Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Etorkizuna Eraikizek ibilbide berria hasi du Gipuzkoan "demokrazia sendotzeko" bidean jauzi bat emateko

Etorkizuna Eraikizek ibilbide berria hasi du Gipuzkoan "demokrazia sendotzeko" bidean jauzi bat emateko

Berrikuntza politikoa eta gobernantza kolaboratiboa indartzeko legealdi honetako estrategia aurkeztu du Eider Mendoza diputatu nagusiak "Erakundeen eta gizartearen arteko lankidetza indartuko dugu, proiektu berritzaile berriak sortzeko", adierazi du diputatu nagusiak

Gipuzkoako Foru Aldundia

Eider Mendoza diputatu nagusiak gaur goizean aurkeztu ditu Etorkizuna Eraikiz Gipuzkoako berrikuntza politikoa eta gobernantza kolaboratiboa indartzeko estrategiaren oinarriak. Helburua izango da erakundeen eta gizartearen arteko lankidetzan "jauzi bat" egitea eta lurraldeak dituen erronka sozial, ekonomiko eta ingurumenekoei lankidetzan erantzutea. "Lankidetzarako bideak indartuko ditugu, proiektu berritzaile berriak sortzeko, entzuteko eta elkarrekin eztabaidatzeko espazioak garatzeko, eta, azken batean, gipuzkoarren ongizate integrala ikuspegi askotatik defendatzen eta garatzen lagunduko diguten politika publikoak lantzeko eta adosteko", adierazi du.

Azken bi legegintzaldietan Etorkizuna Eraikizen inguruan sortu den komunitateko kide diren lurraldeko arloa sozial, ekonomiko eta akademikoko 100 bat ordezkarirekin egindako topaketan, diputatu nagusiak berretsi du "lankidetzan ez aritzea” ez dela aukera bat, are gutxiago aurrean ditugun “eraldaketa eta ziurgabetasun garai hauetan". Azpimarratu duenez, "demokrazia eta bizikidetza ahuldu nahi duten eta Europan hain presente dauden joeren aurrean, “Gipuzkoak lankidetzan oinarritutako demokrazia indartzeko jauzi baten aldeko apustua egiten du, erakundeen arteko lankidetza bideak indartuz lurraldeko gizarte eta ekonomia sare sendoarekin", horrela, sustatzen jarraitzeko gipuzkoar gizartearen "indar komunitarioa" eta "politika publiko berritzaileak eta eraginkorrak eraikitzeko" beharrezkoak diren lankidetza espazioak.

"Aldundiak helburutzat hartu du ongizate integraleko indizerik handiena duten lurraldeetako bat izatea Europan, pertsona guztiek aukerak izan ditzaten, edonork bere bizitza proiektua garatu ahal izan dezan Gipuzkoan berdintasunez, modu orekatuan eta bidezkoan", adierazi du Mendozak. Eta, horretarako, adierazi duenez, beharrezkoa da "ekonomia lehiakor, berritzaile eta jasangarri" baten aldeko apustua egiten jarraitzea, baita "zaintza eredu berritzailean” sakontzea eta pertsona guztien "bizi oreka eta osasuna" bultzatzea ere, herritar zaurgarrienen babesean modu berezian eraginez. Eta hori, gaur egun, kontuan izanda bizi ditugun "sakoneko” eraldaketa sozial, teknologiko eta ingurumenekoak, "maila guztietako lankidetzatik soilik lor daiteke".

Diputatu nagusiak adierazi duenez, Gipuzkoak azken urteotan asmatu egin du Etorkizuna Eraikiz abian jarrita. Europako “lankidetza komunitario eta politikoko esperientzia” garrantzitsuenetako bat da, EBko erakundeen aintzatespena jaso du eta, batez ere, politika publiko aitzindariak sortzea ahalbidetu du, lehiakortasun ekonomikoaren, gizarte-politiken eta hizkuntza-berdintasunaren ikuspegitik, besteak beste. Azpimarratu duenez, hori ez du Aldundiak bakarrik lortu, azken urteotan abian jarritako programetan eta ekimenetan parte hartu duten “pertsona guztien lorpena” baita.

"Horregatik, legegintzaldi honetan jauzi kualitatibo bat egingo dugu gobernantza kolaboratiboan, lankidetzarako kanal zabal eta partekatu hau indartuz. Etorkizuna Eraikiz estrategia esparru estrategikoa da Aldundiarentzat”, nabarmendu du diputatu nagusia. Hori egiteko, lehenik eta behin, Etorkizuna Eraikiz programaren prozesuak “modu sakonean” txertatuko dira Aldundiaren beraren kudeaketan; bigarrenik, gobernantza kolaboratiboa eta berrikuntza politikoa indartuko dira lurraldeko maila guztietan; eta, hirugarrenik, Etorkizuna Eraikiz ekimenak gobernantza kolaboratiboaren eta agenda publikoaren baitan I+G+b estrategia gisa duen zeregina indartuko da.

Ildo horretan, diputatu nagusiak animatu ditu ekosistema horretan inplikatutako eragile eta pertsona guztiak lankidetzarekin duten konpromisoa manten dezaten datozen hilabeteetan eta are berritzaileagoak izan daitezen etapa berri honetan.

Proiektu traktore berriak

Gaurko jardunaldian, Etorkizuna Eraikiz estrategiaren legegintzaldi honetarako oinarriak eztabaidatu eta partekatu dira, eta honako hauek parte hartu dute, besteak beste: Sebas Zurutuza, Aldundiko estrategiako zuzendaria; Ion Muñoa, Estrategiako kabineteburua; Geert Bouckaert (Lovainako Unibertsitatea), Maria Jose Canel (Madrilgo Unibertsitate Konplutensea) eta Xabier Barandiaran (Deustuko Unibertsitatea) akademikoak. Era berean, bertan izan dira lurraldeko elkarte, unibertsitate eta enpresetako ehun ordezkari inguru.

Foru arduradunek topaketan zehaztu dituzten berrikuntzen artean, jakinarazi dute Etorkizuna Eraikizen baitan proiektu traktore berriak zehaztu eta diseinatzeko lan egingo dutela datozen hilabeteetan. Proiektu horiek datorren urtetik aurrera garatuko dira, eta berrikuntzan eta lankidetzan oinarritutako erantzuna emango diete sortzen ari diren gizarte eta ekonomia erronkei. Horiek, beraz, ezarritako edo orain arte ezartzeko bidean dauden erreferentziazko hamaika zentro eta estrategiei gehituko zaizkie

Era berean, Etorkizuna Eraikizek proiektu esperimental berriak identifikatuko ditu, ekimen pilotuen bidez ezarriko direnak, eta herritarren proiektu berriak babestuko ditu, aurrerantzean ere. Era berean, Think Tank bat antolatuko dute, Gipuzkoako gizartearen erronkei buruzko deliberazio eta eztabaida sakona ahalbidetzeko eta Lurralde Garapeneko Laborategia garatzen jarraituko da, besteak beste.

Orain arte, 2016az geroztik, Etorkizuna Eraikiz erreferentziazko hamaika proiektu eta estrategiatan gauzatu da (MUBIL, Adinberri, Naturklima, Ziur, Arantzazulab, Badalab, 2deo, LABe, Elkar-Ekin Lanean, Quantum eta Gantt), eta balio izan du aktibatzeko 49 proiektu esperimental, bi misio, eta herritarren 150 proiektu, nahiz 'think tank' indartsu bat, non erreferentziazko 97 pertsonak parte hartu duten. Era berean, 1.529 enpresa, elkarte, jakintza-eragile eta erakunde sozial eta ekonomiko baino gehiagoren parte-hartzea izan du, eta ibilbide osoan ia 69.000 pertsonara iritsi da. Legegintzaldi honetan, estrategiarekin lotutako ekimenetan maila desberdinetan parte hartzen duten 100.000 pertsonarengana iristea izango du xede Etorkizuna Eraikiz estrategiak.

  

1894