Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Etorkizunaren inguruko proposamenak landu dituzte Ekintzako ikasleek

Etorkizunaren inguruko proposamenak landu dituzte Ekintzako ikasleek

Lan saioa egin dute gaur Foru Aldundia Unicefekin garatzen ari den ‘Haurren Erabakia’ proiektuaren barruan

2018/04/13
Foto Etorkizunaren inguruko...

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Unicef Euskadik ‘Haurren Erabakia’ proiektua abiarazi zuten haurren eta nerabeen parte hartzea sustatzeko eta horien iritzi, ekarpen eta proposamenak politika publikoen diseinuan txertatzeko.  Gauzak horrela, parte hartze prozesu honetan gazteek hiri mailako zein lurralde mailako lanketa egiten ari dira. Lehen kasuan, hiriaren inguruko hausnarketa egiten dute. Gipuzkoa mailan, aldiz, etorkizuneko erronkei heltzen diete, ondoren, Foru Aldundiaren aurrekontu irekietan parte hartu eta proposamenak eta ekarpenak egiteko. “Modu honetara, politika publikoen diseinuan haur eta nerabeen parte hartze eskubidea bermatu nahi dugu”, azaldu du Imanol Lasa Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak.

Gaur, Donostiako Ekintza ikastolaren txanda izan da. Urtarrilaren 29an eta 31n Lehen Hezkuntzako 5. mailako ikasleek hiri mailako azterketari ekin zioten. Beren adinari lotutako arduretatik abiatuta eta beren beharrak eta nahiak kontuan hartuta hiriaren hainbat aspektu landu zituzten: dimentsioa, auzoak, leku desberdinak eta horiei ematen zaien erabilera… Horrela, haurrek beren ingurua nola bizitzen duten ezagutzeko aukera izan zen. Hausnarketa horren baitan, haurrak jabetu ziren zer esana badutela eta, horren haritik, hiriaren hobekuntzarako proposamen ezberdinak landu zituzten. Aipatu saioetan lan metodologia parte hartzailea eta dinamikoa erabili zen, haurrengan sormena eta hausnarketa sustatzeko helburuarekin. 

Jon Insausti Donostiako Udaleko zinegotziak proposamen horiek guztiak jaso ditu, eta Eneko Goia alkateari helarazteko konpromisoa hartu du gaztetxoen aurrean, proiektu eta aurrekontuetan aintzat har ditzan. Ondoren, Foru Aldundia etorkizuneko erronkei aurre egiteko, hainbat eragilerekin elkarlanean egiten ari den lanaren berri eman die gaztetxoei Imanol Lasak, eta beraien kezkak, ideiak eta proposamenak agertzera gonbidatu ditu. Horretarako eskualde mailako tailerra egin dute gero haurrek, garraioa, aisialdia edo adinekoen arreta bezalako gaiak hizpide izan dituztelarik.

Haur parte-hartzaileak jakitun dira egindako proposamen eta eskaera guztiak ez direla Gipuzkoako Foru Aldundiaren edo Donostiako Udalaren eskumenekoak. Halere, beraientzat garrantzitsuak diren esparruetan parte hartzeko eta beraien iritzia emateko nahia azpimarratu dute, batik bat, hezkuntza eta aisialdiari lotutakoak.

Lanketa eta proposamen aberasgarriak

Urtarrilean hiri mailan egindako tailerretan, besteak beste, zortzi gai garrantzitsu jorratu eta azpimarratu zituzten Ekintza Ikastolako ikasleek eta horien gaineko proposamen zehatzak ere egin zituzten.

Adibidez, Ikastolaren inguruari dagokionez bi gai landu ziren. Alde batetik, Ikastolara iristeko aldaparen hasieran dagoen zebra-bidearen inguruan jardun zuten. Batzuk hori aldatzearen alde zeuden oinezkoentzat arriskutsua izan daitekeelako eta besteek, ordea, zebra-bidea bere horretan mantentzearen alde egin zuten, kotxeen erraztasunerako horrela eginda dagoela ulertzen baitzuten. Bestalde, Ikastola atzeko maldan zeuden zuhaitzak moztu ziren eta haurrak berriak landatzeko boluntario aurkeztu ziren.

Julio Caro Baroja Plazari lotuta, bertan antolatzen diren feriak denbora gehiago egotea eta merkeagoak izatea proposatu zuten. Izan ere, Plazan aisialdi eskaintza urria dagoela aldarrikatu zuten.

Hondartzen egoera hobetze aldera, ikasleek ezinbestekoa ikusi zuten sortzen den zaborraren kontrola egitea eta hiritarrak jabetzea horren ardura dutela. Gainera, udako toldoen egutegia luzatzea eta parkeak berritzean beren iritzia kontuan hartzea gustatuko litzaieke. Esaterako, Ondarretan dagoen parkea hobetzeko tirolina batzuk jartzea proposatu zuten, besteak beste.

Aquariumari lotuta, animaliak askatzea proposatu zuten. Haurrak kontziente dira animalia batzuk bere habitatetik kanpo ezingo dutela biziraun, baina giltzapetuta ez dituzte ondo ikusten. Egindako proposamena izan zen animaliak gugana ekarri beharrean gu hurbiltzea haiengana “urpekari” moduko itsasontzi bat erabilita.

Animaliak alde batera utzi gabe, Cristina Enea parkean animalia gehiago egotea proposatu zuten. Horiek zaintzeko ardura haurrek hartuko lukete (jaten eman, garbitu, txukundu…), izan ere, animalia desberdinekin harremana izatea gustatuko litzaieke.

Tabakaleraren inguruan, umeentzako filmak eta erakusketak eskaintzea eskatu zuten. Haur batzuk aipatu zuten ikusi izan dutela euren adinekoentzat prestatutako egitaraua, baina aniztasun handiagoa gustatuko litzaiekela aldarrikatu zuten.

Anoeta leku gatazkatsutzat jotzen dute askok eta baketsuagoa bilakatzea gustatuko litzaieke. Horretarako, ultrei sarrera debekatzea eta segurtasun neurriak hobetzea proposatu zuten.

Amaitzeko, Igeldoko atrakzio parkeari dagokionez, parkea hobetzea proposatu zuten, batez ere, dauden jolasak txukunduz eta berriak eraikiz. Horrela, aisialdi eskaintzaren aniztasuna eta kalitatea hobetzeko.
  

141