Menu nagusira joan Eduki nagusira joan
Atzealdea

Etorkizuna Eraikizek 17 proiektu herritar berritzaile babestuko ditu aurten

Foto Etorkizuna Eraikizek 17 proiektu herritar berritzaile babestuko ditu aurten

Etorkizuna Eraikizek 17 proiektu herritar berritzaile babestuko ditu aurten

Zahartzaroaren eta bakardadearen arretarako komunitate sareak, adimen artifiziala, gazteen inklusioa, kulturartekotasuna, euskara, sorkuntza eta big datari lotutako egitasmoak diruz lagundu dira edizio honetan, besteak beste.

Etorkizuna Eraikizek 17 proiektu herritar berritzaile babestuko ditu aurten

Etorkizuna Eraikiz egitasmoko Gipuzkoa Taldean programaren babespean, 17 proiektu herritar esperimental garatuko dira aurten, guztira 536.900 euroko diru laguntzarekin. Zahartzaroari eta bakardadeari eskaini beharreko arreta komunitarioa, adimen artifiziala, gazteen inklusioa, kulturartekotasuna, euskara eta kulturgintza, nahiz machine learning  eta big data bezalako gaiei lotutako ekimen berritzaileak garatuko dituzte lurraldeko hainbat eragile, enpresa eta elkartek, guztiak ere helburu nagusi batekin: lurraldeak dituen etorkizuneko erronkei elkarlanean erantzutea.

 

Proiektu horien guztien berri izan eta ekinbideak partekatu asmoz, lan jardunaldia antolatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur goizean Etorkizuna Eraikiz Gunean. Estrategiako foru zuzendariak, Sebas Zurutuzak zabaldu du jardunaldia. Zurutuzak gogorarazi duenez, “lankidetza eta esperimentazioa” dira Etorkizuna Eraikizen zutabe nagusiak, “guztion artean etorkizuneko Gipuzkoa eraiki” ahal izateko. “Bi oinarri horiei eusteak berebiziko garrantzia du gaur egun bizi dugun egoera larrian. Pandemiaren eraginez gure munduaren eraldatzea bizkortu egin da eta, lurraldeko ekonomia eta ongizatea jokoan dauden honetan, garrantzia berezia du gisa honetako proiektuak laguntzen jarraitzeak. Epe ertainera begira, ziur nago egitasmo hauek bere ekarpena egingo diotela gure ekonomiaren lehiakortasunari eta gizarte kohesioari”, azpimarratu du.

 

Estrategia zuzendariak gehitu duenez, Etorkizuna Eraikizeko diru-laguntza deialdiaren bidez, proposamenak egin eta ideia berritzaileak gauzatzeko aukera eskaintzen zaio lurraldeko gizarte antolatuari. “Eragile ekonomiko eta sozialekin lankidetza bidea irekitzeko beste modu bat da; honen bitartez geroa eraikitzeko ahalegin partekatu horretan herritar gehiago inplikatzea lortzen dugu”, azaldu du Zurutuzak.

 

Horrez gain, foru zuzendariak nabarmendu du euskara eta euskal kultura sustatzeko modu berritzaileak ere babestu direla aurtengo diru-laguntzen bitartez. COVID-19ak utzitako testuinguru berri honetan, “funtsezkoa” da bere ustez euskarazko produktuen eta sorkuntzaren aldeko apustuari “eustea”. “Horregatik, garrantzia berezia ematen diot berrikuntzaren eskutik ildo horretan garatzen ari diren egitasmoak babesteari”, adierazi du.

 

Guztira, 69 proiektu aurkeztu dira 2020ko diru-laguntza ekitaldira, eta hauetatik esandako 17ak onartu dira. Horrez gain, 2020ko deialdi honetan, baita ere, Etorkizuna Eraikizek bultzatzen duen gobernantza eredu elkarlanekoa eta irekia lurralde osora eta esparru gehiagotara zabaltzeko helburu duten proiektuak babestu dira. Lurraldeko hamar garapen agentziek garatuko dituzte egitasmo horiek, bereziki ekonomia sustapenaren eta Elkar-EKIN Lanean programaren esparruetan eragin asmoz. Hain zuzen ere, 120.120 euro xedatu dira lerro horretan.

 

108 proiektu esperimental azken 5 urteotan

 

Dirulaguntza deialdi hau 2016 urtean jarri zen martxan eta, ordutik hona, dagoeneko 108 proiektu finantzatu ditu, hiru milioi eurotik gorako inbertsioaren bitartez eta 200 eragile baino gehiago inplikatuz. Aurtengo deialdian honakoak izan dira lehentasun gisa identifikatutako lanerako alorrak: gobernantza publiko kooperatiborako eredu berriekin zerikusia duten proiektuak; lurraldeko garapen komunitarioko ekimenak, nahiz natura eta landa ingurunea ezagutzera eta balioestera zuzendutakoak; gazteen parte-hartzeari zuzendutako proiektuak; belaunaldien arteko lankidetza proiektuak; euskara bultzatu eta zabaltzeko proiektuak; eta immigrazioaren erronkari heltzen dioten proiektuak.

 

Gaurko jardunaldira bertaratu diren hedabideek 17 proiektuetatik hiruren berri izateko aukera izan dute. Horrela, Aurrerantz kooperatibako zuzendariak, Karmele Acedok, Bakardadeari adi egitasmoa aurkeztu du. Debagoiena eskualdea gizarte-hauskortasuneko, bakardadeko eta gizarte-isolamenduko egoeran dauden adinekoekiko konpromisoan sakontzeko asmoz sortu da proiektu hau. Bere helburua da, alde batetik, Debagoienako biztanleak pixkanaka mobilizatzea adineko pertsonen bakardade eta isolamendu sozialeko egoerak detektatzeko, eta, bestetik, identifikatutako adineko pertsonen eta mankomunitateko beste eragile batzuen arteko harreman sare aktibo bat eraikitzea.

 

Elhuyar Fundazioko Hizkuntza eta Teknologia negozio-unitateko zuzendariak, Josu Aztiriak, euskarazko bozgorailu adimenduna garatzeko proiektua azaldu du. Egitasmoak aukera emango luke horrelako gailuen gaur egungo eta etorkizuneko erabiltzaileek –haur eta gazteak, neurri handi batean– teknologia hori euskaraz erabili ahal izateko. Horretarako, Mycroft AI software libreko bozgorailu adimenduna euskaraz ulertu eta hitz egiteko egokituko du Elhuyarrek, Talaios eta Skurarekin elkarlanean. Software librea izanik, gauzak gehitu eta aldatzea posible da, beraz, euskaraz egiteko gaitasuna gehituko diote. Tresnak eskatzen dituen hizketaren ezagutza eta sintesia lortzeko, Elhuyar Fundazioak euskarari aplikatutako daukan hizkuntza teknologiaz baliatuko da. Azkenik, hizketaren ezagutza eta sintesia hobetzeko, Adimen artifiziala eta Deep Learning deritzon teknologia erabiliko dute.

 

Bestalde, Gaia Klusterrak Gizatech proiektua ezagutarazi du. Cristina Murillok azaldu duenez, proiektu hau oraingo krisi egoerak lan egiteko eta funtzionatzeko eskatzen dituen modu berriei erantzun bat ematen saiatzen da. Adimen artifiziala, Big Data eta Maching-Learning eremuen oinarriak ezarri nahi ditu lurraldeko merkatu eta behar sozialei erantzuteko berrikuntza sozial eta teknologia bidez. Landuko den metodologia praktikoa, hausnarketara gonbidatzen duena eta esperimentala izango da, errealitate zehatzetara egokitzeko. Proiektuaren garapenean agente ezberdinek hartuko dute parte, teknologian adituak direnak, ikasleak, erakunde publikoko langileak, profesionalak, eta abar.

         

 

DIRUZ LAGUNDUTAKO HERRITARREN PROIEKTUAK

 

Sustatzailea

Egitasmoa

 

Isea, S. Coop.

Belaunaldi arteko Pasaia

 

Aurrerantz, S. Coop.

 

Begirada Adia: bakardadearekin proaktiboak diren komunitateak

 

Huhezi Koop.

Parte hartze kultura eta garapen komunitarioa sustatzen eskola eta herria denontzako izan daitezen

 

Aztiker Koop.

Gipuzkoako tokiko instituzio eta erakundeentzako maila anitzeko gobernantza integral, ireki eta lankidetzazko ereduan trebatzeko ikerketa prozesua eta ikus-entzunezko unitate didaktikoa

 

Impact Hub Donsotia

 

Land-U

Euskal Kulturgileen Kidego Ekki Federazioa

 

EKKIn plataforma, egile eskubideen kudeaketaren gardentasuna eta automatizazioa

Matia Fundazioa –Ingema

 

Etxean Bizi – Pasaia.

 

Aptes Asoc.

 

Gizakude+

Emun Koop. E.

ZUAZ! - Debagoieneko nerabe eta gazteen inklusioa kulturartekotasunetik sustatzeko egitasmo esperimentala

 

Mendoza Perez, Julen

GO-KOOP., Goierrirako gobernantza kooperatiborako proposamena

 

Hiritik At Koop.

 

Zaintza ekosistema publiko-komunitarioak indartzen

Elhuyar Fundazioa

 

Mycroft.eus bozgorailu adimenduna

Gaia klusterra

 

Gizatech

Langune Hizkuntz Industrien Elkartea

 

Euskaratik abiatutako hizkuntza kudeaketa eleaniztun baterako zerbitzu berritzaile eta esperimental baten sorkuntza

Deustuko Unibertsitatea

 

“Bizilagun, bizipoza”: Etorkizunerako sareak eraikiz

EKAI Center Fundazioa

Urola Erdia eta Urola Garaiko landa-eremua balioztatu: eraldaketa, kontsumo zirkularra eta digitalizazioa oinarri izanik

 

Tabakalera

 

Hau Egia Da!