Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Etorkizuna Eraikizi lotutako proiektu estrategikoak aurkeztuko ditu bihar Foru Aldundiak

Etorkizuna Eraikizi lotutako proiektu estrategikoak aurkeztuko ditu bihar Foru Aldundiak

Gipuzkoako agenda politiko berriaren hasiera irudikatuko du Albaola itsas faktorian egingo den Gobernu Kontseiluak

2017/09/18

Etorkizuna Eraikiz dinamikaren barruan jasotako proiektu estrategikoak onartu eta aurkeztuko ditu bihar, asteartean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gobernu Kontseiluak. Horien bitartez, lurraldearen etorkizuneko erronka nagusiei erantzungo dien agenda politiko berria aktibatuko du foru erakundeak. Pasaiako Albala Itsas faktorian egingo den bilkuran, Kontseiluak oniritzia emango dio berebiziko garrantzia duten hainbat sektoretan proiektu estrategikoak garatzea aurreikusten duen estrategia integralari, hala nola zibersegurtasunean, edota adinekoen arretan. Esperimentazioari lotutako ekimen berritzaileak ere jasotzen ditu, mendekotasuna dutenen arretari, edota euskarazko ikusentzunezko edukien sorkuntzari lotutakoak, adibidez. Era berean, Gipuzkoaren garapen ekonomiko eta sozialerako giltzarri diren ekimen horiek martxan jartzeko, aurreikusten diren aurrekontu atalak onartuko ditu Kontseiluak.

Imanol Lasa foru bozeramaileak aurreratu duenez, biharko eguna “mugarri” izango da legealdi honen bilakaeran. “Baziren lurralde bezala aurrera egiteko eta hobetzeko oztopo argia ziren hainbat arazo eta proiektu. Lehen bi urteetan horiek konpontze bidean jarri ditugu, eta orain fase berri batean sartzen gara bete-betean. Gipuzkoa eraikitzen hastera goaz, elkarte, enpresa eta unibertsitateekin elkarlanean, eta esperimentazio praktikoaren bidez. Oinarri horiekin, gure gizartea eraldaketzeko gaitasun handia duten proiektuak onartuko ditugu bihar, Europan desberdintasun gutxien duen lurraldea izateko ametsean aurrerapausoak ekarriko dituztenak”.   

2016an zehar, Etorkizuna Eraikiz dinamikaren baitan, Foru Aldundiak hausnarketa prozesua bideratu zuen lurraldeko gizarte eta ekonomia eragileekin elkarlanean, Gipuzkoaren erronka eta gizartearen kezka nagusiak identifikatzeko asmoarekin: “Bihartik aurrera, berriz, ziklo berri batean sartuko gara, proiektu zehatzak edukiko baititugu mahai gainean dauzkagun erronka horiei aurre egiteko, eta baita proiektuak gauzatzeko baliabideak ere. Asmo handiko eta arnas luzeko apustua da”, argitu du Lasak. 

Azpimarratu duenez, Etorkizuna Eraikizek “politika egiteko modu berri bat” ezartzen du, “gelditzeko iritsi dena”, eta gizartearen barruan “ikusmin handia” piztu duena. “Gizarte bezala ditugun erronkak denon artean aztertzeaz, erabakitzeaz eta gauzatzeaz ari gara. Mamitzea nola egin nahi dugun lan, nolako zahartzaroa edukiko dugun, nolakoa izango den gure eguneroko bizimodua eta elkarbizitza”. Adibidez, gogorarazi du 4.500 pertsona baino gehiago parte hartzen ari direla dagoeneko “hainbat enpresetan kontziliazioa eta langileen partaidetza bultzatzeko martxan jarri ditugun proiektu pilotuetan”.

 

  

1184