Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Etorkizuneko desioen mapa osatzeko gonbitea

Etorkizuneko desioen mapa osatzeko gonbitea

Gerora begira gipuzkoarrek dituzten nahiak eta testigantzak jasotzeko ekintza parte-hartzailea martxan egongo da gabonetan Gipuzkoa Plazan.

Gipuzkoarrok 2022ra eta, oro har, gerora begira ditugun desioak eta nahiak adierazteko ekintza parte-hartzailea abiarazi du Foru Aldundiak. Gaurtik hasi eta urtarrilaren 5era arte, Gipuzkoa Plazatik igarotzen diren herritarrek beren ahotsa eta testigantza adierazi ahalko dute, horrela, etorkizuneko desioen mapa osatuz eta guztion artean eraiki nahi dugun lurraldea nolakoa izatea nahi dugun irudikatuz. Gipuzkoa argitu zure ahotsaz lemapean, desio horiek argi eta kolore bilakatzeaz gain, gainontzeko gipuzkoarrekin partekatuko dira plazan jarritako pantaila baten bitartez.

           “Azken urtebete hau ere gogorra ari da izaten gizarte osorako. Etorkizunari itxaropenez begiratu nahi diogu. Urte berriari ere elkarlanean eta elkartasunez ekiten badiogu, lortuko dugu aurrera ateratzea”, adierazi du Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, ekintza parte-hartzaile honen aurkezpenean. Bere esanetan, garrantzitsua da Gipuzkoaren geroa eraikitzeko “ariketa kolektiboan” herritar orok parte hartu eta bere ekarpena egitea. “Etorkizuneko desioen mapak ahalegin hori irudikatzen du. Gizartearen kezka eta beharrei entzutera bideratutako ekintza positibo eta eraikitzaile bat da”, azaldu du Olanok.

          Diputatu nagusiak gogorarazi duenez, etorkizuneko desafioei lankidetzazko gobernantzaren bidez heldu asmoz, Etorkizuna Eraikiz programa martxan dauka Gipuzkoako Foru Aldundiak. “Azken bi urte hauetako bizipenek ere arrasto sakona utzi dute gure lurraldean eta oso garrantzitsua iruditzen zaigu une honetan gipuzkoarren ideiak, nahiak eta desioak jasotzea, zeinak kontuan izango ditugun gure ekintza eta jardunean. Izan ere, Etorkizuna Eraikiz, besteak beste, herritarren ekarpenak jasotzeko tresna da, lurralde justu, berdinzale eta aurreratu bat eraikitzeko helburu konpartituan”, gehitu du diputatu nagusiak.

Ahots antzemate sistema bidez

Parte hartzen duen herritar bakoitzaren mezua, ahots antzemate sistema bidez jasoko da eta Gipuzkoa plazan kokatutako pantaila bat argiztatzea eragingo du.  Ekarpenok jasotzeko bi puntu kokatu dira, bata euskaraz eta bestea erdaraz. Bakoitzak bere mezua adierazteko, nahikoa izango da puntu horietako batera gerturatu –aktibazio sistema baten bitartez grabaketa piztuko da– eta ahotsezko testigantza bertan uztea.

          Horrela, gipuzkoarren ahotsak pantailan ikusi ahalko den hitz-kolore mapan isladatuko dira. Egun bakoitzaren amaieran edukien errealizazioa egingo da eta laburpen gisa proiektatuko da pantailan.

          Herritarrak parte hartzera animatzeko, ekintzak irauten duen bitartean aurpegi ezagunak gerturatuko dira Gipuzkoa Plazara beren ekarpena egitera. Dagoeneko konfirmatu dute bertan izango direla Bera-Bera eskubaloi taldeko jokalariek, Atzegiko kideek, ETBko hainbat aurkezle eta kolaboratzailek, Bizikletan adinik ez elkarteko lagunek, Tilin Talan haurreskolak eta Gure Zirkuko protagonistek, besteak beste.

          Gipuzkoarron nahien mapa osatzen parte hartu nahi duenak abenduaren 23tik urtarrilaren 5era egin ahalko du. Ordutegia 12:00etatik 20:00etara artekoa izango da. Salbuespen modura, abenduaren 25ean, Eguberri egunez, eta urtarrilaren 1ean, Urteberri egunez, mikrofonoak ez dira martxan egongo.

  

1529