Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Etorkizuna Eraikiz, emakumezkoen kirola eraldatuko duen proiektu aitzindaria

Etorkizuna Eraikiz, emakumezkoen kirola eraldatuko duen proiektu aitzindaria

Markel Olano diputatu nagusia Bera Bera klubean egon da, eta bertatik bertara ezagutu du Etorkizuna Eraikiz ekimenaren barruan berdintasuna sustatzeko garatzen ari den esperientzia pilotua.

Markel Olano diputatu nagusia, Gipuzkoako Foru Aldundiko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Organoko zuzendari Miren Elgarrestarekin eta Kudeaketa Estrategiako zuzendari Sebas Zurutuzarekin, Donostiako Bera Bera klubean egon da, Etorkizuna Eraikiz ekimenaren barruan berdintasuna sustatzeko abian jarri diren esperientzia pilotuetan parte hartzen ari diren 20 enpresetako bat baita. Lehen eskutik ezagutu dute nola garatzen ari diren proiektu hau kirol klubean, eta Olanok azpimarratu du “kirol elkarteen inplikazioari esker, Etorkizuna Eraikiz proiektu aitzindaria izango dela, emakumezkoen kirola eraldatuko baitu Gipuzkoan, berdintasunaren ikuspegitik”.

Bera Bera elkarte donostiarrean garatzen ari diren esperientzia pilotuak "ez du aurrekaririk”, gogorarazi du Olanok. Eta nabarmendu nahi izan du zein garrantzitsuak diren horrelako ekimenak, “benetako desberdintasun egoerak bizi baititugu ekonomiaren eta kirolaren arloetan, eta kirolean berdintasuna bilatu nahi badugu, gainerako kirol kluben, elkarteen eta komunikabideen inplikazioa ere beharrezkoa baita", ohartarazi du. Zentzu honetan, adierazi du “gure obligazioa dela, gure erantzukizuna, erreferentzia egokietan oinarritutako gizarte eredu batetarantz eramango gaituen eraldaketa sustatzea, estereotipo zaharkituak alde batera utziz. Eta erantzukizuna konpartitua da, guztiona. Taldean lan egin behar dugu." Era berean, azpimarratu du Etorkizuna Eraikiz ekimenarekin “hitz politez harago, benetako eraldaketa bultzatzen ari garela".

“Gipuzkoa pertsonen artean desberdintasun gutxien duen Europako lurralde izatea nahi dugu, bizitzeko eta lan egiteko lekurik onena izatea. Eta, horretarako, ezinbestekoa da gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna eta kontziliazioa bultzatzea" erantsi du Olanok. Era berean, berretsi du kontziliazioa funtsezkoa dela pertsonen garapen pertsonalerako eta ongizaterako, eta “horrek eragin zuzena duela enpresen lehiakortasunean eta garapen ekonomikoan, eta baita kirol elkarteen errendimenduan ere”. Olano sinetsirik dago kontziliazioak eta berdintasunak indartu egiten dutela sustapen ekonomikoa, hori izanik Foru Aldundiaren helburu estrategikoa.

Bisita amaitzean, diputatu nagusiak gogorarazi du “aurreko igandean emakumeek estropada historikoa eskaini zigutela Kontxan. Ez dute inoren laguntzarik behar kirolari bikainak direla defendatzeko, beraiek erakusten baitute, Bera Berako emakumeek igandero erakusten duzuen bezala".  Horri dagokionez, gogora ekarri du funtsezkoa dela erreferentzia positiboak edukitzea eta, horregatik, “eskertzekoa da klubek egiten duten lana, eta emakumezkoen kirola profesionalizatzeko egin duten apustua babestu behar dugu".

Igor Etxeberriak, Bera Bera klubeko gerentea, aipatu du Klubak konpromiso sendoa duela aukera berdintasunaren eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde kirol profesionalaren arloan. Helburu horrekin, estrategia bat garatu du, zeinaren helburua baita, batetik, emakumezkoen kirol profesionalaren lan baldintzak hobetzea eta langileen kudeaketa profesionalizatzea, eta, bestetik, kirola espezifikoki sustatzea desgaitasuna duten pertsonentzat.  

Lehen urrats horien ondorioz, Klubak hainbat ekimen garatu ditu, eta lortu du “plantila oso orekatua edukitzea, emakume eta gizon kopuruari dagokienez. %65 emakumeak dira, eta %35 gizonak. Gainera, profesionalak kudeatzeko politika berriari esker, ez dago desberdintasunik emakumeen eta gizonen artean, emakumeen eskubideak defendatzen dira eta batzuen zein besteen kontziliazio erantzukidea ahalbidetzen da”, azpimarratu du Etxeberriak.

Bera Bera klubaren proiektu pilotuan garatu diren ekintza lerroen artean, azpimarratzekoa da Klubak jardunbide egokiak dibulgatzean oinarritzen den helburu nagusia, emakume kirolari profesionalen eskubideei erreferentzia eginez, lan baldintzak beste kirol arloetakoen parekoak izatea lortuz, kirolarien errendimenduan, profesionaltasunean, ongi egindako lanean eta helburuen lorpenean oinarrituta, sexuaren araberako bereizketarik egin gabe.

Bestalde, Miren Elgarrestak azpimarratu du emakumezkoen kirol jarduera ikusarazteko zailtasunak kontuan hartuta, “Bera Berak, nolabait ere, iniziatiba hartu du, eta hainbat esperientzia jarri ditu abian, emakume kirolarien lan baldintzak eta baldintza profesionalak gizonezkoenekiko parekatuz”. Horri dagokionez, salatu du “aldaketak sumatzen badira ere, oraindik arazo handia dugu emakumezkoen kirola komunikatu eta balioan jartzeari dagokionez. Komunikabideetan emakumezkoen kirolari ematen zaion tratamendua kirol elkarteen beren talde femeninoei ematen dieten balioaren eta kirolaren tradizio maskulinizatuaren isla da.

Gizonezkoen kirolari emakumezkoenari baino balio gehiago ematen dioten estereotipo mugatzaile horien guztien aurrean, Elgarrestak azpimarratu du “Bera Bera klubarena bezalako adibideek eragin dezaketela beste kirol elkarteek ere eredu estereotipatu horiek haustea, eta emakumezkoen kirola klubak ekonomikoki ere garatzeko aukera gisa ikustea”.  Zentzu horretan, “Bera Berarena bezalako adibideei esker, kirolaren esparruan ere eredu ireki, askotariko eta aberasgarriagoa sustatu dezakegu; gainera, emakumeak ahalduntzeko tresna baliotsua izan daiteke”, erantsi du Elgarrestak.

Etorkizuna Eraikiz ekimenak hainbat esperimentazio proiektu biltzen ditu, guztira 3.500 bat langileren parte-hartzearekin. Horiek guztiek soluzio zehatzak identifikatu eta aplikatuko dituzte, benetako irtenbideak, eraldatzaileak, Gipuzkoaren etorkizuneko erronkei erantzuteko. Abian jarri diren askotariko proiektuen artean, kontziliazioari eta berdintasunari lotutako gaietan esperimentatzen ari diren 20 enpresak daude. Enpresa horiek Gipuzkoaren konposizio sektoriala islatzen dute, proiektuaren azterketa fasean egin den enpresa erradiografiaren arabera. Proiektuan parte hartuko duten enpresak hautatzeko, lan zehatza egin da, Gipuzkoako enpresa sarea hobekien irudikatuko duten horiek aukeratu nahi izan baitira, gainerako enpresek ere beren burua islatuta ikusi dezaten.

Proiektuak garatu ahal izateko, hasierako diagnosia egin zitzaien enpresei, berdintasunaren eta kontziliazioaren arloetan zituzten gabeziak identifikatu eta, horrela, enpresa bakoitzari hobekien zihoakion proiektu pilotuak planteatu ahal izateko. Identifikatutako gabezia horiei erantzuteko, hainbat neurri abiarazi dira, bai enpresen kudeaketa integralari dagokionez (lan denborak eta antolaketa, kudeaketa sistema aurreratuak, eta abar), bai departamentu zehatzen zereginei dagokienez (giza baliabideak, komunikazioa, eta abar).

  

1276