Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Etorkizuna Eraikizek 46,1 milioiko aurrekontua izango du 2022an, proiektu estrategikoentzako urte erabakigarrian

Etorkizuna Eraikizek 46,1 milioiko aurrekontua izango du 2022an, proiektu estrategikoentzako urte erabakigarrian

Lurraldearen geroa lankidetzan jorratzea helburu duen egitasmoak 120 lagun baino gehiago elkartu ditu gaur Loiolan (Azpeitia) egiten ari den batzarrean.

Etorkizuna Eraikizek 46,1 milioi euroko aurrekontua izango du 2022an, Aldundiak aurkeztu berri duen aurrekontu orokorren proiektuak erakusten duenez. Horrela, foru erakundeak elkarlaneko gobernantza bultzatzeko eta lurraldearen etorkizuna eraikitzeko abian jarritako egitasmoak zuzkidura indartsu bat izango du bere ibilbidean funtsezkoa den urte bati aurre egiteko. Izan ere, ekimenaren baitan bultzatzen ari diren proiektu estrategikoak azken fasean sartuko baitira 2022an, Adinberri eta MUBILen behin betiko egoitzen obrak abian jarrita. Etorkizuna Eraikizek bere plenarioa edo osoko bilkura elkartu du gaur, proiektuan parte hartzen duten eragile nagusiak biltzen dituen organoa, 2021eko balantzea egiteko eta hurrengo urteko jarduera-ildo nagusiak zehazten hasteko.

          Saioa Loiolako Santutegiko Espiritualitate Zentroan egin dute, Azpeitian, eta bertan 120 pertsona inguruk parte hartu dute, horien artean foru gobernuko kideek, Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia buru zutelarik. Bertan izan dira, baita ere, foru-zuzendariak eta proiektu estrategikoak kudeatzeaz arduratzen diren fundazioetako zuzendariak, Etorkizuna Eraikizen parte hartzen duten unibertsitateetako ordezkariak eta lurraldeko beste eragile ekonomiko eta sozial batzuetako ordezkariak. Foru programak 8 proiektu estrategiko ditu martxan gaur egun, 26 proiektu esperimental eta herritarren 97 proiektu bultzatu ditu dagoeneko, think tank indartsua osatu du –non erreferentzialtasun handiko 90 pertsonak parte hartzen duten– eta dagoeneko 27.000 pertsonak eta 700 eragile ekonomiko eta sozialetik baino gehiagok hartu dute parte bost urteko ibilbidean zehar.

          Diputatu nagusiak, bere hitzaldian, oso modu positiboan baloratu du 2021ean egindako lana, eta azaldu du 2022. urtea “funtsezkoa” izango dela Etorkizuna Eraikizen ibilbidean, erreferentziazko zentro guztien “behin betiko abiaraztea” ekarriko baitu. "Jauzi kualitatibo garrantzitsua egingo dugu eta gure lurraldearen etorkizuneko ekonomiaren eta gizartearen oinarriak ezarriko ditugu. Etorkizuna Eraikizen eraldatzeko ahalmena maximizatzeko unea da”, nabarmendu du. Olanok gogorarazi du Gipuzkoa eta mundua pandemia-egoeratik ateratzen ari direla, eta, beraz, Gipuzkoarentzat “etorkizun sozial, berde eta lehiakorra eraikitzeko apustua areagotzeko unea” dela, “susperraldia pertsona guztiengana eta sektore ekonomiko guztiengana” irits dadin, eta “klima-aldaketaren aurkako borrokan aurrera” egin dezagun.

          Foru Aldundiko arduradun nagusiak azpimarratu duenez, garrantzitsua da Etorkizuna Eraikiz, suspertze-prozesu horretan, eragile aktibo izatea; izan ere, bere ustez, lankidetzako gobernantzak funtsezko zeregina izan behar du krisia gainditzeko garaian, bereziki gizarte desberdintasunen igoera saihesteko garaian. “Foru egitasmo hau 2016an hasi zen eta, beraz, bost urte baino gehiago daramatzagu lanean Gipuzkoako gizartearekin batera, lurraldeak dituen etorkizuneko desafioei irtenbideak bilatu asmoz. Orain, pandemia osteko eszenatokian, esperimentazioan eta berrikuntzan oinarritutako lan-eredu honek, eta elkarlanean jarduteak, egiteko nagusi bat izango du aurkezten zaizkigun erronka berriei aurre egiteko orduan. Abiapuntua ona da; izan ere, Etorkizuna Eraikizi esker, balio handiko esperientzia du Gipuzkoak lankidetzazko gobernantzaren eremuan”, adierazi du.

 

Aurrerapausoak eta hobekuntza esparruak

Ekitaldi honetan egindako lanaren balantzea egiterakoan, osoko bilkurak aurrerapausoak eta hobekuntza esparruak identifikatzeko balio izan du. Indarguneen artean, Gipuzkoarako garrantzi handia duten estrategien inguruan ekosistemak eratzea azpimarratzen da, hala nola think tank-a, proiektu estrategikoak edo Deep Demonstration prozesua. Azken hori, esate baterako, elkarlanean ari dira garatzen Etorkizuna Eraikiz eta Climate Kic, klima aldaketa geldiarazteko Europak abian jarritako dinamika nagusietako bat. Adinberriren inguruan, bestalde, Etorkizuna Eraikizen espazio desberdinen arteko loturak indartzen ari dira (think tank, erreferentziazko zentroa, proiektu esperimentalak). Era berean, egiaztatu da lankidetzazko gobernantza Etorkizuna Eraikiz eta, hedaduraz, Gipuzkoako Foru Aldundia identifikatzeko marka bereizgarri bihurtzen ari dela. Era berean, nabarmentzekoa da proiektua udal esparrura zabaldu dela, Udal Etorkizuna Eraikiz martxan jarri.

          Gerora begira jarrita, berriz, Etorkizuna Eraikiz proiektuak funtsezko eragileen (unibertsitateak, beste erakunde batzuk...) arteko integrazio handiagoaren aldeko apustua egin du, eta herritarrekin lotura handiagoa lortzea jarri du erronkatzat. Era berean, esperimentazioaren esparruan ahaleginak areagotzeko asmoa dute, nazioarteko esperientziekin konektatuz eta eragile gehiago sartuz Gipuzkoaren etorkizuna eraikitzeko ariketa partekatu honetan, saiakuntza-akatsa dinamiken eta berrikuntzaren bidez. “Beharrezkoa da Etorkizuna Eraikizek politika eta agenda publikoa eraldatzeko proposatzen dituen prozedurak modu kolektiboan ulertu, onartu, gauzatu eta legitimatzea. Horretarako, besteak beste, beharrezkoa da lidergo eta konbentzimendu politiko argia izatea”, Olanok azpimarratu duenez.

          Edukiei dagokienez, egindako azterketak egiaztatzen du ezinbestekoa dela apustu berdea eta digitala modu transbertsalean kokatzea proiektu guztietan, eta, aldi berean, garrantzia berezia ematea proiektu guztiek bere baitan eduki behar duten gizartea eraldatzeko jomugari. Gaurko osoko bilkuran eztabaidatutako ideiak eta planteamenduak Etorkizuna Eraikizen 2022rako Kudeaketa Planaren oinarri izango dira. Plan hori datozen asteetan landuko da.

 

Aurrez ikustearen garrantzia

Asensiok, bere aldetik, azaldu du duela 6 urte agerikoa zela ziurtasunaren aroa amaitzear zegoela, “baina jada Etorkizuna Eraikiz izeneko tresna berritzailea lantzen genbiltzan”. “Etorkizuna ezin dugu aurre ikusi, baina egun ditugun joerak eta ardurak, zahartze demografikoa, ingurumenarekiko errespetua, digitalizazioa, jasangarritasuna, desberdintasunaren murrizketa,  aurrez ikusteko aukera izan dugu, eta era berean kalitatezko enplegua eta aberastasuna sortzeko gai den ekonomia sortzea”, aldeztu du. Gehitu duenez, “zentro estrategikoak martxan jartzeko, eta programak arintzeko garaia da, hauekin bidezko trantsizio, berde eta sozial baten alde lan egin beharra dugu, non pertsonek parte hartu, eta bere egungo eta etorkizuneko ongizatearekin identifikatuko diren”.

  

2151