foru diputatuak, Martin Ibabe Donostiako Udaleko kirol zinegotziak, Tati Garmendia AMARA Bera Bera talde antolatzailearen arduradunak eta Juan Carlos Caamaño Espainiako Eskubaloi Federazioko lehendakariordeak parte hartu dute. Aurkezpen horretan, Tati Garmendiak azpimarratu du «luzaroan espero izan den kopa» bat dela, eta, beraz, eskerrak eman dizkie erakundeei ekitaldian inplikatzeagatik. Izan ere, Donostian azkenekoz egin zen koparen azken fasea 1996an izan zen, eta iaz, Covid-19aren pandemiari aurre egiteko ezarritako murrizketen ondorioz, azken fasea ikusleekin ospatzerik ez zegoenez, Bera Berak nahiago izan zuen Rocasa Gran Canariari lagatzea antolakuntza.

Bera Bera eskubaloi taldearen arduradunak ere espero du «berriz elkartzearen kopa izatea». «Azken bi edizioetan –Alhaurín de la Torre 2020ko irailean eta Telde 2021eko maiatzean–, edukiera mugatua izan genuen, eta, munduko txapelketan egiaztatu ahal izan den bezala, antzeman dugu zaleen aldetik badagoela gogoa zale guztiak berriz elkartzeko aukera emango duen Kopa txapelketa bat bizitzeko. Hori luxu bat da, eta Illunbek horretarako aukera emango digu». Aldi berean, Garmendiaren nahia da «Kopa integratzaile bat izatea», hau da, eskubaloitik harago joatea; izan ere, «Emakumeen Kirolari buruzko Kongresu bat ere egiteko asmoa dago, Gipuzkoan kirola ospatuko duen Kopa bat izan dadin», eta horregatik, «kolektibo guztiak eta probintzia eta hiri osoa animatzen ditugu Illunbera hurbiltzera. Haren ustez, Illunbek «ekitaldia segurua izateko» elementu guztiak eskaintzen ditu. «Espero dugu apirilaren amaierarako pandemiaren egoerak hobera egitea, baina, Illunberen zabaltasunak aukera ematen digu ekitaldia berme guztiekin kudeatzeko, hau da, edukiera handia eta erakunde eskudunek ezartzen dituzten osasun-neurri guztiak betetzeko aukera bermatuko digu, bertaratutako guztiek ahalik eta gehien goza dezaten».

Koparen irudia eta abonu salmenta

Gaur goizeko ekitaldian, ekitaldia testuinguruan kokatzen duen bideoklipaz gain, Koparen irudia aurkeztu da: eskubaloiko baloi bat hiru dimentsiotan inprimatuta, eskuz esku pasa nahi izan dena eragile ezberdinak ekitaldian partedun egiteko.

Aldi berean, hiru hilabete pasatsu lehenagotik, antolakuntzak abian jarri du abonuak prezio herrikoietan saltzeko webgunea: www.venta.copadelareina2022.com. Hiru egunetarako abonua 35 eurokoa izango da helduentzat, eta 19 eurokoa gazteentzat. Aplikazioak sektore desberdinak mugatu ditu zale desberdinentzat eta, publiko orokorraren kasuan bezala, % 10eko deskontua egingo zaie abonuetan, otsailaren 28a baino lehen eskuratuz gero. Klubek e-mail hau erabili beharko dute antolakuntzarekin harremanetan jartzeko: info@copadelareina.com

Tati Garmendiak eskerrak eman dizkie Euskadiko eta Gipuzkoako federazioei, asteburu horretako lehiaketa egutegia liberatzeagatik, gazteenek ere «emakumeen eskubaloi onenaz» gozatu ahal izan dezaten. Horretarako, antolakuntzak % 20ko deskontua eskainiko die euskal klubetako kolektiboei abonuetan.

SUPER AMARA Bera Bera eta Elche visitelche.com, sailkatuak

Kirol-arloan, bi talde dagoeneko sailkatuta daude azken fase honetarako: SUPER AMARA Bera Bera, antolatzaile gisa, eta Elche visitelche.com, egungo txapeldun gisa. Bi talde horiek beste sei taldeak ezagutzeko zain daude, eta datorren astean jakingo dugu zeintzuk diren:

Kanporaketak urtarrilaren 26an eta 29an (joanekoa eta etorrikoa):

  • GRAFOMETAL LA RIOJA - ROCASA GRAN CANARIA
  • HANDBOL SANT QUIRZE - BMC LIBERBANK GIJON
  • VINO DOÑA BERENGUELA BM. BOLAÑOS - MECALIA ATLÉTICO GUARDÉS
  • ZUBILETA EVOLUTION ZUAZO BARAKALDO - COSTA DEL SOL MÁLAGA
  • CONSERVAS ORBE RUBENSA BM PORRIÑO - CAJA RURAL AULA VALLADOLID
  • C.BM. MORVEDRE - KH-7 BM. GRANOLLERS

Lehiaketa-sistema tradizionala da, hau da, ostiralean jokatuko dira final-laurdenetako lau partidetako kanporaketak; larunbatean, bi finalerdiak eta igandean, berriz, finala.

Kadeteen Kopa berreskuratzea

Azken bi edizioetan ez bezala, Donostiako Kopak MiniKopa ere berreskuratu nahi du, hau da, kadete kategoriako Kopa, sailkapena lortzen duten zortzi talde berekin.

Kasu horretan, kadete talde guztiek ligaxka-sistema jokatuko dute, eta horrek gutxienez hiru partida jokatzea bermatuko du. Talde bakoitzeko txapeldunek igandean jokatuko dute finala.

Azkenik, Tati Garmendiak gomendatu die eskubaloiaren zale guztiei bereziki eta, oro har, kirolaren zale guztiei ekitaldi hau ez galtzeko, eskubaloiaz haratago joango baita. «Ziur nago ikuskizun bat izango dela, Illunbe barruan animazio berezia eta hainbat sorpresa izango ditugu gozatzeko, eta, kanpoan, Fan Zone bat sortuko dugu zaleen arteko berrelkartze hori ahalbidetzeko».

  

1569